Esperotakoa bete da ostegun honetako Batzar Nagusietako osoko bilkuran eta Eider Mendoza izango da datorren legegintzaldian Gipuzkoako Ahaldun Nagusia. EAJ-PSEk osatutako koalizioak PPren batzarkide baten aldeko botoa (bakarra baina erabakiorra) jaso du.
Esperotakoa gertatu da, baina ez esperotako moduan. Urduritasunik izan da Batzar Nagusietan, lehenengo bozketan 24ra berdindu baitute Mendozak eta Iriartek, itxuraz PPko hiru ordezkariek abstentzioa emanda. Gipuzkoako Foru Gobernua osatzeko osoko bilkuraren bozketan bigarren boto kontaketak, baina, aurreikusi zitekeena berretsi du eta Eider Mendozaren hautagaitza nagusitu da Maddalen Iriarteren aurrean. PPren boto batek eraman du Mendoza agintera.
EAJko 17 batzarkideen, PSEko 7en eta PPko baten botoak, 25 guztira, jaso ditu EAJ eta PSEk koalizioan aurkeztutako hautagaitzak eta, beraz, Eider Mendoza izango da datozen lau urteetan Gipuzkoako Ahaldun Nagusia. Maddalen Iriarteren hautagaitzak bere koalizioko batzarkideen botoak (22) eta Elkarrekin Podemos taldekoenak jaso ditu (2), 24 guztira. Bi abstenzio izan dira, itxura guztien arabera, PPrenak.
Osoko bilkura luzea izan da ostegun honetakoa eta, momentu batzuetan, tentsio handikoa. Bi hautagaien hitzartzearekin hasi da. Eider Mendozak bere txanda probestu du gaur arteko foru Gobernuak egindako lana laudatzeko.
Ez dio aipamenik egin PPri bere lehenengo hitzartzean; bai, ordea, Foru Gobernua eskuindarren botoarekin lortuko duelako bere alderdiak jaso dituen kritikei –«astakeriak», bere hitzetan–. EH Bildu aipatu gabe baina koalizioari zuzenduta, demokraziaren joko-arauak errespetatzeko deia egin du, berretsiz ez dela zilegi «joko-arau demokratikoaren baitan hartutako erabakiak deslegitimatzea». Europan goraka ari den joera «populistekin» berdindu du maiatzaren 28ko bozetan gailendu zen koalizioa. «Egungo joera autoritarioen artean gero eta gehiago ari gara horrelako jarrerak ikusten, eta beldur naiz hona ere ez ote den iristen ari», esan du.
Beranduago, Maria Eugenia Arrizabalaga batzarkide jeltzaleak hartu du hitza eta, arrazoi berdinarengatik, «Trumpismoa» praktikatzea leporatu die koalizio abertzaleko kideei.
Lehen puntua: zaintza
«Adierazi nahi dizuet gaur, hemen, diputatu nagusi izendatzen banauzue, Gipuzkoak behar duen Gobernua eratuko dudala: epe luzeko begirada izango duena, aurrerakoia sozialean, berritzailea ekonomikoan eta gertukoa, gauzak egiteko moduan», nabarmendu du EAJren hautagaiak eguneko lehenengo hitzartzean. Bere esanetan, «gertutasuna, feminismoa, berrikuntza eta epe luzerako begirada» izango ditu ikur datozen lau urteetan eta Gipuzkoako 88 herriak bisitatu, bertako herritar eta eragileekin hitz egin, nahiz «alderdi guztiekin» elkarlanean aritzeko asmoa duela berretsi du.
Mendoza: «Egungo joera autoritarioen artean gero eta gehiago ari gara horrelako jarrerak ikusten, eta beldur naiz hona ere ez ote den iristen ari»
Jose Ignacio Asensioren alderdiarekin adostu duen bide-orria aurkeztu du Mendozak batzarkideen aurrean. Hamahiru puntu zehaztu dituzte bi aldeek, eta zaintza sistemarekin hasi da jeltzalea. Markel Olanok gidatu duen foru Gobernuak Adinberri programarekin egin duen lana goraipatu du, eta Pasaian garatzen ari diren programa honekin jarraituko duela iragarri. Zaintzan «berrikuntza» txertatu nahi du eta, hala, berrikuntza zuzendaritza berria sortuko duela esan du. Halaber, 11 egoitza berri egingo dituela hitzeman du, 300 plaza gehiago eskaini eta, itxaron zerrendak murrizteko helburuz, menpekotasun balorazioak egiteko epeak «erdira» jaitsiko dituela agindu du.
