Palestinako errefuxiatuen krisia historian zehar ezagutzen den luzeena da, duela 75 urte beraien hiri eta etxeetatik kanporatuak izan baitziren palestinarrak. 1948tik daramate egoera honetan eta Unrwa agentziak (Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoa, ingelesez) jakinarazi duenez, 6 milioi pertsona palestinar inguru errefuxiatuta daude. Unrwa errefuxiatuei babesa eta laguntza bermatzeko 1949an sortu zen Nazio Batuen Erakundearen agentzia da.
Ekainaren 20a Pertsona Errefuxiatuen Nazioarteko eguna da eta, horregatik, Unrwa-k errefuxiatu palestinarrek bizi duten egoera salatu nahi izan du, behin betiko konponbidea bilatzeko asmoz. Gaur egun, palestinar errefuxiatuak gutxi gorabehera 58 eremuetan sakabanatutako kanpamentuetan bizi dira; besteak beste, Gaza, Zisjordania, Siria, Libano eta Jordanian.
Horretaz gain, pobrezia egoera latzean bizi dira. Horren adibide argia dira Libanoko kanpalekuetan bizi diren errefuxiatuak, %93a pobreziaren atalasearen azpitik bizi baita, momentu honetan herrialdean dagoen krisi ekonomiko sakona dela eta. Gainera, etengabe urratzen dira haien eskubideak. Bestalde, Siriako gerraren ondorioak ere pairatzen dituzte duela 12 urte guda piztu zenetik.
Gazan ere, misil bidezko israeldar erasoen ondorioz milaka pertsona hil dira. Horretaz aparte, 2007tik ezarri zieten blokeoaren ondorioz ez dute inolako autonomia ekonomikorik. Horren ondorioz, gehienak ezin dira laguntza humanitariorik gabe bizi eta haien egoera ekonomikoa are latzagoa bilakatzen ari da inflazioaren ondorioz.
Zisjordaniako kanpalekuetan bizi diren errefuxiatuen kontrako erasoak ere gora egin dute azkenaldian. Azkenaldian, errefuxiatu askoren etxeak suntsitu dituzte israeldarrek; hain zuzen ere, 292 etxe azken lau hilabeteetan. Hori dela eta, 411 pertsona lekualdatu behar izan dira denboraldi honetan.
Neurriak, berehala
Pobreziak eta etengabe arriskuan egoteak ondorio latzak ditu errefuxiatu palestinarrengan. Horietako askok Europara iristeko beraien bizitza arriskuan jartzen dute, bizimodu duin bat lortzeko asmoz. Horrek buru osasunean eragin handia du, askok antsietatea edo depresioa jasan dutela aitortu dute.
Horren aurrean, Unrwa-k azpimarratu du palestinar jatorriko errefuxiatuen egoera hobetzea eta bizitza duin bat bermatzea beharrezkoa dela. Agentziaren hitzetan, ezin ditugu pertsona horiek «ahanzturan erortzen utzi». Hori dela eta, berehala nazioartean egoerari aurre egiteko neurriak hartu behar direla azpimarratu du.