Iraitz Mateo

Hastapenetako balioetan sakonduz kooperatibismoa zabaltzeko deia

Berdintasuna, jasangarritasuna eta parte hartzea; horiek omen dira kooperatibismoaren zutarriak. Kooperatiben nazioarteko eguna izan zen atzo eta, horren harira, munduko kooperatibistak elkartu eta Donostian jardunaldi bat antolatu zuten esperientzietatik abiatuz Agenda 30eko erronkei erantzuteko.

Donostiako udaletxean, atzo egin zen kooperatibismoaren inguruko jardunaldia.
Donostiako udaletxean, atzo egin zen kooperatibismoaren inguruko jardunaldia. (Andoni Canellada | FOKU)

Kooperatiben nazioarteko eguna zen atzo, eta hori dela-eta ospatu zuten munduko kooperatibek Donostian “Kooperatibak garapen jasangarriaren alde” jardunaldia. Bertan bildu ziren munduko kooperatibistak, bakoitzak bere esperientziak kontatu zituen, eta guztien artean helburu partekatuak mahaigaineratzen ahalegindu ziren. Donostian egitea berezia izan zen, antolatzaileen esanetan; izan ere, Euskal Herria kooperatibismoaren aitzindaritzat dute askok, kooperatiben hastapenetako jasangarritasuna, berdintasuna eta parte hartzearen balioak praktikan jarri zituen tokitzat.


700 herrialdek baino gehiagok jarraitu zituzten lan-alorren baitan antolaturiko mahai-inguruak Agenda 30ak markatutako helburuekiko, eremu bakoitzean zein erronka dauden azalduz. Amaieran, Luis Miguel Jurado Coceta-ko presidenteak eta Rosa Lavin Konfekoop-eko presidenteak hartu zuten hitza. Goizean zehar aipatutakoak azpimarratu zituen Juradok; «aurrera egiteko» aliantzak, ikusgarritasuna eta erakargarritasuna indartu behar direla azaldu zuen: «Optimistak gara, ekonomia soziala da pertsonak erdigunean jartzen dituena, eta hori da gure bokazioa, ongizate jasangarria eraikitzea».  Lavinek etorkizunari begiratu zion, gazteekin «konektatzearen beharra» nabarmendu zuen, eta kooperatibismoa «etorkizuneko erreferente» bilakatzeko erronkan berretsi dela azaldu. Publiko-pribatuaren arteko kolaborazioan sakontzea beharrezkoa dela adierazi zuen, berdintasuna landu behar dela kooperatibetan, emakumeen eta gazteen ahalduntzea bultzatuz. «Demokrazia enpresetara sartu behar da, ezin da enpresen ateetan geratu», gaineratu zuen langileen parte hartzeari buruz.

Mikel Intxausti: «Pertsonak erdigunean jartzeak esan nahi du energiaren eskubideak unibertsala izan behar duela»

 


Komunitatea oinarri

Sei mahai-inguru egin ziren, sei gairen inguruan. «Komunitateen ongizatearen alde» izenburupean egindakoan, bi euskal kooperatibak hartu zuten parte, Goienerrek eta Mondragonek. Mikel Intxaustik hitz egin zuen Goienerren izenean eta sortu zirenetik energia berriztagarriekin soilik lan egin dutela azaldu zuen. Autokontsumoaren alde jarduten dutela, eta, horretarako, maila lokalean egiten dutela lan zehaztu zuen: «Lokalean egiten dugu lan, ez txikiak garelako, horretan sinesten dugulako baizik».  Pertsonak erdigunean jarri beharra aldarrikatu zuen, eta horretarako energiak eskubide unibertsal izan behar duela gaineratu.


Mondragon kooperatibatik Leire Mugerzak hartu zuen hitza. Kooperatiben eredua ona dela baieztatu zuen, gero bertako pertsonen gauzapenak hobeak ala okerragoak izan daitezkeela, baina eredua egokia dela. Mondragon kooperatibari begiratuz, «pertsonak eta komunitateak duintzeko modu bat» dela azaldu zuen: «Beti hasten gara gizartean dauden beharretatik; lana beste modu batera sortzearen beharra sumatu zen hastapenetan, eta horregatik sortu zen kooperatiba». Mondragonen kasuan, formakuntza –kasu honetan hezkuntzari lotutakoa– eta enpresa lotzen dituen filosofia jarri dute praktikan eta «transferentzia» zuzena izateak asko lagundu izan diela azaldu zuen Mugerzak.

CoopCateko presidente Guillem Llorens etxebizitzaren inguruko kooperatibez mintzatu zen. «Erabilera lagapena» eredua erabiltzen dutela azaldu zuen eta, horrela, esku pribatuetara edota irabaziak egin nahi dituztenen eskuetara igarotzeko arriskua gutxitzen dela. «Merkatu soziala sortzen dugu, horrela, eraikuntzarako, arkitekturarako edota energia komertzializatzeko kooperatibak sortzen ditugu». Komunitatearekiko konpromisoz, merkatu sozialean aktibo bilakatzea dute erronka. Martin Lowey Estatu Batuetako ordezkariak, energiaren inguruan hartu zuen hitza eta «kooperatiba irisgarri, jasangarri, fidagarri eta modernoak» eraikitzeko apustua egin dutela erantsi  zuen.

Elena Perez: «Kooperatiben balioek inoiz baino gehiago egiten dute bat belaunaldi berriok ditugun balioekin: berdintasuna, jasangarritasuna eta parte hartzea»



Etorkizuna gazteen esku  

Victor Mesenguer Gizarte Ekonomiarako ESEPEko ordezkariak erreleboa hartuko duen gazte jendea badagoela esan zuen, nahiz eta erretiroa hartuko duten guztien postuak betetzeko adina badiren zalantza izan, belaunaldi «oso oparo» batek utziko baitu laster. Gazteentzat kooperatibismoa erakargarria izan daitekeela esan zuen, baina «proiektua azaltzeko zailtasunak» dituztela oraindik: «Europan kooperatibismoa bigarren mailako ekonomia bat den pertzepzioa dago, ez dugu asmatzen saltzen edo azaltzen».


Beatriz Santamaria Bizipoz kooperatibako kidea da. Gazteek osatzen dute kooperatiba, duela bost urte sortu zuten LEIN ikasketak amaitu ondoren, eta «zahartzaro duinaz» arduratzen dira. «Zahartzaroaz hitz egiten ez da jubilatzerakoan hasi behar, lehenagotik prestatu behar dugu eta gazteok paper bat dugu bertan».  Herri «lagunkoiak» sortzea dute helburu; zaharren ikuspegitik begiratzen diete herriei baina, Santamariaren arabera, helduentzako ona dena herritar guztientzako ona da, eta, beraz, herri ereduak eraldatzen hasteko deia egin zuen.


Elena Perez mexikarra da, 21 urte ditu eta argi du etorkizuna kooperatibetan dagoela: «Kooperatiben oinarrizko balioak  –berdintasuna, jasangarritasuna, parte hartzea– gaur egungo belaunaldi gazteen balioekin guztiz bat datoz».