NAIZ

Eskubide sozialen ondoan nazio proiektua indartzearen beharra adierazi du EH Bilduk

EH Bilduk eskubide sozial eta nazionalen defentsa ezarri du datozen lau urteetarako helburu gisa, erakutsitako konpromisoa eta balioak nabarmenduz. «Euskal Herrian PSOEren ezkerrera dagoen aukera bakarra EH Bildu deitzen da», adierazi du Otegik.

Arnaldo Otegi, Mertxe Aizpurua eta Gorka Elejabarrieta, Donostian egindako ekitaldian.
Arnaldo Otegi, Mertxe Aizpurua eta Gorka Elejabarrieta, Donostian egindako ekitaldian. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

EH Bilduko ordezkariek kongresu espainolean egindako lana nabarmendu du koalizio subiranistak igande honetan Donostian, Katalunia Plazan egin duen ekitaldi batean, erakutsitako konpromisoa eta balioak berme gisa aurkeztuz.

Behar sozialen aldeko borroka eta lotuta dagoen nazio proiektua indartzeko beharra nabarmendu du koalizioak. «Ez diogu inori ezer zor», adierazi du Arnaldo Otegi EH Biduren koordinatzaile nagusiak, eta euskal herritarren eskubide nazionalak eta sozialak EH Bilduk baino hobeto nork defendatuko dituen galdetu du Mertxe Aizpurua Gipuzkoako zerrendaburuak.

Azken lau urteotako esperientziara begira, «inertzia erreaktiboetatik ateratzea» lortu duen indar baten parte sentitu dela adierazi du hautagaiak. Gogora ekarri du gobernu espainolarekin izandako negoziazioak, eta Etxebizitza Legea, kotizazio gabeko pentsioen eta alarguntza pentsioen igoera, besteak beste.

«EH Bilduren eta, oro har, ezker subiranisten bultzadarik gabe, ez ziren Gobernuak egindako aurrerapen asko gertatuko», nabarmendu du Aizpuruak. «Orain gehiago izan behar gara eskuina geldiarazteko eta aurerra egiteko Madrilen eman daitekeen edozein aukera azkarrago iristeko eta euskal herritar guzientzat hobea izateko», adierazi du, eskubide nazionalen defentsak ere behar duen bultzada aipatuz: «gehiago izan behar gara Euskal Herriaren eta euskal herritarren eskubide nazionalak defendatzeko».

«Tresna eraginkorra»

Izan ere, hurrengo urteetarako helburuen artean kokatu du koalizioak nazio egitasmoa indartzea era «euskal herritarron borondate demokratikoa burujabea eta ezkerrekoa agerian uztea». Hitz horiekin zehaztu du Arnaldo Otegi EH Bilduren koordinatzaile nagusiak «euskal nazioa« eta «Estatua plurinazionala dela» agerian uzteko urrats berriak.

Nabarmendu du Otegik «ziurtasuna eta bermea» direla EH Bilduren «zigilu nagusiak, «printzipioak eta baloreak ditugulako», eta «bloke erreakzionarioa gelditzeko eta herritarren eskubideeen defentsarako tresna eraginkor» gisa aurkeztu du koalizioaren lana: «Euskal Herrian PSOEren ezkerrera dagoen aukera bakarra EH Bildu deitzen da».

Gorka Elejabarrieta Senaturako Gipuzkoako zerrendaburuak «lana, ekimena, zorroztasuna eta printzipioak» EH Bildu bereizten duten balioak direla azpimarratu du.