Amaia Ereñaga
Erredaktorea, kulturan espezializatua

Jabier Salutregi Mentxaka, agur zuzendari maitea!

Herriko egunik handienean, bere aitonak armarria margotu zuen frontoian eta, atzean, hainbeste maite zuen itsasoaren babesean omendu du larunbat honetan Eako herriak Jabier Salutregi Mentxaka, ‘Egin’ egunkariko zuzendari izan zena.

Eako frontoiak hartu du Jabier Salutregiri eginiko omenaldia.
Eako frontoiak hartu du Jabier Salutregiri eginiko omenaldia. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Bizitza bat ezin da esaldi sorta batean laburbildu, are gehiago hizkuntza eta informazioa lantzen maisu izan zen gizon bati buruz mintzatzen garenean. Baina hori da askotan kazetari baten lana, titularrak egitea, Jabier Salutregik ongi baino hobeto zekienez. Horretan maisu zen ekainaren 14an hil zen kazetari hau.

Botako ditugu, beraz, larunbat eguerdi honetan Eako frontoian entzundako zenbait titular. Aurretik, dena den, deskriba dezagun, egoera. San Joan eguna, Eako jai nagusiak eta frontoian omenaldia. Oholtzaren gainean, ‘Egin’ egunkariko ale original bat, data berezi batekoa: 1989ko azaroaren 21ekoa. Hau irakur daiteke lerroburu nagusian: ‘Pistoleros matan a tiros a Josu Muguruza’.

Ondoan, ‘Ardi Beltza’ eta ‘Kalegorria’ aldizkari ikonikoen bi ale eta ‘Pablo Gonzalez askatu’ aldarria kartel batean. Adierazpen askatasunaren aurkako erasoak ez baitira desagertu.

Bizitza xurgatu zuen gizona

Frontoiaren albo batean, Jabier Salutregiren bizitza islatzen duten zenbait argazki ikusi daitezke. Kartzelan zazpi urte igaro eta gero Bizkaiko herri honek egin zion ongi etorria, Portugalen ateratako irudiak, 18/98 auzian hamarkada bat baino gehiago bukaezina zirudien epaiketa hartako kideak beste batean, Martin Garitano lankide eta lagunarekin, Mertxe Aizpuruarekin besarkatuta, Pepe Reirekin Eziago poligonoan Garzon epaileak ‘Egin’ itxi zuen egunean...

Salutregiren bizitzako hainbat pasarte argazkitan jaso dituzte. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Deustun jaiotako –Deustuko gazteen ordezkaritza bat gerturatu da ere hainbeste maite zuen Earaino– kazetari honen ibilbidea bizitza xurgatu zuen pertsona batena dirudi, argazkien arabera: zenbat barre, negar, besarkada, estualdi... 

Eako frontoi honetan egon direnen artean Salutregiren emaztea, Maite, eta semea, Txaber. Bere ibilbidean egindako lagunak eta baita ere ‘Egin’ egunkariko lankide ohi ugari. Salu, kazetarien irakaslea izateaz aparte, gorputzean kabitzen ez zitzaion bihotz handiko gizon maitekorra zelako.

Egon direnen artean, ‘Egin’-eko administrazio kontseiluko partaide ohiak ere, Salutregirekin Madrilen hainbeste luzatu zen makroepaiketara joateko Mirentxineko furgoneta haietako bidaietan hainbeste bizipen garratz bizi izandakoak. Horietako bat, Pablo Gorostiaga, Laudioko alkate ohia: «Agur zuzendari maitea!», bota du eta, jarraian, gogora ekarri ditu Aznarren hitzak: «Uste al zuten ez ginela ausartuko ‘Egin’ ixten?». Ausartu ziren, baina, aipatu zuenez, «denboraren poderioz haiek uste zuten baino askoz hobeto gaude».

Pablo Gorostiagaren hitzartzea. (Aritz LOIOLA | FOKU)

‘Euskaldunon egunkaria’ eta ‘Berria’ egunkarietako zuzendari izandako Martxelo Otamendi Bizkaiko herri eder honetara hurbildu direnen artean egon da. Hainbat titular bota ditu berak ere. Hemen bat: «Injustizia handi bat egin zioten Jabierri eta Egineko guztiei».

Horretan ez dago zalantzarik. Eta Eako ekitaldia bukatu berritan, Salu irakasle izan zuen kazetari honi zalantza bat sortzen zaio lerro hauek idaztean: Ondo irudituko al zitzaion gure Saluri jarri dudan titularra? Motza, zuzena eta zorrotza behar du izan, esaten zigun. «Bidali ezazu behingoz testua neska!», esango zidan. Ba nik ere, agur, Salu maitea!