Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / redactora de actualidad

Rol jolasa

«Unax sagua, ama sagua», erraten dit. Edo: «Unax ama, ama umea». «Unax usoa, ama usoa», eta besoak zabaldu eta hegaka ateratzen gara. Rol jolasekin hasi berri da etxeko txikia eta, berarekin batera, ni. Gustuko dut, interesgarria eta gozagarria zait. Eta, Unaxekin sarri gertatzen zaidan bezala, zabaltzen laguntzen dit. Ikusi ditut rol jolasarekin deseroso sentitu diren helduak, bereziki haurra bertze haur baten azalean sartu denean: «Unax Pau». «Ez, ez; zu, Unax». Zer erranik ez helduari bertze heldu baten izena eman dionean. Ulertzen ditut.

‘Nire’ aulkian jaten dut egunero eta aitortzen dut batzuetan -maiz, gehienetan?- ez dudala ideiarik ere parean dudanaren barrenak mugitzen dituenari buruz. Pilatesen ‘nire txokora’ joaten naiz zuzen, eta okupatua badago eta bertze nonbait jarri behar badut ez naiz hain seguru edo eroso egoten.

Berezia da gutako bakoitza eta hala sentitzeko beharra dugu. Hala ere, eta esperientziaz diot, berezi sentitze horrek baditu mugak eta arriskuak. David Vico filosofoak honela dio: «Bereziak gara, bai. Zabor poltsa bakoitza ere berezia da». Inori zabor deitu gabe, umorez mintzo da, umiltasunez.

Aunitz aipatzen da autoezagutza, eta Vicok ohartarazten du gure burua bertzeekin ezagutzen dugula. Ingurukoekin harremanean: solasean, isilik edo eztabaidan. Ondokoak ispilu zaizkigu, ala kontraste. Batzuetan kontraste izatea nahi genuke eta ispilu dira eta horregatik haserrearazten gaituzte. Atomizatuak gaude, klase ertain altua, ertain ertaina eta ertain baxua bereizten saiatzeraino, gehienok klase berekoak, langileak, garela ahantzita. Bizian gehien lagundu didan ikasgaietako bat izan da zer antz handia dugun eta zein gauza antzekoak gertatzen zaizkigun ohartzea, berberak ez errateagatik. •