NAIZ

Trantsizio ekosozialerako norabidea zehaztu du ELAk: aberastasuna banatu eta ekonomia birkokatu

Hego Euskal Herriko «trantsizio ekosozialaren norabidea» jasotzen duen txostena aurkeztu du ELAk, eta ekonomia eraldatzeko proposamenak egin ditu bertan. Besteak beste, «ekonomia birkokatu» behar dela uste du, «tokikoa eta zirkularra» izan dadin.

Mitxel Lakuntza, ELAko idazkari nagusia, artxiboko argazki batean.
Mitxel Lakuntza, ELAko idazkari nagusia, artxiboko argazki batean. (Aritz LOIOLA | FOKU)

ELAk Hego Euskal Herriko «trantsizio ekosozialaren norabidea» jasotzen duen txostena aurkeztu du astelehen honetan. Ekonomia «birkokatzea», kontsumoa murriztea, aberastasuna banatzea, zerbitzu publikoak indartzea eta lanaldiak murriztea dira sindikatuaren proposamenaren oinarriak.

«Larrialdi ekologikoaren» testuinguruan garatu du txostena sindikatuak eta, ohar batean azaldu duenez, azken urteotan krisi ekologikoaren ondorioak «gogorragoak» izaten ari badira ere, ez dira «beharrezko neurriak» hartzen ari. «Klima aldaketaren eraginak urrun ikusten ziren, baina eguneroko bizitzan gero eta inpaktu nabariagoak izaten ari da, baita enpleguan ere», ohartarazi du Mitxel Lakuntzak zuzentzen duen antolakundeak.

ELAren arabera, Hego Euskal Herrian eragina du egoera honek, horregatik, bertako ekonomiak «sakoneko eraldaketa» bat behar duela iritzi dio. Eta horretarako zenbait neurri proposatu ditu, aberastasunaren banaketatik eta langileen lanaldia murriztetik hasita.

Neurrien artean, «ekonomia birkokatu» behar dela defendatu du. Sindikatuaren iritziz, «ekonomiak tokikoa eta zirkularra izan behar du, elikadura-burujabetza bultzatu behar da, eta ekoizpen-eredua eraldatu eta dibertsifikatu».

Materialen eta energiaren kontsumoa murrizteko neurriak abian jartzeko eskatu du, «muga ekologikoen barruan egon arte eta justizia-irizpideei jarraituz». Halaber, energiaren sektorea publifikatzearen, energia berriztagarriak garatzearen eta energia fosilen egungo ekoizpena gelditzearen aldeko apustua egin du.

Halaber, beharrezkotzat jotzen du egungo garraio eredua aldatzea, salgaien mugikortasuna murrizteko nahiz pertsonen mugikortasuna garraio publiko kolektiboan oinarritzeko.