Kazetaria / Periodista

Artzaintza eta artzainak ezagutzeko 25 mendi buelta

Txusma Perezek eta Sara Cartek «Cañadas y Senderos de Pastores» liburua argitaratu dute, SUA argitaletxearen eskutik. Urtebete eman dute 25 ibilbide osatzeko, baina ez nolanahikoak: artaldeek bailaratik goi larreetara egiten dituzten bideak errepikatu dituzte.

rtzain bat artaldea zaintzen, Zarrakaztelun.
rtzain bat artaldea zaintzen, Zarrakaztelun. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Txusma Perez Azazetak hamarkadak daramatza argitalpenen munduan sartuta. Hasi zenean konpromiso finkoa hartu zuen: urtero mendiarekin zerikusia zuen liburu bat argitaratzea SUA argitaletxearen eskutik. Eta hala egin du aurten ere. “Cañadas y Senderos de Pastores” liburua argitaratu du, baina hainbat berrikuntzarekin. Nagusia, Sara Carte bikotekidea izan duela bidelagun, liburua osatzerakoan. Sara izan da, hain zuzen ere, liburuan protagonista diren artzainen lekukotzak bildu dituena. Biek bilduma lana egin dute ondoren, liburua osatu arte.

Txusma aski ezaguna da mendi argitalpenen munduan. Legazpiarra jaiotzez, txikitatik hasi zen mendian. Hainbat agerkari sortu ditu bere ibilbide aberatsean: “El Mundo de los Pirineos”, “Euskal Herria”, “Likken”… Guztiak SUA argitaletxera lotuta, Txusma bera argitaletxeko arduradun jardunean zela. Bi urte atzera, aurre jubilatu egin zen, baina koordinatzaile izan zen tartean urtero liburu bat idazten zuenez, eguneroko beharra utzi ondoren ere konpromiso berari eutsi dio.

Bikotean liburuak osatzeko prozesuan Txusma izan da idazlea normalean, baina Sarak testuen zuzenketa eta moldaketa hartu izan du bere kargu. “Cañadas y Senderos de Pastores” liburuan, ordea, Sarak testuak idazteko eta artzainen lekukotzak biltzeko ardura hartu du.

Sara Carte: «Txusmari liburuak idazteko jardunean lagundu izan diot betidanik, baina bi urte atzera liburu honetako kide izateko proposamena egin zidan. Hausnartu, eta librantza urtea hartu nuen iaz, liburua osatu ahal izateko». Ez omen zaio nekeza egin testuak osatzea. «Demagun orain arte laguntzaile izan naizela, eta oraingoan sortzaile ere bai. Txusmak ibilbideen ardura hartu du, eta neuk, artzainen elkarrizketak, artzaintza eskola eta beste. Oso aberasgarria izan da esperientzia».

Liburuak politak izaten dira behin argitaratuta, baina atzetik lan handiko jarduna eskatzen du. Nola, nondik hastea erabakitzea, adibidez. Txusma Perez-i azkar sortu zitzaion ideia: «Liburu hauek argitaratu baino askoz lehenago pentsatzen dira: urtebete pasatzen da gero osatzerako, eta ia beste urtebete argitaratzerako». Urtero liburu bat idazten baduzu, gaiak bukatzen joaten direla dio, eta Legazpi jaioterrian bilatu zuen inspirazioa: «Inguruko artzain asko ezagutzen ditut, Aizkorri eta Aralarren batez ere. Mendiko kuadrilla ere Legazpikoa dugu, eta haiek beti hurrengo liburua noizko argitaratuko genuen galdetzen ziguten. Artzainen kontua atera zen arte». Ez omen zen hasiera erraza izan. «Artzainekin denbora pasatu behar delako, eta denbora hori bilatzeko asteburuero mendira joateko dugun ohitura errotik moztu behar zen derrigor».

Hala gerta ez zedin, kuadrillarekin egin ohi diren mendi irteerak ez galtzeko, halako zirrikitua bilatu zuen bikoteak: Sara Cartek urteko librantza hartu eta aste egunetan egitea elkarrizketak artzainekin. Corte: «Hego Euskal Herriko hainbat artzainekin hitz egin dut, Arantzazuko Maiztegi artzaintza eskolako Batis Otaegi arduradunak aholkatuta. Kontaktu asko erraztu dizkit».

Bikotea halako oreka mantentzen saiatu da Hego Euskal Herriko herrialde guztien artean. Txusma Perez: «Ezin duzu herrialde jakin bateko 10 ibilbide, eta beste bateko bakarra sartu. 25 ibilbide jasotzen ditu azken liburuak, eta oso banatuta dago: 6-7 ibilbide Hego Euskal Herriko herrialde bakoitzean». Helburua, finean, saltzea omen da, «eta leku guztietan saltzeko, halako oreka mantendu behar duzu argitalpenean».

Txusma Perez eta Sara Carte, liburuaren egileak. (Gorka RUBIO/FOKU)

Asmoak eta agenda zehaztuta, lekukotzak biltzen hasi ziren Sara eta Txusma. Sara Carte: «Lagun bat artzaina da, eta euren egunerokoa ondo ezagutzen dugu. Haiek egiten zituzten ibilbideez gain, euren lanbideaz mintzatzeko eskatu genien, ikusgaitasuna emateko asmoz: euren egun onak, hain onak ez zirenak eta beste». Artzain denek erraztasunak eman dizkiete eurekin batzartzeko. «Batzuekin errazagoa izan da, baina oro har, ez dugu arazorik eduki. Artzainek euren bizitzaren berri emateko gogoa dutela esango nuke». Txusmak Gorobel mendikateko artzain baten emaztearekin izandako pasadizoa ekarri du gogora, borondate handirik erakutsi ez zuen artzain bakarretako baten pasadizoa gogoratzeko: «Emaztearekin hitz egin nuen, eta ezer ez zuela jakin nahi esan zidan; jubilatzeko gogoa zuela eta otsoen erasoekin nekatua zegoela».

