Euskadiko Esklerosi Anizkoitza elkarteak antolatuta, 60 udalerri baino gehiagok eta 300 boluntario inguruk hartu dute parte EAEn 2.700 laguni eragiten dien gaixotasuna –emakumeen artean prebalentzia bereziarekin– agerian jartzea helburu duen ekimenean.
«Urte osoan zentroetan laguntzen dugun pertsonekin, haien familiekin, ospitaleetan artatzen dituzten profesionalekin eta gizartearekin elkartzeko unea da. Zirraragarria da ikustea nola jendeak gero eta gehiago ezagutzen duen gaixotasuna, nola laguntzen duen ekitaldi honetan eta beste batzuetan», azaldu du Karmele Garro EM Euskadi Fundazioko zuzendariak.
Getxoko Ereaga hondartzan egin den ekitaldi nagusian agintariak eta gizarte, kultura edo enpresa arloko ordezkariak izan dira, besteak beste, antolatzaileek azpimarratu dutenez.
EAEko Esklerosi Anizkoitza Fundazioko ordezkari talde handi batekin batera, Nerea Urien Administrazio eta Finantzaketa Sanitarioko sailburuordea, Asier Alustiza Bizkaiko Foru Aldundiko Autonomia Pertsonala Sustatzeko zuzendari nagusia, Amaia Agirre Getxoko alkatea eta Bizkaiko Batzar Nagusietako ordezkari politikoak izan dira ekitaldian, baita Bilboko Udaleko ordezkari ugari.
Eguneroko lanaren garrantzia
Aurpegi ezagunen artean, Asier Hormaza aktorea, Fernando Canales sukaldaria eta Andoni Goikoetxea Athleticeko jokalari ohia ere izan dira.
Haien parte hartzea eskertu du Javier Ormazabal Fundazioko presidenteak, Esklerosi Anizkoitza pairatzen dutenen aldeko eguneroko lanaren garrantzia agerian uzten duen ekitaldiaren proiekzioa «zabaldu» dutelako.
Lehen ‘Busti Zaitez’ 1997an ospatu zen Gorostizako igerilekuetan, Esklerosi Anizkoitza pairatzen duten pertsonei elkartasuna adierazteko «bustitzera» gonbidatzeko.
Gaixotasunari buruz gizartea sentsibilizatzeko eta informatzeko eta gaixotasun neurologiko eta sendaezin hori duten pertsonei Fundazioak eskaintzen dizkien errehabilitazio-zerbitzuak finantzatzeko diru-sarrerak lortzeko sortu zen kanpaina.