NAIZ

Gure Esku: «Eskerrik asko, euskal herritarrok herri izaera erakutsi diogu nazioarte osoari»

Gure Eskuk errana zuen Tourra Euskal Herritik igarotzean ikurrinez osatutako olatu bat sortzeko asmoa zuela; erran eta egin. Ikurrinaren bidez, behin eta berriro, han eta hemen agertu dute euskaldunek herri sentimendua. Ekimena ez da bukatu, asteazkenean Zuberotik pasatuko delako lasterketa.

Pirritx, Porrotx eta Marimototsek lagundu zuten Irun eta Hendaia artean egin zen kalejira koloretsu eta umoretsua.
Pirritx, Porrotx eta Marimototsek lagundu zuten Irun eta Hendaia artean egin zen kalejira koloretsu eta umoretsua. (Gorka RUBIO | FOKU)

Nabarmena da egunotan Tourra bertan izan dugula. Asteazkenean Zuberoan eginen du kuku txiki bat. Gure Eskuk ikurrin olatu erraldoi bat osatu du ikurrinez, nazioarteko erakusleiho aparta baita lasterketa eta kirolaz harago, bertzelako mezuak zabaltzeko aukera ematen baitu. Ekimenaren balantze ezin hobea egin du Josu Etxaburu mugimenduaren bozeramaileak.

«Euskal herritarrok harrotasuna erakutsi dugu, herri izaera. Burujabetza osoa lortze bidean herri sentimendu hori islatu behar dugu, eta hori da plazaratu duguna, hori da nazioarte osoari erakutsi dioguna, ikurrinen bidez. Hunkigarria izan da leku guztietan bizi izan duguna», adierazi du Donostiako Alderdi Ederren egin duen balorazioan.

Eskerrak eman dizkie euskal herritarrei egindako lan eskergagatik. «Erakusteko gai izan gara. Hasieran esan genuen gure asmoa ikurrina olatu bat sortzea zela; esan eta egin, burutu dugu, eta ikurrina izan da behin eta berriro, han eta hemen agertu den ikurra».

Lanean jarraitu beharra

Etxaburuk azpimarratu duenez, burujabetza osoaren bidean tarteko helmugak baino ez dira hauek, eta lanean jarraitu beharra dago, «pedalkadaz pedalkada herri honek bere etorkizuna libre erabaki dezan eta burujabetza osoa lortu dezan».

Gure Eskuren ikurrinen ekimena ez zen astelehenean amaitu, asteazkenean bukatuko da; izan ere, Zuberoko herri batzuetatik pasatuko da Tourra eta bertan izanen dira, «Euskal Herria zazpi lurraldeko herria dela eta bere etorkizun politikoa erabaki nahi duela aldarrikatzen».

Hori dela eta, Gure Eskuk ostegunean, 11.30ean, eginen du Bilboko Karolan bere azken balorazioa.