Sara artzainen egun onez eta hain onak ez direnez mintzatu da. Zer ote da, bada, egun on edo txar bat artzain batentzat? «Egun on bat egunerokoa ikustea da. Ez dutela oporrik behar, adibidez, gustura sentitzen direlako bere egunerokoarekin: ardiak larreetara igo, jaitsi, jetzi…».

Artzainen batek, egunen bat libratzeko beharra izanez gero, egun hori arazorik gabe hartzen duela ikusi dute liburuko bi egileek. Egun txarren berri ere izan dute, tarteka: «Mendizaleei ihes egiten dieten zakurrak daudenean, adibidez, haiek ardiak beldurtu eta sakabanatzen dituztelako. Artzaina ardien bila joaten da utzi dituen tokira, baina batzuetan ez dituzte bertan topatzen…».

Artzaintzaren egunerokoa

Txusmak eta Sarak liburu ezberdina osatzea zuten helburu serio jarri zirenean: artzainen ibilbideak jasotzea, eta irakurleak ibilbide hori egiteko aukera izatea, baina baita artzainaren produktua balioan jartzea ere, batez ere gazta ekoizpena. Gazta nola ekoizten den azaltzen dute egileek.

Han eta hemen galdetuta, kontraesanak sumatu omen ditu Txusma eta Sara bikoteak: «Artzain askok diote seme-alabek ez dutela euren jarduna jarraitu nahi eta nekatuta daudela, baina gero Maiztegi artzain eskolara joan, eta urtero dozena bat gazte ikusten ditugu, ilusioz beteta, artzaintzari ekiteko gogoz».

«Cañadas y Senderos de Pastores» liburuaren lehen planoa (Gorka RUBIO / FOKU)

Jon Harreguy 19 urterekin hasi zen artzaintzan, Zerainen, eta Sara Cartek dioenez, «pasio handia transmititzen du berarekin solastatzen zarenean». Urbistondo du bikotekide eta Garoa gaztak ekoizten dituzte. Kontziliazioaz mintzatu da Sara. «Seme-alabak txikiak zirenean haiek uda bordan pasatzen zuten, baina hazten joan diren neurrian, jakina, herrira bueltatu nahi zuten». Seme-alaba gazteak dituzten artzainek egoera zaila omen dute: «Seme-alabek aitaren bideari jarraituko dioten ez dakite, baina badakite ez direla molde berean ariko: herrian bizi eta ardietara noizbehinka igo nahi lukete».

Esne ekoizpen garaia da urteko gogorrena artzainentzat: «Orduan iritsi ezinik ibiltzen dira», dio Txusmak, «baina beste hilabete batzuetan lasaiago. Gaztandegiak kooperatiba bilakatzen joango direla esango nuke, lan karga arintze aldera. Lauzpabost ekoizle elkartu, eta aurrera». Arantzazuko artzain eskolan artzainek enpresa kontuetan, arauetan, marketinean ikasiak bukatzen dutela gogorarazi du, «eta artzainak baino artzain-enpresariak direla esan genezake».

Artzaintza modernoagoa

Maiztegiko artzain eskolaren ekarpenaren harira, liburuko egileek artzaintza aldatzen ari dela pentsatzen ote dute? Txusma: «Noski, aldatzen ari da, baina artzaintza 4.0 aktibitate bilakatuko da? Egun sakelakoarekin ardiak non dauden jakin dezakete artzainek, GPS gailu bat duelako ardien mugimenduak jarraitzeko. Orain arte artzain elektrikoarekin mugatzen zituzten abereen mugimenduak, egun zein partzelatan dabiltzan badakite dagoeneko». Aldaketak normaltzat jo ditu Sarak ere: «Ezin zaie duela lau, bost hamarkada bezala bizitzea exijitu. Hori esaten duenak baldintza haiek nolakoak ziren ezagutu beharko luke, agian». Artzain kopurua jaitsi dela onartu dute, «ukaezina da hori, ardiena bezala», baina artzaintza mantenduko dela ziur daude, bilakaera handiarekin: «Artzaintzak lan arrunt baten itxura hartuko du, egun asko bordan edo goi larreetan pasatu gabe, ardiak euren kabuz mendian bazkan».

Urbiako artzain txabola bat (Juan Carlos RUIZ / FOKU)

Harrotasunez mintzatu dira bi egileak osatutako 25 ibilbideen inguruan. Txusma Perezek azaldu duenez, «ibilbide errazak dira, edozeinek egiteko modukoak: ez da lau hankatan ibili behar, ez dira luze-luzeak, hiru eta bost ordu artekoak, eta ardiak ibiltzen diren ibilbideak dira, tarteka ardiak nondik nora ibiltzen diren ikusiko bagenu harritu egingo baginateke ere». Gida praktiko batekin aberastu dituzte ibilbideak: desnibela, denbora, ezaugarriak… Ibilbideak osatze aldera, gailurren bateko igoerarekin biribildu dituzte horiek: «Aralarko larreetara igo badira ardiak, bada, inguruko mendi bat igo, horrek ibilbidea erakargarriago egiten duelako. Denoi gustatzen zaigu mendiren bat igotzea mendira joaten garenean». Argitaratu berri den liburuko xehetasunak ematen ari direla, datorren urtekoan pentsatzen hasiak dira dagoeneko Txusma Perez eta Sara Carte. Mendiei buruz izango omen da, baina horraino, momentuz, bikoteak emandako informazioa. 2024. urtean xehetasun guztiak!