Iriarte: bestelako eraldaketa
Maddalen Iriartek, berriz, kritika egin dio EAJ-PSE binomioari eta Mendozaren diskurtsoari, esanez egungo eredua laudatu eta soilik «aldaketa txikiak» proposatzea jarrera «kontserbadorea» dela. Bestelako eraldaketa proposatu du berak eta «ortzi-muga berriak» bilatzeko konpromisoa hartu. Baita zaintzaren sektorean ere.
«Bizitza osoan zehar izan behar dugu zainduak izateko eskubidea; honek zaintza zerbitzuen birdefinizioa eskatzen du», agertu du. Hala, koalizio abertzalearen hautagaiak, lehenik, eztabaida bultzatzea proposatzen du, horretarako, Gipuzkoako Zaintzaren Mahaia sortuta, non inplikatutako agenteek –Lakuako Gobernua, Aldundia, udalak, adituak, zaintza sektoreko langileak, erabiltzaileak eta azken hauen senideak, besteak beste– 2030erako estrategia adostuko duten.
Eman beharreko pausoek, zehaztu du, zaintza sistema publiko eta komunitario baterako bidea egin behar dute eta, doakotasuna helburu, zerbitzu hauen koordainketa murriztea litzateke Iriarteren lehen neurrietako bat. Zaintzaren bulego estrategiko bat bultzatzeko asmoa ere iragarri du, arduratuko dena, besteak beste, udalei aholkularitza zerbitzua emateaz eta hauek bultzatutako ekimenak diruz eta baliabidez laguntzeaz.
Trantsizioak, martxan
Bi hautagaiek egungo erronka «kolosalak» izan dituzte hizpide, baina hauei aurre egiteko proposamenetan ez dute bat egiten. Iriartek deitoratu egin du orain arteko Gobernuak ez duela «antizipazioz» jokatu eta, beraz, egin beharreko trantsizioak, hala nola trantsizio energetikoa, klimatikoa eta demografikoa, berandu datozela. Trantsizio hauek gauzatzeko hartuko lituzkeen neurri batzuen berri eman du, kasurako, Next Generation funtsekin trantsizio energetikorako bulego bat sortzea, energia merkaturatzaile publiko bat martxan jartzea eta Gipuzkoako herri guztietan komunitate energetikoak bultzatzea. Energia berriztagarrien beharra ere aldarrikatu du, aipatuz jakitun dela zenbait proiektuk eztabaida piztu dutela herritarrengan.
Iriartek gaineratu du, halaber, trantsizio energetikoa «eskualdez eskualde» egin behar dela eta Debagoiena 2030 eredua lurralde osora zabaltzeko hautua egingo lukeela esan du.
Iriate: «Bizitza osoan zehar izan behar dugu zainduak izateko eskubidea; honek zaintza zerbitzuen birdefinizioa eskatzen du»
Berriztagarrien aldeko jarrera erakutsi du Mendozak ere eta zehaztu du industrian «karbono neutraltasuna» sustatzeko neurriak hartuko dituela, baita etxeetan autokontsumoa sustatzeko ere.
Industria, Gipuzkoaren bizkar-hezurra
Eider Mendozaren helburuetako bat izango da Gipuzkoako enpresen eta ekonomia ehunaren «lehiakortasuna indartzea». Horren baitan, soldata ezberdintasunak ekiditeko neurriak bideratzeko asmoa aurreratu du, ahalegin horretan «genero ikuspegia txertatuz eta pertsona gazteen laneratze ibilbideak sustatuz».
EH Bilduren hautagaiak, aldiz, Gipuzkoaren «bizkarrezurra» den industriak indarra galdu duela gogoratu du eta berau «babesteko» beharra azpimarratu du. «Industria BPGren %32 zen 2008an, eta 2020an %27,6. Ekonomia dualizatu egin da, zerbitzu sektoreak indar handiagoa du eta enpleguaren prekarizazioa ekarri du horrek», ohartarazi du.
Mugikortasuna
Hautagai jeltzaleak adierazi duenez, «aurrerapauso gehiago emango ditugu mugikortasun iraunkorrean». Mugi txartelaren prestazioak digitalizatu asmo ditu eta autobus zerbitzuak, trena eta bizikletaren erabilera indartzeko neurriak hartu.
