Maite Ubiria

Korsikako Asanbleak autonomia estatutuari buruzko egitasmoa onartu du

Gilles Simeoni presidenteak defendatutako autonomiaren aldeko egitasmoa onartu zuen, bart gauean, Korsikako Asanbleak. Eskuinaren jarrera hetsiari aurre eginez, hiru mugimendu nazionalisten aliantzak ahalbideratu zuen abagune politiko berria irudikatu dezakeen proiektua aurrera ateratzea.

Gilles Simeoni korsikar presidentea (ezkerrean) eta Jean-Felix Benedetti Core in Fronte taldeko agintaria kalakan, atzoko bilkuran.
Gilles Simeoni korsikar presidentea (ezkerrean) eta Jean-Felix Benedetti Core in Fronte taldeko agintaria kalakan, atzoko bilkuran. (Pascal POCHARD-CASABIANCA | AFP)

Korsikako Asanbleak autonomia estatutua negoziatzeko proposamena onartu zuen bart gauean.

Bi egunez luzatu zen eztabaidaren ondoren Gilles Simeoni Korsikako presidenteak defendatutako egitasmoa aintzat hartu zuen, finean, uhartearen Legebiltzarrak.

46 boto alde, 16 kontra eta abstenzio bat. Hori izan zen arnas luzeko prozesu politikoa ahalbideratu dezakeen bozketak utzi zuen emaitza.

Femu Populu Inseme, PNC-Avanzemu eta Core in Fronte hiru talde nazionalistek alde bozkatu zuten, eskuineko taldeak kontra eta Corsica Liberak talde nazionalistak, finean, abstenziora jo zuen.

Sorpresa iritsi zen Un Sofflu Novu taldeko diputatu batek, Pierre Ghiogak, nazionalistek sustaturiko ekimena babestuko zuela iragarri zuenean.

Bere taldeak oso bestelako jarrera hartu zuenez, hemendik aurrera bere kasa arituko dela jakitera eman zuen Ghiogak. 

Izan ere eskuineko taldeak, parlamentari hori alde batera utzita, autonomia estatutuari buruz Simeonik eta bere aliatuek defendatu zuten proposamenaren kontra irmoki jo zuen.

Are, eskuinak testu alternatiboa aurkeztu zuen, baina bigarren egitasmo hori ez zen aurrera atera, talde hori osatzen duten 17 diputatuek baizik ez zuten sostengatu proposamena.

Simeonik azken unerarte adostasuna zabaltzera jokatu zuen, horri begira eskuinak bere egitasmoari eginiko hainbat zuzenketa onartzeko prest agertu zela, bere asmoa baitzen autonomiaren aldeko prozesuari hasiera ematea ahal zen eta sostengu zabalarekin.

Hala eta guztiz ere, testua onartu zenean, Simeonik erabakia goraipatu zuen sare sozialetan zabaldutako mezuaren bidez. Bere erranetan «amankomunean landutako testuak argiki adierazten diolako Parisi Korsikako borondatea zein den: erabateko autonomia plantan ematea».

Ez adostasunen gainetik helburu amankomuna

Talde nazionalisten arteko diferentziak areagotzera jo zuen une oro eskuin hexagonalak autonomia estatutuaren aldeko dinamika lehertze aldera.

Izan ere, ika-mikak ez baziren falta ere, finean hiru taldeen arteko aliantza irudikatzea lortu zuen Gilles Simeonik.

Eskuinak, ordea, bere legebiltzarkide bat galdu zuen 48 orduz luzatu zen eztabaidaren ondorioz.

Korsikako Asanbleako eztabaida jarraitu zuen Corsenet Infos hedabide digitalak plazaraturiko informazioaren arabera, bost bat parlamentarien lumarekin idatzi zen Asanbleak ekainaren 5ean onartu zuen proposamena.

Testua fintzeko lanetan ibili ziren, gehienbat, Gilles Simeoni bera, PNC-Avanzemu taldeko buru den Jean-Christophe Angelini, eta Core in Fronte taldeko Paul-Felix Benedetti.

Izan ere, Corsica Liberako Josepha Giacometti parlamentariaren eta eta Pierre Ghionga legebiltzarkide eskuindarraren parte-hartzea ere nabarmendu du aipaturiko atariak. Nahiz eta, botoa emateko orduan, Corsica Libera taldeak abstenzioan gelditzea erabaki zuen, proposamena ez zelako berak nahi bezain urrutira joan argudiatuta.

«Nazionalistek ezin zuten Historiaren trena pasatzeari utzi, nahiz eta nehork ezin duen zehatz-mehats ziurtatu trena geltoki onera helduko den», iradoki du hedabide korsikarrak.

Egitasmoaren oinarriak

Korsikako onespena jaso duen proposamenak 24 artikulu ditu eta automomia estatutua plantan emateko aldarrikapena jasotzen du hainbat oinarri zehaztuta.

Hala korsikar herriaren aitortza, korsikar hizkuntzaren koofizialtasuna eta Korsika eta lurraldearen arteko lotura errespetatzeko beharra zehatz-mehatz aipatzen ditu.

Azken aipamen horrek egoliarraren estatutuari bide juridikoa zabalduko lioke. Tresna horren bidez Korsikan era iraunkorrean bizi diren herritarrek bakarrik ahal lukete irlan bizitokia erosi.

Era berean, erronka sozialak, ekonomikoak eta demokratikoak jasotzen ditu «Korsikako autonomia frantziar Konstituzioan sartzeko eskaera ofiziala» jasotzen duen egitasmoak.

Korsikako Asanbleak onarturiko proposamenak finkatzen duen ibilbide horren baitan egun frantses Estatuak gordetzen dituen eskuduntza fiskalak eskuratzeko «prozesu mailakatua» martxan jarriko luke uharteak.

Testuak erreferendum bikoitza egitea aurreikusten du. Lehenik eta behin prozesua martxan emateko eta 15 urte igaro ondoren estatus berriaren bilakaerari buruz galtzeko herritarrei.

«Autonomiak legeak idazteko gaitasuna emango dio Korsikako Asanbleari», nabarmendu zuen Gilles Simeonik, «gaurtik aurrera gurea baino hamarkada luzetan herri hau defendatzeko borroka egin duten guztiena den egitasmoa» goraipatuz.

«Azkeneko 50 urteetan eta gaur arte herri honek egin dituen sakrifizio guztiak aintzat hartzen duen egitasmoa» dela adierazi zuen, bere aldetik, Paul-Felix Benedettik.

Core in Fronte taldeko presidenteak oharra egin zuen, ordea, frantses agintariei zuzenduta: «Ez dugu onartuko denon artean adostu dugun ibilbide konstituzionalari atea ixtea eta bide demokratikoa hobesten duen ekimenari mespretsuz erantzutea».

«Oreka atxiki duen proposamena» defendatu zuen, finean, Christophe Angelinik.

PNC-Avanzemu taldeko buruaren esanetan, «ezin genuen bakoitza bere aldetik joan Parisekin negoziatzera eta horregatik abertzaleen arteko adostasunak lortzeko apustua egin dugu».

Alta, Josepha Giacomettik «testuan oraindik ere anbiguotasun gehiegi daudela koofizialitatea, herriaren aitortza eta lurralde honetan bizitzeko eskubideari buruz» nabarmendu zuen.

Horrendako, Corsica Liberako ordezkariak abstenziora jotzea erabaki zuen, nahiz eta, aurrera begira ere anean jarraitzeko engaiamendua berretsi zuen «benetako egitasmo baten inguruan egiazko konbergentzia erdiesteko».