Maite Ubiria
Aktualitateko erredaktorea, Ipar Euskal Herrian espezializatua / Redactora de actualidad, especializada en Ipar Euskal Herria

Erlojugilea denboraren jabe ez dela oroitzeko egunak

Heldu den uztailaren 23rako espainiar Legebiltzarra berritzeko hauteskundeetara deitu zuen Pedro Sanchez erlojugileak maiatzaren 28an herritarren hautua aztertzeko ordu gutxi batzuk hartuta. Urgentzia eta premia sarri nahasten diren garaian «ezinbestekotzat» jotzen da erreakzioaren sokaren azken muturra ez galtzea. Alegia, gogoetarako denborak, inoiz ere oso luzeak izan ez diren arren, abantzu ezerezean gelditu dira politikagintzari buruzko zuzeneko kontakizunaren aroan.

Zaila da jakitea erlojuen frankizia kudeatzen duen maizterrak noraino neurtu zituen bere erabakiaren ondorioak, finean testuinguru zehatz bati erantzutea bilakatu delako agintean dagoenaren balioa neurtzeko aldagai nagusietarikoa. Zenbat aldiz entzun dugun «hainbat ordu -zuek jarri zifra- igaro dira eta oraindik ere agintari honek -zuen esku aurpegia edo marka zehaztea ere- ez du hau edo beste hori esan edota egin». Izan ere, behin «egoera kontrolpean izateko itxura» berreskuratuta, beste partida abiatzen da eta litekeena da lehen kolpea emateari dagokion balizko abantailak amen batean ihes egitea.

Politikagintza erreklamu gisa hartzen duen ikuskizun “non stop” horrek erabakien zentzu sakonari buruzko eztabaida bultzatzeari baino garrantzia handiagoa ematen dio aldeko edo kontrako emozioa sortzeari, hori baita lehia erabakitzen omen duen «target» delakoa. «Parisek erlojua du, baina gu denboraren jabeak gara». Kanakiar independentisten gogoko esaldia etorri zitzaidan gogora uhartedian berriki bisitan izan den lagunarekin solasean ari nintzela.

Egutegiak hala aginduta, gaur lau herrialdeetako hainbat tokiko erakunde osatuko dira. Izan ere, han eta hemen bozketak nola amaituko diren ikuskizun, herritarren nahia errespetatzeak edo, alderantziz, horri iskin egiteak norberaren denbora kudeaketari begira izanen duen eragina ezkutaezina izanen da.

Gertuko egutegiaren eskribauak -auskalo urrutiagoko erlojugileak ere- benetako agenda politikoa aletzeko duen borondatea noraino den ahula azaleratu delako, herritarren botoaren bidez soilik ez baita gizartearen hainbat geruzatan ematen diren espasmoen bitartez ere. Horietako mugimendu batzuk ulergarriak egiten zaizkigu, beste batzuk arrotzagoak, baina sintoma guztiak aztertu beharrekoak dira.

Zaharrek “Santiago y cierra España” izenarekin oroitzen duten besta egunak gorriz marrazturiko zubiaren erdian egokituko zaie Hego Euskal Herriko herritarrei boto-ontziak hala edo hola betetzea. Data ezarri bezain pronto, demokrazia formalaren ahulezia areagotzen duten mezuak hedatu ziren. «Denok merezi ditugun oporrak» versus «gero eta nekezagoa bilakatu zaigun» demokrazia. Onura kolektiboa apeta pribatuaren arabera modulatzeko Berlusconik oinordetzan utzitako errezeta berregosia.

Dualtasun faltsuz beteko digute hauteskunde kanpainaren saskia. Hala, eskuin mutur ofizialarekin aliantza naturalizatu duen PP hauspotzera jokatu duten jeltzaleek eta sozialistek «otsoa badator» oihukatuko dute aurki. Erlojua atzera eraman nahi duten horiei aurre egin ordez, haien eskutik denbora berria gelditu nahian ikusiko dituzte, ordea, herritarrek. •