NAIZ

Federico Baraibar ikastetxea, murrizketak bertan behera uzteko mobilizatuta

Federico Baraibar Bigarren Hezkuntzako Ikastetxeak zenbait mobilizaziotara deitu du aste honetan Gasteizko Legebiltzarraren aurrean eta datozen egunetan Hezkuntza Ordezkaritzan. Agiri bat zabaldu dute, murrizketak direla-eta ikastetxearen egoerak okerrera egin duela salatzeko.

Federico Baraibar ikastetxeko langileak, Legebiltzarraren aurrean.
Federico Baraibar ikastetxeko langileak, Legebiltzarraren aurrean. (Federico Baraibar BHI)

Federico Baraibar BHIk mobilizazio astea du hau. Gaur Gasteizko Legebiltzarraren aurrean egin duten elkarretaratzearekin batera, zenbait eskaera biltzen dituen agiri bat zabaldu dute, ikastetxeko Klaustroak sinatuta, murrizketak direla-eta ikastetxearen egoerak okerrera egin duela salatzeko: «Egoera kezkagarria da, eta arriskuan jartzen ditu ikastetxearen funtzionamendu ona, ikasleen ongizatea eta kalitatezko hezkuntzarako eskubidea».

Federico Baraibar BHI gainerako ikastetxeen desberdina da, batez ere ikasleen familien jatorriari dagokionez eta ikasturtean zehar ikasleak etengabe sartzen direlako. «Kultura aniztasun hori oso aberasgarria da», dio Klaustroak, «baina, aldi berean, ikaskuntza prozesua zailtzen duten ondorioak ditu». Izan ere, ikasle kopuru esanguratsu baten ama-hizkuntza ez da gaztelania eta haietako asko hizkuntzaren aldez aurreko ezagutzarik gabe iristen dira. Badira, halaber, eskolatu gabe iristen direnak ere.

Euskarari dagokionez, ez dute hizkuntza horrekiko inolako harremanik, ez baitute erabilera ingururik. Horren ondorioz, DBHko ikasleen hamarretik ia seik gutxienez urtebeteko eskola atzerapena dute, baita hezkuntza gabezia ugari eta ikaskuntza defizit handia ere.

Horiek horrela, baldintza pertsonalengatik edo eskola ibilbideagatik hezkuntza laguntza espezifikoa behar duten ikasle asko dituzte. Horietako asko baloratuak izan dira, baina multzo handi bat baloratu gabe dago eta, beraz, ez dago laguntza hori duten ikasleen zerrendan jasota.

Hizkuntza gabeziaz gainera, ikasle horiek badituzte beste hainbat traba. Horietako asko egoera sozioekonomiko zaila duten familietakoak dira. Askori gizarte zerbitzuek ematen diete arreta, besteak beste familia unitateko kide batek ere lanik ez duen familia guneen ehuneko oso handia dagoelako. Askok ez dute etxebizitza propiorik eta bizileku aldaketa ugari egiten dituzte. Gainera, DBHko familien herena guraso bakarrekoak dira. Familia laguntza handirik gabeko ikasleak ere badaude, harrera etxeetan eta Aldundiaren tutoretzapeko zentroetan bizi direnak.

Egoera kaskarretik, kaskarragora

Ikastetxe horretan, ezaugarri berezi horiek dituzten ikasleak izanda ere, Klaustroak dioenez, ez dute inoiz izan behar adina baliabide, eta datorren ikasturterako aurreikuspena «tamalgarria da».

Murrizketen ondorioz, curriculum desberdineko klase bat galduko dute DBHko 3. mailan. Hezkuntza Ordezkaritzak esandako kupoa «ausazko zenbakia da, eta ez die erantzuten ikasleek dituzten beharrei, baizik eta Eusko Jaurlaritzak bideratu nahi dituen gehienezko baliabide ekonomikoei», diote. «Zenbat eta premia handiagoa, orduan eta baliabide gutxiago».

Halaber, datorren ikasturtean DBHko 1. mailako bi talde izango dituzte, orain baino bat gutxiago; azken bost urteetan Pedagogia Terapeutikoko hiru irakasle baino gehiago galdu dituzte, eta digitalizazioari dagokionez ere galera handiak izango dituzte. Behar espezifikoak dituzten ikasleentzako gela osagarri bat dute, eta modu egokian lan egiteko, ikastetxeko zuzendaritzak bi zerbitzu batzorde sortzea eskatu du, benetan kualifikatuta dauden langileak ziurtatze aldera, baina eskaera hori ez diete aintzat hartu.

Horrenbestez, asteartean, asteazkenean eta ostegunean ere elkarretaratzeak egingo dituzte, Hezkuntza Ordezkaritzaren aurrean, murrizketak bertan behera uzteko eta baliabideak indartzeko «premia» eskatuz eta, beren «egoera jasanezina» konpontzeko Hezkuntza Ordezkaritzaren lankidetza beharrezkoa dela uste izanda.