NAIZ

Trenbidea blokeatzeagatik bakegileei kalte-ordainak eskatzeko auzia azarora atzeratu dute

Iazko uztailaren 23ko blokeatze egunean parte hartzeagatik epaitu zituzten bederatzi euskal herritarrei 168.000 euroko kalte-ordaina eskatzen die SNCF konpainiak. Astearte honetan aztertu behar zuten auzia, baina azarora atzeratu dute, Bake Bideak jakinarazi duenez.

Bakegileak Tarnos inguruan, trenbidea blokeatzen, 2022ko uztailaren 23an.
Bakegileak Tarnos inguruan, trenbidea blokeatzen, 2022ko uztailaren 23an. (Bakegileak)

2022ko uztailaren 23ko blokeatze egunean parte hartu zuten bederatzi ekintzaileei eskatzen zaizkien kalte-ordainak zehazteko auzia heldu den azaroaren 6ra atzeratu dute, Bake Bideak jakinarazi duenez.

Egun hartan kartzela zigor luzeak jaso zituzten euskal presoen egoera desblokeatzeko desobedientzia zibil ekimen zabala gauzatu zen Ipar Euskal Herrian. Bokale inguruan trenbidea moztu zuten bederatzi pertsonak; atxilotu eta Landetan komisariara eraman zituzten. Horren ondotik, Akizeko auzitegian epaitu zituzten iazko abenduan. Sententzia urtarrila bukaeran iritsi zen: epaitegiak isun sinbolikoa ezarri zien.

Nolanahi ere, kalte-ordainen gaineko afera beste auzi batean aztertzea galdegin zuen SNCF tren konpainiaren abokatuak. Asteaarte honetarako ezarri zuten auziaren hitzordua, baina azaroaren 6ra atzeratu dute, Bake Bideak jakinarazi duenez.

SNCFk 168.000 euroko kalte-ordaina eskatzen die bederatzi bakegileei, eta auzi horrek eragiten du kezka nagusia.

«Diru zama handia eskatzen du SNCFk, eta behar da gogoratu tren konpainiak ahal izan zuela salatzen dituen kalteak ekiditeko blokatze egunari begira martxan eman genuen kudeaketa eskeman parte hartu, baina ez zuen horrela jokatu», azaldu zuen auzi horren karietara Anaiz Funosas Bake Bideko bozeramaileak bere garaian.