NAIZ

Sorianoren sendiari kalte-ordaina emango dio enpresak, «kalte moral eta materialak» aitortuta

Azpeitiko Manuel Aizpuru enpresan bere buruaz beste egin zuen Luis Enrique Soriano gaztearen senideen abokatuak eta konpainiaren ordezkariek auzibideari amaiera emateko akordioa erdietsi dute. «Kalte moralen eta materialengatik» jasoko du familiak kalte-ordaina, abokatuak NAIZi baieztatu dionez.

Luis Enrique Soriano. (@ElkarEkin)
Luis Enrique Soriano. (@ElkarEkin)

2021eko uztailaren 30ean Luis Enrique Sorianok lan egiten zuen Azpeitiko enpresan bere buruaz beste egin izanaren ondorioz ESK sindikatuak eta Elkar-Ekin plataformak hasi zuten auzibidea amaierara iritsi da, aldeen arteko akordio bat erdietsi ondoren.

Plataformak bidalitako oharrak jasotzen duenez, eta familiaren interesak defendatu dituen abokatuak NAIZi baieztatu dionez, jatorri dominikarreko gaztearen sendiak kalte-ordaina jasoko du, enpresak «kalte moral eta materialak» aitortu eta gero. Zifra zehatzen berri eman ez badute ere, abokatuak berak hedabide honi azaldu dio kalte-ordaina «handia» izango dela.

Gaineratu duenez, ordainketaren zatirik handiena aseguru-etxeari dagokio, baina enpresak ere zati bat jarri beharko du.

Kritikak enpresari

Ildo horretan, Elkar-Ekin plataformak enpresari leporatu dio indemnizazio hori «kalte moral eta materialen ondorioa» dela «ezkutatu» izana eta baldintza sozialek suizidioa azaldu ezin dutela esan izana.

«Zur eta lur uzten gaituen baieztapena da. Suizidioen kausak konplexuak direla jakitun gara, baina argi dugu baldintza sozialek eta materialek (lanak, etxebizitzak, hil amaierara iristeko presioak, enpresa batean jasotako tratu txarrak, eta abar) gotiik behera zeharkatzen dutela gizakion osasun mentala. Egoera horiek daude eritasun psikologiko askoren oinarrian, eta horien ondorioz hainbat suizidio kasu gertatu dira», azpimarratu du plataformak. 

Sorianoren heriotza salatzeko Azpeitian egin zuten elkarretaratzea. (Jon URBE | FOKU)

Salaketa «isiltzeko helburuarekin» azken hilabeteotan jasotako «presioak, xantaiak eta difamazioak» ere gaitzetsi ditu Elkar-Ekin-ek.

Nolanahi ere, «errekonozimenduarekin eta erreparazioarekin batera, berriz antzekorik ez gertatzeko bermeak behar direla azpimarratu du plataformak: «Zoritxarrez, urrun gaude egoera horretatik, eta lanean jarraitzea dagokigu».

Enpresaren gutuna

Akordioaren ondorioz ekainaren 26an Donostian egitekoa zen epaiketa bertan behera geratu eta gero, Manuel Azpeitia enpresak gutun bat igorri zion Azpeitiko ‘Uztarria’ hedabideari, Sorianoren heriotzaren aurrean dolumina adieraziz eta haren sendiari «hasiera-hasieratik laguntza eskaini» diola nabarmenduz.

Era berean, gaineratu dute «atsekabez» hartu dituztela hainbat eragilek «enpresa eta haren kudeatzailea aipatuz eta gertakari latzaren zuzeneko erantzule eginez» argitaratutako informazio eta adierazpenak. «Epaiketa paralelo bidegabea» egin izana gaitzetsi dute.