NAIZ

Autobide eta autopistetan ez da beharrezkoa izango triangeluak jartzea uztailaren 1etik aurrera

Autopista edo autobideetako istripuetan edo matxuretan ez da derrigorrezkoa izango triangeluak jartzea Estatu espainiarrean uztailaren 1etik aurrera. Trafiko Zuzendaritza Nagusiak (DGT) erabakia jakinarazi du, errepide horietan izaten diren heriotzak ekiditeko helburuarekin.

Autobide eta autopistetan ez da beharrezkoa izango triangeluak jartzea uztailaren 1tik aurrera.
Autobide eta autopistetan ez da beharrezkoa izango triangeluak jartzea uztailaren 1tik aurrera. (Cristian Blázquez Martínez | Gettyimages)

Trafiko Zuzendaritza Nagusiak ostegun honetan jakinarazi du uztailaren 1etik aurrera ez dela beharrezkoa izango autopista eta autobideetan triangeluak jartzea istripuak edo matxurak izaten direnean. Errepide horietan oinezkoen heriotzak ekiditeko helburuarekin indarrean jarriko dute neurri hori. Errepide arruntetan oraindik derrigorrezkoa izaten jarraituko du.

Azken 5 urteetan 22 pertsona hil dira autobide eta autopistetan autotik jaisteagatik Estatu espainiarrean. DGTk adierazi duen moduan, horrelako bideetan trafiko ugari dago eta ibilgailuek abiadura handian gidatu ahal dute. Hori dela eta, nahiz eta bazterbidetik ibili, autotik jaisten den pertsona orok bere bizitza arriskuan jartzen du. Horren isla dira azken urteetako heriotzak.

Ostegun honetan jakinarazi den salbuespena indarrean egongo da 2026ko urtarrilaren 1era arte. Data horretatik aurrera, gidariek derrigorrez V-16 argi-seinalea jarri beharko dute, triangeluaren ordez. Beste herrialde batzuetan jada triangeluak kendu dituzte, adibidez, Britainia Handian, eta beste asko horrelako neurriak ezartzea aztertzen ari dira.

DGTk gogorarazi du jada, uztailaren 1tik aurrera autopista eta autobideetan istripua izanez gero triangeluak jartzen ez dituzten ibilgailuak ez dutela salaketarik jasoko. Hala ere, errepide arruntetan 2026ra arte derrigorrezkoa izaten jarraituko du, ez baitu hainbesteko arriskurik horrelako errepideetan ibilgailutik jaisteak.