NAIZ

Hamar ikasle diplomatuta amaitu du ikasturtea Artzain Eskolak, hezkuntza-eredua nabarmenduz

Asteazken honetan amaitu da Arantzazuko (Oñati) Artzain Eskolaren hogeita seigarren ikasturtea eta prestakuntza-ikastaroa amaitu duten zortzi mutil eta bi neskentzat. Berrikuntza pedagogikoan eta teknologia aplikatuetan oinarritutako hezkuntza eredua nabarmendu dute.

Asteazken honetan egin du Artzain Eskolak diplomen entrega.
Asteazken honetan egin du Artzain Eskolak diplomen entrega. (Irekia)

Ingurumenarekiko arduratsuak diren produkzio prozesuak, berrikuntza pedagogikoan eta teknologia aplikatuetan oinarrituta, bere hogeita seigarren ikasturtea itxi du Arantzazuko Artzain Eskolak asteazken honetan. Aurten zortzi mutilek eta bi neskek lortu dute diploma.

Ikasketak amaitu dituzten hamar horietatik zazpi 30 urtetik beherakoak dira, lauk oraindik ez dituzte 20 urte bete. Bat Arabakoa da, zortzi Gipuzkoakoak eta beste bat Lapurdikoa. Zazpik artalde propioa dute.

Lakuako Gobernuaren arabera, zifra hauek Arantzazuko eskolak ardi- eta ahuntz-sektorea gaztetzeko eta belaunaldi aldaketa ziurtatzeko betetzen duen «zeregin garrantzitsua» bermatzen dute.

Gainera, diplomak eta makilak emateko ekitaldian gogorarazi dutenez, azken urteotan prestakuntza-eskaintza bederatzi hilabetera iritsi arte zabaldu dute eta behar berriei erantzuteko moduluak erantsi dira. Bestalde, digitalizazioan, ekoizpen ekologikoan eta terapia alternatiboetan «gailurrean» egoteko lanean ari dira.

26 ikasturteotan zehar, 317 pertsona prestatu dituzte eta Behizain Eskolaren sorrera bultzatu zuten. Lakuako Gobernuko Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako Sailburuordeak, Bittor Orozek eskola artzaintza bizirik mantentzeko eta Latxa ardi-arraza kontserbatzeko lanean ari dela adierazi du.