NAIZ

Udalerri euskaldunak epaiari erantzuteko elkartu dira: «Nahikoa da. Gu euskaraz gara»

UEMAko 125 alkate eta hautetsik Konstituzionalaren epaia salatu dute, eta adierazi dute euskaraz jarraituko dutela lanean. «Nahikoa da. Gu euskaraz gara», azpimarratu dute. «Oldarraldi judiziala gero eta bortitzagoa» dela erran du Kontseiluak. Euskararen ofizialtasuna bera auzitan jarri du epaiak.

Udalerri euskaldunetako 125 alkate eta hautetsi bildu dira Usurbilen. Konstituzionalaren euskararen aurkako azken epaia salatu dute.
Udalerri euskaldunetako 125 alkate eta hautetsi bildu dira Usurbilen. Konstituzionalaren euskararen aurkako azken epaia salatu dute. (Andoni CANELLADA | FOKU)

«Kolpe handia da, bereziki udalerri euskaldunontzat. Inolaz ere onartu ezin dugun atzerakada. Nahikoa da. Gu euskaraz gara», erran dute Usurbilgo frontoian bildutako udalerri euskaldunetako 125 alkate eta hautetsiek. Agerraldi jendetsua egin dute ostiral honetan, Madrilgo Auzitegi Konstituzionalaren euskararen aurkako azken epaiari irmo erantzuteko. Presaz egin zuten deialdia, ostegun arratsaldean, sententziaren berri izan eta berehala.

Udalek euskaraz jarduteko duten eskumena defendatu, eta lege babesarekin edo gabe euskaraz lanean jarraituko dutela berretsi dute.

Iraitz Lazkano UEMAko jarduneko lehendakariak agiri bat irakurri du prentsaurrekoan. «Nahikoa» dela eta «marra gorri guztiak» gainditu direla erran du. Toki Erakundeen Legearen arabera udalek aukera dute dokumentuak erabat euskaraz egiteko, eta orain aukera hori baliogabetu da. Epai honekin, udalei «eskumena kendu zaie» beren barne funtzionamenduan hizkuntzen erabilera arautzeko, eta «muga argi» bat ezarri: «Administrazioan, gaztelaniaren makuluarekin soilik erabil daiteke euskara. Hots, gaztelaniaz mugarik gabe egin daiteke; udalek euskaraz egiteko aukera izatea, zinegotzien hizkuntz eskubideak errespetatuta, hori supremazia dela dio Auzitegiak».

Aurrera begira, orain arte bezala jarraituko dute lanean UEMAko udalek: euskaraz. Lazkanok argitu du haiek ez dituztela herritarren hizkuntz eskubideak urratzen: «Administrazioan askotan ez bezala, UEMAko udaletan hizkuntz eskubideak bermatzen dira». Baliogabetutako artikulua jasotzen duen legea Gasteizko Legebiltzarrak onartu zuen 2016an, gehiengo zabalarekin, 1982ko Euskararen Legeak berak baino adostasun zabalagoarekin.

Ultraeskuina, oinarrian

Eraso hau ez da ezerezetik sortu. Lazkanok oroitu du ultraeskuina dagoela honen oinarrian: «VOXen salaketa bat. Duela bi urte, VOXek EAEko Justizia Auzitegi Nagusira jo zuen, udalen hizkuntz jarduna arautzeko 2019ko dekretuaren kontra. Alegia, dekretua onartu eta bi urtera, eta EAEn batere zinegotzirik eduki gabe». Bigarren urratsa EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak egin zuen. Epaileek dekretuaren oinarriaren aurka jo zuten, eta Madrilera bidali zuten kasua, Auzitegi Konstituzionalera. Hirugarren pausoa auzitegi horrek eman du, 6.2 artikulua baliogabetuz.

Duela urte batzuk ere arazoak izan ziren gai honekin lotuta: «Aktak euskaraz egiteko debekuak, udalak UEMAn sartzeko trabak... Epaitegien ezpatapean egin genituen urteak». Azkenaldian, «kutsu bereko» epai bat baino gehiago jaso dituzte.

