NAIZ

Bertatik sortu da, bertako elikagaiak eta zaurgarrien laneratzea uztartuko dituen enpresa

Sortu berri den Bertatik enpresak hiru zerbitzu eskainiko ditu nagusiki: tupper-en etxez etxeko banaketa, elikagaien eraldatzea eta jangela nahiz bestelako sukaldeen kudeaketa. Hori guztia, bi alde uztartuta egingo du: bertako elikagaiak eta pertsona zaurgarrien laneratzea.

Bertatik gizarteratze eta laneratze enpresaren aurkezpen ekitaldiko irudia, mahai bete janarekin.
Bertatik gizarteratze eta laneratze enpresaren aurkezpen ekitaldiko irudia, mahai bete janarekin. (Gotzon ARANBURU | FOKU)

Bertatik enpresak bere bidea hasi du astearte honetan Hernanin egindako aurkezpenarekin. Bertako elikagaiak eta bazterkeria egoeran dauden pertsonen laneratzea uztartuko ditu proiektu berritzaile honek.

Zabalduz kooperatiba sozialaren eta Fede Pacha & Co. enpresaren lankidetzatik sortu da Gipuzkoako herrian konpainia berria, eta hiru zerbitzu eskainiko ditu: ‘Bertako tupper’ izeneko ekimenaren bidez janaria etxeetara banatuko dute, izan partikularrei ala enpresei. Bestalde, elikagaien eraldaketa egingo du eta sukalde nahiz jangelen kudeaketa zerbitzuak eskainiko ditu.

Bertatik enpresako arduradunek aurkezpen ekitaldi jendetsuan esplikatu dutenez, proiektuaren helburua da, alde batetik, bazterketa-egoeran dauden pertsonen gizarteratzea eta laneratzea erraztea, eta, bestetik, «lurraldeko elikadura jasangarria eta subiranoa sustatzea, tokian tokiko ekoizleen eta elikagaien alde eginez». Bi alde horiek uztartuko dituzte, beraz.

Hernanin egindako aurkezpenean, bertako produktuen aukera zabala eskaini diote enpresaren pabilioira bertaratu den jendeari, Bertatik proiektuak aurrerantzean ekarriko duen horri zaporea hartzen hasteko.