Gaizka Izagirre
Zinema eta telesail kritikaria

«True crime»-tik fikziora: inspirazio iturri agorrezina

Dokumental formatuan benetan gertatu diren krimenak aztertzeari «true crime» (benetako krimenak) esaten zaio. Azken urteotan, azpigenero horren gorakada nabarmena izan den arren, istorio horiek ardatz hartuz sortzen diren fikzioei jarri nahi diet arreta.

Nabarmen egin dute gora azken urteetan «True Crime» motako telesailek.
Nabarmen egin dute gora azken urteetan «True Crime» motako telesailek. (NETFLIX)

2015. urtera arte batez beste hiruzpalau true crime estreinatzen ziren urtean. 2016an 15era igo zen kopurua, eta 2022an, aldiz, ia 70 estreinatu ziren.

Zergatik gorakada hau? Zaila da zehaztasunez jakitea, baina ziur nago bi dokumentalek zerikusi handia izan zutela: “Making a Murderer” eta “The Jinx”. Biak 2015. urtean estreinatu ziren, eta ordura arte era honetako dokumentalek izan ez zuten arrakasta, kritikarien adostasuna eta oihartzun mediatikoa lortu zuten, sare sozialak ia sutan jartzeraino. Plataforma digitaleko ikustaldiak ere itzelak izan ziren eta biak ala biak mugarri izan ziren genero zirraragarri honetan. Etekinak eta harpidetzak bereganatzeko helburuz, geroztik horien ekoizpen kopurua nabarmen igo da, Netflixen bereziki. Horren erruz eduki kaskar ugari ere estreinatu da eta kosta egiten da ganorazko lanak topatzea. Hori bai, hainbeste dokumental sortu dira, ezen fikziozko gidoiak idazterako orduan inspirazio iturri itzel bihurtu diren.

A Friend of the Family

SKYSHOWTIME

“Abducted in Plain Sight” dokumental harrigarrian azaltzen dena fikziora pasatzea zaila zirudien arren, lan txukuna osatu dutela iruditzen zait. Broberg familiaren istorio bizarro eta beldurgarri honek 12 urteko alabaren eta bizilagunaren artean gertatutakoa azaltzen du. Benetako kasu batean oinarritzen dela jakingo ez bagenu, inolako zentzurik ez duen gidoia osatu dutela pentsatuko genuke, baina zoritxarrez hau guztia gertatu egin zen, ez sinesteko modukoa.

Seriearen erritmoak eta istorioak pixkanaka egiten dute aurrera, eta horri esker, garapena oso ongi egituratua dagoela uste dut. Su motelean kozinatzen den egitura horri esker, espazioak eta pertsonaiak oso ongi kokatzen dira eta era honetako abusuak egun batetik bestera gertatzen ez direla erakusten du.

Jake Lacy aktorearen lana bereziki nabarmena iruditzen zait, ezinbesteko garapen horretan guztian.

Love & Death

HBO

Jatorrizko istorioaren moldaketa David E. Kelleyk (“Big Little Lies”) egin izana nahikoa berme iruditzen zait telesaila ikusten hasteko. Aktore protagonisten artean, gainera, Elizabeth Olsen eta Jesse Plemons izanda, zer esanik ez. 80ko hamarkadan girotua, bi bikoteren benetako istorioa kontatzen du: Montgomerytarrak (Candy eta Pat) eta Goretarrak (Betty eta Allan). Texasko herri txiki batean bizi dira eta itxuraz, behintzat, lagun onak dira. Senar-emazteen arteko desleialtasun batek, ordea, eztanda eragingo du. Zazpi ataleko miniseriea da, bi zati nahiko nabarmenetan banatua. Lehen hiru kapituluetan, pertsonaiak aurkeztu eta affair horren nondik norakoak azaltzen dira. Laugarrenak krimena azaltzen du eta azken hirurek gertatutakoa, izandako ondorio emozionalak eta gertaeraren ondorengo epaiketa erakusten ditu.

Spoilerra izan gabe ezinezkoa egiten zait hainbat xehetasun azaltzea; beraz, ez naiz gehiegi luzatuko. Seriearen estilo bisualak eta, batez ere, tonuak David E. Kelleyren beste ekoizpen batzuk gogorarazi dizkidate; “Big Little Lies” bera, esaterako. Izan ere, alde batetik, AEBetako gizartearen handikeria eta elkarrekiko itxurakeriak eta faltsukeriak erakusten dituelako, tonu ironiko eta umoretsu baten bidez. Eta bestetik, hori guztia suspense generoaren iluntasunarekin uztartzen duelako. Hasieratik antzematen dugu perfekzio horren ostean zerbait iluna iritsiko dela.

