Zuriñe Iglesias
Kazetaria, kirol informazioan espezializatua / Periodista, especializada en información deportiva

Van Vleutenek beste erakustaldi bat eman du erasoa jota azken-aurreko mendatean

Herbeheretarrak Italiako Giroan bigarren garaipena lortu du eta oso bideratuta utzi du maillot arrosa: hiru segundo baino gehiagora ditu bigarren eta hirugarren sailkatuak. Movistarrek sari bikoitza jaso du; Liana Lippertek (Movistar) hirugarren egin du. Lorena Wiebes (SD Worx) izan da bigarren.

Annemiek van Vleuten Italiako Giroko seigarren etapako garaipena ospatzen.
Annemiek van Vleuten Italiako Giroko seigarren etapako garaipena ospatzen. (@Movistar_Team)

Annemiek van Vleutenek irabazle sena odolean du. Ez du aukerarik galtzen aurkariekiko denbora handitzeko edota etapa bat irabazteko. Maillot arrosa soinean Italiako Giroko bere hamabosgarren garaipenaren bila joan da. Azken-aurreko mendatera igotzeko bi kilometroren faltan erasoa jo du eta azken hamabost kilometroak bakarrik egin ditu.

Giroko seigarren etapan herbeheretarrak beste erakustaldi bat eman du atzean utzita gainerako txirrindulariak. Azken horien ahaleginak Van Vleuten harrapatzeko hutsalak izan dira. Aldea murriztu ordez, handitu egin du Movistarreko txirrindulariak. Hala, Van Vleutenek bigarren etapa garaipena lortu du, eta sailkapen orokorrean bigarrenarekiko zuen aldea handitu: 3.03 segundora du Veronica Ewers (Education) eta 3.39ra Juliette Labous (DSM) hirugarren sailkatua. Helmuga bakarrik zeharkatu du herbeheretarrak eta haren atzetik iritsi dira Lorena Wiebes (SD Worx) eta Lieppert, 20 segundora. Esprinterraren maillot berdea duenak egin du bigarren eta Movistarrekoak hirugarren.

Herbeheretarrak oso bideratuta du maglia arrosa. Are gehiago kontuan hartuta bere aurkari nagusietako bi kanpoan geratu direla erorikoen ondorioz. Atzo Elisa Longo Borghini (Trek) Italiako txapeldunak izan zuen zorterik txarrena, eta gaur Antonia Niedermaierrek (Canyon) izan du. Alemaniarra beste bi txirrindularirekin batera joan da lurrera, eta berak izan da zauririk larriena. Belaunak odolez zituen eta lasterketa utzi du. Sailkapen orokorrean bigarren zegoen. Kasualitatea da bi txirrindulari horien erorikoak izan direla, hain justu, aurreko egunean etapa irabazi ostean. Egun batean goia jo eta hurrengoan lurrera erori.

Ane Santestebanek postu bat aurreratu du sailkapen nagusian

105 kilometroko ibilbidea egin du tropelak, Canellin hasi eta bukatu. Ia dena ordekan egin dute, azken 45 kilometroak izan ezik: bigarren mailako hiru mendate igo dituzte. Hain justu, lehen mendatea igotzean osatu da eguneko lehen ihesaldia, eta bakarra. Petra Stiasny (Fenix D.) eta Elinor Barker (Uno-X Pro) aurreratu dira. Atzetik zituzten Gaia Masetti (AG Insurance) eta Karlijin Swinkels (Jumbo Visma). Tropelean tiraka ari ziren SD Worxeko txirrindulariak.

Azken 26 kilometroetan, azken-aurreko mendateari aurre egin aurretik harrapatu ditu tropelak iheslariak. Orduan hasi da tiraka Liana Lieppert (Movistar), Van Vleutenentzako lanean. Herbeheretarrak azken-aurreko mendatea igotzeko bi kilometro baino gutxiago falta zirenean jo du erasoa, eta atzean utzi ditu denak. Hari segika ezinik zeuden Juliette Labous (dsm-firmenich), Erica Magnaldi (UAE), Mavi Garcia (Liv Racing), Soraya Paladin (Canyon), Gaia Realini (Trek), Niamh Fisher-Black (Sd Worx) eta Lippert.

Ane Santesteban atzerago zegoen, hirugarren taldetxo batean. Jaitsieran, baina, bigarren taldetxo horretara batu da errenteriarra. Helmugara ailegatzeko sei kilometroren faltan. Santestebanek postu bat aurreratu du sailkapen orokorrean eta zortzigarren jarri da, Van Vleutenetik 5.36ra.

Bihar etapa gogorra

Bihar izango da Giroko etapa nagusia. Tropelak 109,1 kilometro korrituko ditu Albengatik Alassiora. Igo beharko duten lehen mendatea izango da luzeena: Passo del Ginestro (12,3 kilometro eta batez beste %4,4ko malda). Ondoren, beste bi malda igo beharko dituzte; motzagoak baina pendiz handiagokoak. Lehenik, Colle Paravenna (6,5 kilometro eta batez beste %6ko malda) eta Alassio (2,6 kilometro eta batez beste %7,3ko malda). Horren ostean, etzi atseden eguna izango dute, Sardinian korrituko dituzten azken bi etapen aurretik.