NAIZ

Euskal Herria Baik ez du Senaturako bozetan hautagairik aurkeztuko

Frederique Espagnac jarduneko senatari sozialistak luzatu zion proposamenak ez duela segidarik izan jakinarazi du Euskal Herria Baik ostegun arratsalde honetan. Ezkerreko abertzaleek ez dute, ondorioz, hautagairik aurkeztuko. Beraien bozak, ordea, erabakigarriak izan daitekeela ohartarazi dute.

Ekainaren 3an Saran eginiko biltzar berezian finkatu zuten militanteek EHBaik Senatuko bozetan hartuko zuen norabidea.
Ekainaren 3an Saran eginiko biltzar berezian finkatu zuten militanteek EHBaik Senatuko bozetan hartuko zuen norabidea. (@EHBai)

Ohar baten bidez, EH Baik jakinarazi du Frederique Espagnac jarduneko senatariak ez diola segidarik eman Senatuko bozetara begira ezkerreko zerrenda bat osatzeko proposamenari eta, hortaz, abertzaleek ez dute hautagairik aurkeztuko.

Espagnacen ahotik, ezkerreko zerrenda osatzeko eskaintza jaso ostean, joan zen ekainaren 3an Saran eginiko biltzar berezian Euskal Herria Baiko militanteek aukera hori jorratzeko erabakia hartu zuten.

Aipatu bilkuran, akordiorik ezean heldu den irailaren 24an iraganen diren frantziar Senaturako bozetan hautagairik ez aurkezteko deliberoa hartu zuten militanteek.

Ekainaren 5ean plazaratu zuen EH Baik bere biltzar nagusian harturiko erabakia, «prozesuaren gardentasuna» bermatu nahian.

Frederique Espagnacek albisteari erantzun zion, egunean bertan, abertzaleek plazaratu zuten deliberoa «harriduraz» hartzen zuela esanez eta hauteskundeei begira «deus ez zela erabakirik» gaineratuz.

Erabakia plazaratzeko asmoa

EH Baik azaldu du jasotako eskaintza politikoari buruz militanteen harturiko erabakia publiko egiteko asmoaz «jakitun zela» Espagnac.

Horrez gain, azken asteotan bilera bat egiteko eskaera gibelatzeari egin diola ordezkari sozialistak gaineratu du alderdi abertzaleak.

Azkenean, aste honen hasieran bilkura hori egin zen, eta bertan bere erabakiaren berri eman dio EH Bairi heldu den irailean postua berritzeko bozetara aurkeztuko den senatari biarnesak.

«Frederique Espagnacek apirileko proposamena baztertu eta zerrenda bateratu baten egiteko
ateak hetsi ditu», azaldu du EH Baik.

Are, «bere zerrendako bigarren postua, EH Baikoa ez den beste hautetsi baten esku uzteko deliberoa hartu duela» jakinarazi diola nabarmendu du ezkerreko mugimendu abertzaleari.

Espagnac berari zein Alderdi Sozialistari «seriotasun eskasa» egotzi dizkie EH Baik.

100 bat boto abertzale

Edonola ere, «aukera bat hetsita ere», Senatuko bozen harira zabaldu den «sekuentziak» agerian jarri duela EH Bai «hazten eta sinesgarritasuna irabazten duen indar politikoa dela» nabarmendu du bere agirian ezkerreko mugimendu abertzaleak.

Horren erakusle da, bere esanetan, «frantses Senaturako hauteskundeetan 100 hautetsi baino gehiago abertzaleak izatea».

Hauteskunde legearen arabera hautetsi guztiek botoa eman behar dute. Ondorioz, «ezkerreko hautetsi abertzaleen bozak erabakigarriak izan daitezkeela» ohartarazi du EH Baik.

Bere agiriaren amaieran EH Baik adierazi du «tentu handiz» segituko dituela boza horietara aurkeztuko diren hautagaitza ezberdinek eramango dituzten proposamenak.

Hauteskunde hauei begirako bere jarrera finkatuko du, horren arabera, ondoko asteetan.