Mundu mailan ‘El Niño’ izeneko fenomenoa deklaratu du Munduko Meteorologia Elkarteak (WWO). Lehen aldiz zazpi urteetan, fenomeno klimatologiko hau emateko baldintzak daudela adierazi dute meteorologoek. Horren ondorioz, aurten tenperaturek gora egingo dutela eta kliman aldaketa nabariak egongo direla aurreratu dute.
WWOko meteorologoen arabera, gehiengo tenperaturetan markak hausteko «aukera handiak» daude mundu osoan zehar, baita ozeanoetan ere. Tenperatura altu horiek seguruenik hurrengo hiru hilabetetan izango direla iragarri dute adituek. Hala ere, ‘El Niño’ fenomenoaren ondorioak 2023ko amaierara arte nabarituko direla uste dute, azken hilabeteetan jada ondorio arinagoak izan arren.
2015 eta 2016eko fenomeno berdina ematen ari dela adierazi dute meteorologoek, tropiko aldeko Ozeano Barean dauden baldintzak direla eta. 2016an inoiz erregistratu diren tenperatura altuenak eman ziren. 2018 eta 2019 artean ere ‘El Niño’ fenomenoaren susmoa izan zuten, baina ez ziren horretarako eman beharreko baldintzak eman.
Lehorteak batetik, eurite gogorrak bestetik
Aurtengo kasuan 2016ko ezaugarri berdinak identifikatu dituztenez, adituek lehenbailehen iragartzea erabaki dute, dakartzan ondorioak ahal den heinean «leuntzeko». Wilfran Moufouma WWOko meteorologoak eta ‘El Niño’ fenomenoko adituak adierazi du seguruenik lehorteak emango direla, bereziki Australia eta Hego Amerikan. Horretaz gain, munduko beste leku batzuetan eurite gogorrak egongo direla ere iragarri du.
Horren aurrean, meteorologoek aldaketa meteorologikoak eragingo dituen ondorioak ahalik eta hoberen pairatzeko, aldez aurretik neurriak zehaztea beharrezkoa dela adierazi dute. Bizitzak eta lehengaiak salbatzeko, herrialdeek aldaketa klimatikoak dakarren ondorioak leuntzeko ardura hartu behar dutela adierazi dute adituek.
Aurtengo otsailean eta maiatzean Ozeano Bareko gainazalean jada tenperatura igoerak erregistratu zituzten; -0,44 graduetatik +0,47 graduetara, alegia. Meteorologia eta Hidraulika zerbitzuak WWOko espezialistekin lankidetzak arituko direla adierazi dute, ‘El Niño’ fenomenoaren ezaugarriak identifikatu eta horren ondorioak gertutik ikertzeko helburuarekin.