2022 urtea, eskariei dagokionez, ona izan da enpresentzat. Pandemia ostean, egoera hobetzen joan da eta fakturazio datuak onak izan dira orokorrean. Baina lehengaien eta energiaren prezioetan jaitsierak egon diren arren, ez dira prezio guztiak jaitsi eta horrek zailtasunak ekarri ditu marjinetan. Horrek guztiak lan gehiago baina errentagarritasun gutxiago ekarri du enpresentzat.
Bestalde, denbora eta prozesuak optimizatzeko bidean, digitalizazio prozesu desberdinetan murgilduta daude bazkideetako asko. Karga handiko proiektuak izaten ari dira, baina, datu bilketa on bat eta hauen erabilera estrategikoak erabakietan gakoak direla diote enpresek.
Digitalizazioa eta adimen artifiziala denon ahotan dauden garai honetan, elkarteak sektorean aditua den Luis Moreno ekarri du aurtengo batzarrera, "Adimen Artifizial sortzailea: Gizartean eta negozioetan duen eragina" hitzaldia eskaini duelarik.
2022ko ekintzen memoria
2022an arlo desberdinetako hainbat proiektu eraman dira aurrera, baina badira batzuk bereziki aipatzekoak izan direnak: Eraikuntza modularra, Organizaciones Ágiles, HUB 4.0 Laborategia, Ongizatea Enpresak eta Maila anitzeko mahaiak.
Bost proiektuak enpresek elkarteko erronketan adierazitako behar nagusiekin lerrokatuta daude; dibertsifikazioa, kudeaketa, digitalizazioa, pertsonak eta ezagutza partekatua.
Aurrekontuak
2022ko Ekitaldiaren aurrekontuen exekuzioa onartzearekin batera, argitaratu da, ekitaldi horretan bazkideen artean egindako euro bateko ekarpenekin, elkarteak 6,09€ kudeatu dituela.
Erronka berriei erantzuna emanez
2022an, elkarteak 2025 estrategia berria landu zuen. Erronka berriei aurre egiteko proiektu desberdinak daude martxan. HUB 4.0 Laborategiaren bitartez, eskualdeko industrian eraldaketa digitala bultzatzen jarraitzen du. Kudeaketan, esplorazioa eta ustiapena orekatzen dituzten erakundeak garatzeko ezagutza eta tresnak ematea ahalbidetu duen “Organizaciones Ambidiestras” proiektua eraman du aurrera.
Munduan proiektuarekin, enpresei nazioartekotze ibilbidean laguntzen diegu. Talentua garrantzi handiko gaia da enpresentzat eta enpresen talentuarekiko beharrak aztertu dira. Azkenik, eraikuntza modular industrializatuaren sektorean ere lanean dihardugu, ekainean Aykos Healthcare start-up kataluniarrarekin kolaborazio hitzarmen bat sinatu dugularik.
Zabaldu eta hazi egingo gara
Goierri Valleyren 2022-2025 estrategiaren definizioan lan egiteko moduan aldaketa batzuk ezarri ziren, horien artean, bazkide ez diren enpresei proiektu edo ekintza zehatzetan parte hartzeko aukera ematea delarik.
Zuzendaritza Batzordearen berrikuntza
Batzar Orokorrean, barne araudien arabera, Zuzendaritza Batzordea eta Komiteetako kideen erdiaren berrikuntzak onartu dira. Besteak beste, presidente kargua berritu da, GHri HINEk jarraituko dio presidentzia karguan.