Tourra Euskal Herrian hasiko den honetan, oinarrizko txirrindularitza babestu behar dela ohartarazi duten zenbait mezu ere gailendu dira, are gehiago udaberri sasoian Gipuzkoak lasterketa asko bertan behera geratu zirela kontuan hartuta. Hortik abiatuta, Gasteizko Legebiltzarra adostasun batera iritsi da oinarrizko txirrindularitza lasterketetan segurtasuna bermatzeko mahai bat osatzeko. EH Bilduren proposamen bati jarraituz iritsi da ekimena Legebiltzarrera eta EAJ eta PSErekin adostasun batera iritsi da koalizio abertzalea.
Hala, datorren denboraldira begira, mahai bat eratuko da Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko txirrindularitza federazioekin elkarlanean aritzeko eta adosteko zein diren klubek dituzten beharrak oinarrizko lasterketak antolatzeko orduan eta zein diren bermatu behar zaizkien baliabideak proba horiek segurtasunez egin ahal izateko. Horren harira, Rebeka Uberak federazioek eta klubek norabide horretan egin duten lana goraipatu du. «Mahai hori abian jartzea eskatu dute behin eta berriz; beraz, gaurko akordioa euren lanaren eta presioaren emaitza ere bada».
Federazioekin batera, mahai horretan foru aldundietako kirol zuzendaritzek eta gai honetan ardura duten Gobernuko sailek, Segurtasun Sailak kasu, parte hartuko dute.
Uberak Legebiltzarrean lortu duen akordioaren arabera, Lakuak eratuko duen mahaiak, besteak beste, lasterketen egutegia eta ordutegiak aztertuko ditu, kirol irizpideak lehenetsiko ditu, lasterketetan segurtasuna bermatzeko neurriak zehaztuko ditu eta irizpideak ere definituko ditu errepideetako segurtasun gailuen ezaugarriei buruz, ibilbideen diseinu eta baimenei buruz eta boluntarioen beharrari eta segurtasunari buruz.
EH Bilduko legebiltzarkideak akordioaren balioa azpimarratu du, «urrats garrantzitsu bat delako lasterketak antolatzerakoan klubek izaten dituzten arazoak eta oztopoak ezabatzeko». Gogora ekarri duenez, «askotan zailtasunak hain dira handiak, ezen klubek lasterketa batzuk antolatzeari uko egin behar izan dioten, eta hori ez da onargarria, oinarrizko kirola sustatzea funtsezkoa denean».
Izan ere, nabarmendu behar da udaberrian Gipuzkoan zenbait lasterketa bertan behera geratu behar izan zirela segurtasuna bermatzeko zailtasunengatik. Gipuzkoako Federazioarekin adostasun batera iritsi ondotik, lasterketa hauek berreskuratu ahal izan ziren. «Klubek gero eta zailtasun handiagoak dituzte, Ertzaintzaren baliabideak eta baimenak lortzeko, adibidez, txirrindularien segurtasuna kolokan jartzeraino. Horregatik da garrantzitsua gaurko akordioa, arazo horiek guztiak konpontzeko balio behar duelako», ohartarazi du Uberak.