Iraitz Mateo

Anjel Lertxundiren obrak arakatu eta omendu dituzte Donostian

Anjel Lertxundi idazlearen ibilbidea eta bidean idatziriko obrak aztertu dituzte ostegun eta ostiral goizean Donostian, EHUk antolaturiko ikastaro batean. Feminismoa, komunitatea, memoria eta ahozkotasuna izan dituzte hitzetik hortzera.

Danele Sarriugarte eta Anjel Lertxundi solasean.
Danele Sarriugarte eta Anjel Lertxundi solasean. (Gotzon Aranburu | FOKU)

Ez da askotan gertatzen autore baten obrak aztertu, hausnartu, eztabaidatu eta ikuspegi ezberdinetatik plazaratzeko jardunaldietan autorea bera bertan egotea. Egoerak eragiten dituen deserosotasunei aurre eginez, ordea, bertan izan da Anjel Lertxundi idazlea ostegunean eta ostiralean EHUk antolaturiko udako ikastaroetan. Bere obra eta ibilbidea landu dituzte, eta Lertxundik «hirugarren idazle bati buruz» ari izan balira bezala jarraitu du ikastaroa, hitz egiten ari zena bera zela jakitun. Amaiera aldera aitortu du, bere hurrengo lana prestatzen dabilela: hiztegi bat izango da, berezia, bere lanetan ezaguna den Berbelitzen ikuspegitik egingo baitu.

Ostiral goizean Lertxundik berak hartu du hitza, lehendabizi Danele Sarriugarterekin batera egindako solasaldian, eta bigarrenez, ikastaroa ixteko egin duen hitzartzean. Ostegunean bere lanaren ardatz ezberdinak landu zituzten eta Sarriugartek, «gai orokorragoen» inguruan galdegin dio ostiralean. Pasa den astean Zarautzen egin zioten ekitaldiari eta aste honetako ikastaroari lotuta, «zurrunbilo» batean aurkitzen dela aitortu du Lertxundik, eta eroso sentitu dela ikastaroan zehar, berari ideia literarioak interesatzen zaizkiolako eta ikastaroak horretarako eman duela argituz.

Lertxundiren idatzietan idazle zein erreferentzia feministak aurki daitezkeela kontatu du Sarriugartek, zaurgarritasuna zein zaintza ere presente daudela bere lanetan, eta feminismoak bere idazle ibilbidean zein ekarpen egin dion galdetu. Lertxundik aitortu du, galdera horrekin lehendabizi bere amarekin gogoratzea ezinbestekoa zaiola. Zarauztarrak gaixorik ikusi izan du ama eta horrek «asko markatu» ziola azaldu du, ondoren, emaztea ere gaixotu zitzaion eta erabaki bat hartu zuen: bere denbora zaintzara bideratzea. «Emazteak esaten zidan ‘zenbat ari didazun laguntzen’, eta nik esaten nion egoera alderantziz gertatu balitz, eta ni izan gaixo nengoena, berak zortzi aldiz gehiago egingo zuela. Genero rol jakin batzuk ditugu, eta horren eraginez, nahiz eta nik ahalik eta gehien egin, beti izango dela gutxiago».

Bigarrenik, alaba zaharrenari oparitutako liburu batekin lotu du bere ibilbidean feminismoak izandako eragina. «Hiztegi bat zen, nola ez –aitortu du barre artean–, eta feminismoaren kontzeptu garrantzitsuenak jasotzen zituen. Lehendabizi nik irakurri nuen, lapitzarekin, eta ondoren alabari oparitu; baina konturatu naiz hamar urtean asko aldatu direla kontzeptuak». Denbora laburrean ibilbide luzea gorpuztu duela feminismoak azaldu du, «nahiz eta ez diodan eman behar niokeen garrantziarik ematen, lehen pertsonan esaten dut, ezin dudalako gizon guztien izenean hitz egin».

Azkenik, ‘Hamaseigarrenean, aidanez’ bere lan ospetsuaren inguruko anekdota kontatu du: «Bertan kontatzen den gertakaria aspalditik nuen kontatzea buruan, baina ez nuen nola enfokatu asmatzen. Gertakari bat dela eta konturatu nintzen protagonista ez zela gizonezkoa, sufritzen ari zen emakumearen paperetik kontatu behar nuela». Aitortu du liburu gehiagorekin ere izan duela zalantza hori, ‘Otto Pette’-n esaterako, baina azkenerako, iruditu zitzaiola ezin zuela bere egungo emakumezkoaren irudia erdi arora trasladatu.

Komunitatea ardatz eta helduleku

Belaunaldi bakoitzak bere buruari soilik begiratzen dionaren irudipena duela azaldu du, eta horrek kezka sortzen diola: «Iruditzen zait letren munduan ez dagoela lehenaren presentzia, beti uste dugula lehendabiziko aldiz gu ari garela gauzak egiten». Egungo euskarazko literaturan topatzen dituen zenbait ideia kezkagarri ere mahagaineratu ditu: batetik, zabalkunde oso urria duela; bigarrenik, indibiduala geroz eta gehiago zabaltzen ari dela; eta hirugarrenik, «iragan kulturalik» ez dugula ematen duela kritikatu du.

Komunitatea izan da bere hitzartzean nabarmendu duen kontzeptua. Aski zaila egin omen zaio definizio bat topatzea, eta disko gogorrean bilaka aritu ostean, Xabier Leteren esanak ekarri ditu gogora: «Abertzaletasuna ezaren gainetik komunitate bat da, historia, kultura eta hizkuntza baten etxea». Identitate marka bat ere sortzen duela bere ustez komunitateak azaldu du, eta sortzaileei «marko artistiko» bat ematen diela. Horrekin lotuta, idazleek komunitateari erantzun behar diotela uste du berak: «Ni-aren kompromiso partikularretik komunitateari erantzun behar zaio, hemendik kanpo merkaturik ez balego bezala idatzi, komunitatearentzat eta komunitatetik; horrela etxekoa eta aldi berean unibertsala izango da».

Memoriaren inguruan ere apunte bat egin du, esan baitu berarentzat memoria ez dela atzean duguna soilik, etorkizunarekiko proiektatzen duguna ere badela. Euskarari lotuta, azken oharra egin du: «Hizkuntzaren hilkor sentimenduak bizi gaitu, nik sentimendu horretatik idatzi izan dut eta idazten dut».

Ahozkotasunaz bi hitz

Juan Kruz Igerabide idazleak Lertxundiren obretako ahozkotasunaren inguruan hitz egin du ostiral goizean. Igerabideren iritziz tradizioa, eta batez ere ahozko tradizioa biziberritzeko izugarrizko lana egin du Lertxundik. Etxetik jasotako hizkera edo «barruko ahots horri» uko egin gabe idazten du zarauztarrak Igerabideren ustez. «Lertxundik errota zahar maiteari eragiten dio, iturri ezberdinetako ura ekarriz, eta errota liburu bakoitzean berrituz». Tradizioak bizirauteko, umeen ahotara tradizioa gaurkotua ekartzea garrantzitsua da Igerabideren ustez, eta omendutako idazlearen liburuetan hori aurki daitekela azaldu du. Liburu ezberdinetako hamaika adibide kontatu ditu, amaierarako poesia bat errezitatzen ari zenaren itxura hartu du bere hitzaldiak.