Bilboko LGTBIQ+ zine eta arte eszenikoen jaialdiak edizio honetako sariak banatu ditu astelehen honetan. Film luze eta laburrik sarituenen kasuan Libanoko errealitateak izan dira protagonista nagusiak. Honezaz gain, Zinegoakeko palmares honetan nabaria da emakumeen presentzia, 9 saritik 6tan irabazleak emakumeak direlako.
EITB taldearen babesa duen Zinegoak Sari Nagusia (4.000 euro) ‘Sirens’ dokumentalarentzat izan da, Rita Baghdadi zuzendariarena, iragarri du antolakuntzak. Epaimahaiaren ustez, «panorama konplexua kontatzen du, non gatazka politiko, sozial eta kulturala gorputzaren praktikekin lotzen den, aldaketa eragile gisa, gorputza desio, sormen, erresistentzia eta eraldaketa sozialerako leku gisa eratuz: erregimena erori ostean sortu diren disidentzien ispilu».
Sari nagusia irabazi duen Rita Baghdadiren lanak «panorama konplexua kontatzen du, non gatazka politiko, sozial eta kulturala gorputzaren praktikekin lotzen den»
‘Sirens’ ere izan da DOK kategoriako saridun nagusia. Bertako epaimahaiak aipamen berezia egin dio Juliaca Carik zuzendutako ‘Uyra, a retomada de floresta’ lanari, «ikuspegi dekolonialetik filmatzen duen testuinguruarekiko kosmobisio iragazkorra erakusteagatik».
FIK sailari dagokionez, Julia Muraten Regra 34 filmak irabazi du. Honela definitu dute: «Pelikula ausarta da, desioak mugak apurtzen dituelako eta gorputzak kokatuak eta politikoak direlako. Gainera, estetikoki narratiba zinematografiko berriekin lotuta dago».
KRAK sailean aldiz, narratiba berriak ardatz dituena, Theo Montoyaren ‘Anhell69’ lanak jaso du saria, «zinematografia-elegia boteretsu eta liriko baten bidez Medellingo queer gazteek jasaten duten indarkeria agerian uzten duelako».
Publikoaren saria Dania Bdeir-en ‘Warsha’ film laburrarentzat izan da, eta azken astean zinemaldiko aretoetara joan direnek euren botoekin hautatu dute. Lan honek Senior Epaimahaiaren saria ere eraman du, «aurrez aurre dauden bi munduren gainean eraikita dagoelako: mundu zapaltzaile eta ilun batetik, zailtasunez eta arriskuz beteriko bide baten ondoren, bere barne askatasuna bizitzera igarotzen delako».
Gazte epaimahaiak, bestalde, Isa Luengo eta Sofia Esteve Santojaren ‘Perpetua felicidad’ film laburra saritu du, bere «naturaltasuna» txalotuz. Paco Ruizen ‘Desviación Típica’ lanarentzat izan da euren aipamen berezia.
Honezaz gain, Aniztasun eta Giza Eskubideen epaimahaiak Tünde Skovranen ‘Who I Am Not’ film luzea saritu du, «oraindik oso ikusezina den sexu arteko disidentziaren bi bide desberdin eskaintzen dituelako. Pertsona intersexualen bizitzak zeharkatzen dituzten egiturazko indarkeriak erakusteaz gain, filmak loturak eta laguntza eta zaintza sareak ere erakusten ditu».
Epaimahaiak aipamen berezia egin dio ‘Uyra: a retomada da floresta’ lanari, «estetika eder eta barearekin erakutsi duelako trans identitate ez-binarioaren eta periferiako gorputz-lurraldearen defentsaren arteko elkargunea».
Gehiago ere izan da. Lesbianismoaren eta Generoaren sariari dagokionez ‘Casa Susanna’ lanarentzat da, Sébastien Lifshitz-ena (Zinegoak 2021eko ohorezko saria eskuratu zuena). Arrazoia hauek eman dituzte: «Etxearen eta protagonisten historia dokumentatzeagatik, haien testigantzak kontu handiz eta errespetuz agertuz, eta garai hartako erreferentziarik ezean, komunitatean besarkatzen dira».
Horrez gain, atal honetan aipamen berezia egin nahi izan diote Tünde Skovrango zuzendariaren ‘Who I Am Not’ filmari, «identitate intersexualetara hurbiltzeagatik, Hegoafrikako bi protagonistaren istorioa antzeztuz eta nagusi den binarismoa agerian utziz eta kolokan jarriz».
Interpretazioaren profesionalek Fikziozko Film Luzeetan Protagonistaren Interpretazio Onenaren saria ere eman diote Sol Mirandari (Regra 34), «unibertso oso desberdinak maisuki lantzeagatik». Eta Antzezpen Sekundariorik Onena Mutt filmeko Alejandro Goicentzat, «bere begirada samur eta egiazkoarekin hunkitzeagatik».
Palmaserakin jarraituz, ZG/PRO WIP saria Egoitz Arbiol Albeniz eta Ibai Fresnedoren ‘Armairutik plazara’ proiektuarentzat izan da, Hiruki Larroxa Kooperatibak ekoitzia.
Filminen ikusteko aukera orain
Behin 20. edizioa amaituta, sail ofizialeko film batzuk Filmin plataforman ikusgai dira uztailaren 5era arte: ‘Casa Susanna’, ‘Los agitadores’, ‘Regra 34’, ‘De noche los gatos son pardos’...
Horrez gain, beste hainbat lan ere ikusi ahal izango dira: Ángeles Cruz ohorezko sariari buruzko atzera begirakoa, 20. urteurrenari buruzko ziklo berezia, euskarazko O.S. zikloa...