The Jeffrey Dahmer Story

NETFLIX

Milwaukeeko munstroaren istorioa azaltzen duen telesail iluna eta deserosoa. AEBetan, 1978-1991 artean, Jeffrey Dahmer izeneko serie-hiltzaileak burututako hilketa beldurgarriak ardatz dituena. Gaizkia pertsonaien bidez erretratatzea lan liluragarria iruditu zait beti. Ikusle modura, benetan existitu den (ala ez den) pertsonaia ilun eta beldurgarri baten garapenaren testigu izatea itzela iruditzen zait, baina baita arriskutsua eta oso zaila ere. Hamar ataletan horrelako munstro batekin enpatia sentituz gero, eremu oso ilunetan sartzeko aukera egongo litzateke zuzendarien aldetik eta moralki zalantzagarria izango litzateke trataera hori. Aldiz, lehen segundotik pertsonaia hori nazkagarria eta jasanezina egiten bazaigu, ez ditugu bi atal ere iraungo telesaila ikusten. Ryan Murphyren abileziarik handiena justu erdibidean kokatu izana da; hau da, pertsona mespretxagarri, ilun eta oso krudela dela une oro erakusten duen arren, bere gizatasunaren zertzelada txiki batzuk ere erakusten dizkigu -aitarekin duen erlazioa, garai hartan homosexuala izateak zer suposatzen zuen, jasan zuen bakardakea…- , eta bien arteko konbinazioari esker sortzen den enpatia (oso-oso) txikiaz lagunduta guztiz eramangarria egiten du telesail osoa.

Nabarmentzeko beste alderdi bat biktimei ahotsa eman izana da. Izan ere, era honetako true crime askotan normalean hiltzailearengan zentratzen dira soilik eta hark egiten dituen krimenen inguruan morboa eragitean, biktimen izen-abizenak bazterrean utzita. Serie hau, berriz, biktima horietako batzuengan zentratzen da guztiz, eta haien familia, bizilagun eta lagunen bidez haien testigantzen lekuko bilakatzen gara.

The Staircase

HBO

True crime dokumentalen zaleontzat, Jean-Xavier de Lestraderen “The Staircase” (2004) klasikoa da, zalantza izpirik gabe, generoaren barruan maisulana. Bi proposamenak ikusteko gogoa baduzue, lehenik fikzioarekin hastea gomendatu nahi dizuet.

2001eko abenduan, poliziak Michael Peterson idazlearen deia jaso zuen. Zioenez, bere emaztea konorterik gabe zegoen Ipar Carolinako bere etxean, eskaileretatik behera erori omen zelako. Minutu batzuk geroago berriro hots egin zien, emakumea hilda zegoela esateko. Antonio Camposek sortutako fikzio-telesail hau kasu horretan gertatutakoa azaltzen saiatzen da. Horretarako, lehen mailako aktore zerrenda erabili du: Colin Firth, Toni Collette, Juliette Binoche edota Michael Stuhlbarg, besteak beste.

Telesaila bikoteen eta familien sekretuei eta gezurrei buruzko azterketa psikologiko sakon eta liluragarria iruditzen zait. Fikzioaren elementuez baliatuz, ezin hobeto pantailaratu du Camposek istorio hau, interpretazio lanez harago, muntaketan eta egitura narratiboan indar handia jarrita.

«El caso Asunta» eta «El cuerpo en llamas»

NETFLIX

Oraindik estreinatu ez diren arren, interesgarria iruditzen zait Espainiako bi adibide hauek aipatzea, jatorrizko dokumentalak bikainak iruditzen baitzaizkit: “Lo que la verdad esconde: El caso Asunta” eta “El crim de la Guàrdia Urbana”. Lehenengoak Asunta Basterraren kasua aztertuko du; 2013ko irailaren 22an, A Coruñako Teo herriko mendi bide batean 12 urteko neskato baten gorpua aurkitu zuten. Justiziaren ikuspegitik, Asuntaren gurasoak, Alfonso Basterra eta Rosario Porto, izan ziren hilketaren errudunak. Fikzioaren protagonistak Candela Peña eta Tristán Ulloa aktoreak izango dira.