Iriartek, bere aldetik, mugikortasunaren inguruko azterketa egingo luke «eskualde guztietan», «garraio publikoa indartu eta honen kalitatea hobetzeko» ekinbideak diseinatzeko. Bere ustez, halaber, garraio publikoak doakoa izan beharko luke 12 urtetik beherako herritarrentzat, baita adin horretatik gorako ikasle, herritar zaurgarri eta langabetuentzat ere. «Gainerako herritarrentzat %80ra arteko hobariak martxan jarriko genituzke, egun dauden deskontuak handituz», gainerau du.
Eta fiskalitatea?
Fiskalitatea da Foru Aldundiek kudeatzen duten eskumenik garrantzitsuenetakoa, baita eztabaida gehien pizten duenetakoa ere. Bada, Mendozak ez du apenas garatu arlo honetan egingo lukeena: «Politika fiskal zuzen eta aurreratuaren» alde egin du, «herritarren ongizatea eta ekonomiaren lehiakortasuna babesteko», eta konpromisoa hartu du iruzur fiskalaren aurkako borroka areagotzeko. Bestelako zehaztapenik ez du eman.
Maddalen Iriartek zentzu honetan hartuko lituzkeen politikaren hastapen eta helburuak finkatu ditu: hasteko, eztabaida zabalduko luke eta ponentzia bat sortuko luke horretarako. Eta, helburua, fiskalitate justu eta progresiboago batera egitea. «Hau da, gehien duenak egin dezala ekarpen handiena», agertu du.
Gainontzeko taldeak
Ahaldungai Nagusien atzetik, gainontzeko taldeetako ordezkariek hitza hartu dute Batzar Nagusietan. Elkarrekin Podemoseko Miren Echevestek hasi du txanda, esanez herritarrek M28an aukeratu zutenaren inguruko hausnarketa «zintzoa» egin behar dela. «Norabide aldaketa bat eskatu zuten», zehaztu du. Horrekin lotuta, galdera luzatu die PSEko kideek: «Zintzoak zarete ezkerreko politiken alde botoa eman zuten herritarrekin?» PSEk «amore eman du», esan du, PPren babesa hartzearekin ezkerreko politikak egiteari «uko» egin baitio bere ustez. «Ukatzen duzuen arren, hiruko alderdi ultrakontserbadoare baten aurrean gaude», aurpegiratu die EAJ eta PSEri.
PPren izenean, hurrengo Ahaldun Nagusia emakumezkoa izango dela ospatuz hasi du Mikel Lezamak bere hitzartzea. Foru Gobernua osatzeko aliantzak eta itunak behar direla gogoratu du eta «alderdien interesen gainetik» «gobernagarritasuna» bilatzearen alde egin du. Ez du bere alderdiaren botoaren inguruko aurrerapenik egin, baina EAJ eta PSEri ohartarazi die: «Zuen baturak ez du ematen». Beranduago adierazi du, bere alderdikide batzuk ez bezala, bera ez zegoela ados EAJ eta PSEri babesa «doahinik» ematearekin. «Batez ere ez dutenean merezi», nabarmendu du.
PSEko Jose Ignacio Asensiok nabarmendu du EAJrekin berretsi duen itunaren bitartez «egonkortasuna» bilatzen duela. «Desberdintasunen arteko akordioak» defendatu ditu eta esan du ez dituela «ulertzen» akordio horien kontrako jarrerak.
Tarte honetan bai, Maria Eugenia Arrizabalaga EAJko batzarkideak onartu du PPk izango duela Gobernua osatzeko giltza. Baina hori alderdi popularraren «erabaki propioa» dela esan du eta EAJ, PSE eta PPren arteko itunik dagoenik ukatu.
Ez du berdin irizten EH Bilduko Esti Elduaienek, zeinek berresan baituen EAJk PPrekin akordioa «negoziatu» duela eta Mendozaren alderdiari eskatu baition ez hartzeko gipuzkoarrak «tontotzat». Durango, Labastida eta Gasteizko udal gobernuetan gertatutakoa gogoratu du. «Akats handia egingo duzue, inoizko PP muturrekoenaren esku utziko duzue gobernagarritasunaren giltza», deitoratu du.