NAIZ

Menendezek eta Gavilanek kontratua berritu dute Bera Berarekin beste denboraldi baterako

Kapitainak hamabosgarren denboraldia egingo du Bera Beran, eta argentinarrak bigarrena, iaz fitxatu baitzuen Donostiako taldeak. Imanol Alvarezek hamasei jokalariren multzoa osatu du hurrengo denboraldirako. Denboraldiaurrea uztailaren 26an hasiko dute.

Alba Menendezek eta Giuliana Gavilanek beste denboraldi baterako sinatu dute.
Alba Menendezek eta Giuliana Gavilanek beste denboraldi baterako sinatu dute. (@BalonmaBeraBera)

Bera Berak beste bi jokalari garrantzitsu lotu ditu: Alba Menendez kapitainak eta Giuliana Gavilanek kontratua berritu dute beste denboraldi baterako. Hala, Imanol Alvarezek hamasei jokalariren multzoa osatu du datorren sasoirako. Menendezek hamabosgarren denboraldia egingo du Donostiako taldean, eta pibotak bigarrena, iaz fitxatu baitzuten.

Kapitainak adierazi du betiko «gogo eta ilusio» berberak dituela, bukatu berri den sasoia «onena izan ez arren». Denboraldi honetan ez du zorte askorik izan Menendezek lesioei dagokionez. Izan ere, sasoiaurrean sudurrean haustura bat izan zuen Celles sur Belle taldearen aurka jokatutako lagunartekoan, eta horren ondotik, sudurrean ondoeza izan du; denboraldi honetan Bera Beran egindako hamalau sasoietan baino partida gehiago galtzeraino –hernia diskaleko ebakuntza egin zioten denboraldian izan ezik-. Zentzu horretan, kapitainak esan du espero duela udaran guztiz sendatzea.

Bukatu berri den denboraldiaz nabarmendu du sasoi «ona» izan dela, «azken urteetan ihes egin» dieten garaikurrak eskuratuta. Bestalde, datorrenari begira, Menendezek adierazi du helburuak ez direla aldatzen, eta «titulu guztiak lortzen» saiatuko direla. Hala ere, azpimarratu du gorriz markatuta dituztela Kopa –etxean jokatuko baitute–, eta Europako multzoen faserako sailkatzea, «klubaren helburu nagusia», alegia.

Horrez gain, kapitaina ere mintzatu da etorri berri diren jokalarien inguruan: «Fitxaketak jokalari gazteak izan arren, maila handikoak dira, eta, multzoan aldaketa askorik ez dagoenez, etorri berri direnen egokitzapena errazagoa izango da».

Gavilan «etxean bezala»

Gavilanek Bera Beran beste denboraldi bat geratzea erabaki du, egin duten «lanagatik, kluba antolatzen den moduagatik, eta jokalari bakoitzari ematen dioten garrantziagatik». «Kanpokoei etxean bezala sentiarazten gaituzte eta oso garrantzitsua da hori urrun gaudenontzat», nabarmendu du pibotak. Kirol arlo eta profesionaletik harago, Gavilanen hitzetan, «klubaren alde humanoa» izan da giltzarri Donostian jarraitzeko.

Burutu duen denboraldiaz argentinarrak aitortu du pertsonalki asko hazi dela, eta harentzako erronka handia zela Donostian egokitzea. «Jokalari bakoitzaren hobekuntza apurka-apurka joan da, eta bakoitza bere aldetik ondo aritzeak, multzoa indartu du, joko ederra eginda», azpimarratu du Gavilanek.

Hurrengo denboraldiari begira, Menendezek esan duenaren bide beretik, nabarmendu du denon nahia dela Europarako sailkapena lortzea, eta gaineratu liga ere irabazi nahi dutela.

Honako jokalari hauek egongo dira datorren sasoian Alvarezen esanetara: Silva eta Aalla atepean, Etxeberria eta Erauskin eskuin hegalean, Hernandez eta Marie Louis ezkerrean –2024ko denboraldi amaierara arte sinatu zuen-, Gavilan eta Lyndie Tchaptchet pibotak, Arrojeria eta Boada erdialdean, eta Menendez, Loidi, Fernandes, Karsten, Arroyo eta Cavo alboan. Denboraldiaurrea uztailaren 26an hasiko da.