Bigarrena, bestalde, “El cuerpo en llamas”, Crims dokumental sorta bikainaren barruan topatu daitekeen “El crim de la Guàrdia Urbana”-ren egokitzapena izango da. Izen horrekin ezagutzen da Pedro Rodriguezen hilketa. Bartzelonako Udaltzaingoko 38 urteko agente bat zen Rodriguez. Foixeko urtegitik gertu haren gorpu kiskalia aurkitu zuten guztiz erreta zegoen auto baten barruan. Bi telesailak aurten estreinatuko dira.

When They See Us

NETFLIX

1989ko apirilaren 19an, Trisha Meili izeneko emakume bati eraso zioten New Yorkeko Central Park ezagunean; bortxatu, jipoitu eta sasi artean abandonatu zuten. Ordu batzuk lehenago, 14-16 urte bitarteko gazte batzuk -beltzak eta latinoak- parke berean ari ziren harriak botatzen, txirrindulariei iseka egiten eta antzeko gaiztakeria txikietan.

Gazteak bihurrikeria txiki horiengatik atxilotu zituzten, baina polizia esku artean kasu bereziki mediatikoa zuela konturatu zenean -Trisha Meilirena, alegia-, froga gehiegirik izan gabe ere, bost gazte horiei emakumezkoaren kontrako eraso basatia leporatu zieten.

Horrela hasi zen Central Parkeko Bosten amesgaiztoa: Kevin Richardson, Antron McCray, Raymond Santana, Yusef Salaam eta Korey Wise, New Yorkeko justiziaren historian, inoiz izandako kasurik polemiko eta arbuiagarriena. AEBetako sistemaren arrazismoa eta ustelkeria dira telesailari bereziki sostengua ematen dioten bi zutabeak, baina baita, egiazkoa izan ala ez, nola AEBetako gizartea kontakizunaren harrapakin bilakatzen den ere.

Kontakizun hori pantaila txikira eramateko, lau zatitan banatu dute eta bertan galdeketaren gaua, epaiketa, erreformatoriotik pasatu zireneko urtea, baita horietako batek -Korey Wise- kartzela barruan bizi izan zituen urte beldurgarriak ere islatu dituzte. Gizarte kritika burutsuari, estetika boteretsuari, narrazio eraginkorrari eta interpretazio bikainei esker, ekoizpen hau Netlfix-ek estreinatu duen telesail onenetarikoa dela esango nuke.

The Acts

HULU

Patricia Arquette eta Joey Kingeren interpretazio lan ikaragarriei esker eta Münchhausen sindromea ardatz hartuta, benetako kasu batean oinarritutako istorio honekin zur eta lur geratuko zara. Gaindituta, hunkituta, beldurtuta, txundituta eta harrituta amaituko duzula ohartarazi nahi dizut. Istorio makabro eta lazgarria da. Erantzuteko oso zailak diren galdera asko geratuko zaizkizu garunean. Jatorrizko istorioa “Mommy Dead and Dearest” (HBO) dokumentalean topatuko duzue.

Efterforskningen

APPLE TV +

Copenhage, 2017ko abuztua. Poliziak Kim Wall izeneko kazetari suediarraren desagerpenaren salaketa jaso du. Berari buruz dakigun azkena: jabea elkarrizketatzeko asmoz, itsaspeko batera igo zela. Handik ordu gutxira, itsaspekoa hondoratuta aurkitu zuten eta kapitaina erreskatatzea lortu. Ez dago, ordea, kazetariaren arrastorik, ezta froga erabakigarririk ere, eta adierazpenak oso kontraesankorrak dira. Hortik aurrera kasu misteriotsu horren ikerketaren xehetasunetan murgiltzeko aukera ematen du telesailak, baita, jakina, “Into the Deep” dokumentalak ere. Fikziozko moldaketa “Borgen” filmeko gidoilariaren eskutik iritsi da. Ez pentsa, ordea, akzio-thriller frenetiko bat ikusiko duzunik. Ikuspuntua edota sortzaileen intentzioa ez baita “errudunaren bila” formula erabiltzea, polizia ikerketa neketsu eta korapilatsuan zentratzea baizik. Kasu sendo bat eraikitzeko frogak behar dituen fiskalaren, erantzun bila dabiltzan gurasoen eta titularren gose diren komunikabideen presiopean aurrera egiten ari den ikerketan. Interesgarria eta nahiko harrigarria.