NAIZ

Landa eremuari garrantzia emateko, Izarran izango da Iraultza Txikien Akanpada

Iraultza Txikien Akanpadaren hirugarren edizioa Izarran izango da, uztailak 19tik 23ra bitartean. Hiritik egitarauak deszentralizatzeko eta landa eremuari eta herriko-txikitasunari garrantzia emateko aukeratu dute Arabako herria, «elkarren artean elikatzeko» txokoa izan dadin.

Igande honetan aurkeztu dute herri mugimenduen topagunearen hirugarren edizioa.
Igande honetan aurkeztu dute herri mugimenduen topagunearen hirugarren edizioa. (Raul BOGAJO | FOKU)

Euskal Herriko herri mugimenduen eta borroken topagune izatea helburu duen Iraultza Txikien Akanpada uztailaren 19tik 23ra izango da aurten, Izarrako Ostuño parkean, «landa eremuari eta herriko txikitasunari garrantzia eman nahi diogulako».

Igande honetan egindako aurkezpenean antolatzaileek azaldu dutenez, hitzaldiak tailerrak, kontzertuak, jolasak, bazkalosteko «tarte goxoak», auzolanak eta konplizitateak, besteak beste, izango da kanpaldi honetan eskainiko dena.

Eztabaidatzeko, ideiak partekatzeko, «elkarren artean elikatzeko» eta kontraesanak sortzeko tokia izan nahi du, feminismoaren, ekologismoaren, elikadura burujabetzaren eta antikapitalismoaren ikuspuntuetatik.

«Su indartsu bat piztu nahi dugu, guztiontzat sutondo goxo eta bero bat eraikitzeko modukoa. Su handi bat pizteko txinpartak behar dira, eta sortutako sugarrei haizea eman behar zaie, hauspotu egin behar dira», esan dute antolatzaileek hautatu duten «eremu eder eta lasaiara» bertaratzeko animatuz.

Gainera, erasoen aurkako protokoloak prestatu dituztela jakinarazi dute, «elkar elikatzen dugun bezala, elkar zaindu nahi» dutelako. Ostuño parkea ere «merezi duen mimarekin» zaindu behar dela azpimarratu dute.