Estatus juridiko berriaren beharra

Usurbilen bildutako ordezkaritza zabalak irmo aldarrikatu du euskarak «estatus juridiko berria» behar duela. Azaroaren 4an Euskalgintzaren Kontseiluak Bilbon eginen duen manifestazio nazionalean izanen dira. «Euskarak arnasa behar du. Egin dezagun bat, lor dezagun euskararen sustapenean urrats erabakigarriak egiteko lege esparru eraberritu bat», egin dute dei.

Euskalgintzaren Kontseiluak babesa adierazi die agerraldia egin duten alkate eta hautetsiei, eta euskararen normalizazio bidean «trakzio indar ezinbestekoa direla oroitu du.

«Hamarkadetako atzerapausoa» ekar dezake

Kontseiluak ere kezka larriz hartu du udalei euskara hutsez aritzeko aukera zabaltzen dien araua ezeztatzea. Nabarmendu duenez, azken sententzia honek are argiago utzi du «oldarraldi judizial trinko bat, gero eta bortitzagoa» ari dela gertatzen euskararen normalizazioaren aldeko hizkuntz politiken kontra.

«Alde batetik, Konstituzionalaren erabaki bat da eta lege bat ezeztatu du, hau da, botere judizialak legegilea ordezkatu eta hizkuntz politika egitea erabaki du herritarren borondatearen aurka. Bestetik, arau hori bertan behera uzteak eta horretarako eman diren arrazoiek hamarkadetako atzerapausoa ekar dezakete hizkuntz politiketan».

«Are, gaztelaniaren nagusitasun osoa ezartzerakoan euskararen ofizialtasuna bera ere auzitan jarri du Auzitegiak, ofizialtasunaren interpretazio are murritzagoa eginez eta euskara hutsean aritzea susmopean jarri eta galarazita. Horrez gain, euskaraz ardazten diren milaka herritarren oinarrizko eskubideetako bat urratzen du: euskaraz lan egitekoa», erantsi du.

Kontsentsuen eta egindako bidearen kontra

Erreakzio gehiago ere izan dira, atzokoen segida gisa. Gipuzkoako ahaldun nagusiak, Eider Mendozak, «kontsentsuen eta instituzioek euskararen alde partekatu duten ibilbidearen kontrako» epaia dela adierazi du. «Oso larritzat» jo du «Administrazioan euskara erabiltzea sustatzeko erakundeek hartutako erabakiak epaitegietan atzera botatzeko dagoen joera».

Mendozak bat egin du Lakuako Gobernuarekin euskararen kontrako «etengabeko judizializazioa» gaitzestean, eta «erabateko babesa» eman die beren barne funtzionamenduan «euskarari bultzada eta lehentasuna emateko» aukera egin duten udalei. Ahaldun nagusiaren ustez, ebazpenak «errespetu falta» adierazten du, bai euskal hiztunenganako, bai autogobernuarekiko eta baita euskara biziberritzearen alde hamarkadatan egindako ibilbidearekiko ere.

Desagerpen «gozoa»

ELAk salatu du Auzitegi Konstituzionalaren interpretazio honekin euskaraz bizitzea ekidin nahi dutela. «Sindikatu garen heinean, bereziki kezkatzen gaitu epai honen ondorioz udaletxeetako langile euskaldunak erdaraz lan egitera behartuak izango direla prozedura guztietan».

Argi du «konfrontazio dinamika indartsu bat martxan jarri ezean ez dela euskaldunon hizkuntza eskubiderik oinarrizkoena ere errespetatuko». Hortaz, militantzia animatu du antolatuko diren mobilizazioetan parte hartzera.

«Espainiako botereen inposaketa politika honen bitartez, euskaldunok Espainia barnean dugun etorkizun bakarra gure nortasun zeinu guztien desagerpen ‘gozoa’ da», ondorioztatu du ELAk.

Gazte Euskaltzaleen Sareak «amorrua eta ezinegona» sentitzen dituela txiokatu du. «Esango dute gure belaunaldia euskararen normalizazioarena dela…».

 

UEUk «euskalgintzaten erantzun bateratua eta sendoa» behar dugula aldarrikatu du, baita AEK-k ere.

PPk, ordea, txalotu egin epaia, «sen ona» gailendu delako.