NAIZ

Israelek atxilotutako 5 adingabe palestinarretik 4 jipoitu eta ia %70 biluzik izaten dituzte

Save the Childrenek argitaratu berri duen txostenaren arabera, Israelgo Armadak atxilotutzen dituen adingabe palestinarrek abusu fisikoak eta emozionalak pairatzen dituzte: bost haurretatik lau jipoitu egiten dituzte, eta %69 biluztu egiten dute. Halaber, batzuek sexu indarkeria ere salatu dute.

Haur eta gaztetxo batzuk Zisjordanian, israeldar tanke batengandik ihesi.
Haur eta gaztetxo batzuk Zisjordanian, israeldar tanke batengandik ihesi. (Jaafar ASHTIYEH | AFP)

Israelgo Armadak atxilotzen dituen adingabe palestinarrek abusu fisikoak eta emozionalak pairatzen dituzte, Save the Childrenek astelehen honetan zabaldu duen ikerketaren arabera. Hain zuzen ere, bost haurretatik lau, %86 alegia, jipoitu egiten dituzte, eta %69 biluztu. %42k lesioak jasaten dituzte atxiloketaren unean, hala nola, balek eragindakoak edota hezurrak haustea. Batzuek sexu gehiegikeriak ere salatzen dituzte, eta beste batzuek diote kaiola txikietan sartuta eraman zituztela auzitegietara edo atxilotze zentroetara.

Francesca Albanes okupatutako lurralde palestinarretako giza eskubideen egoerari buruzko errelatore bereziak haur palestinarren atxiloketari buruzko frogak aurkeztu ditu gaur Giza Eskubideen Kontseiluaren aurrean, baita ikerketa ere. Urtero 500 eta 1.000 adingabe artean atxikitzen dituzte Israelgo atxiloketa militarreko zentroetan eta zein baldintzatan izaten dituzten aztertu dute ikerketan.

Save the Childrenen ustez, praktika horiek giza eskubideen urraketa larriak dira, aspalditik jazotzen ari direnak, eta adingabe palestinarrak lege militarra aplikatuz atxilotzeari eta auzitegi militarretan epaitzeari uzteko eskatu dio Israeli.

Txostena osatzeko Save the Childrenek eta YMCAk, tokiko erakunde bazkideetako batek, atxilotuak izan diren Zisjordania osoko 228 haur (221 mutil eta 7 neska) elkarrizketatu dituzte. Elkarrizketatuek hilabete batetik 18 hilabetera bitartean egin dituzte atxilotuta eta egiaztatu ahal izan dute gehienak jipoitu egin dituztela eta eskuburdinak eta bendak jarri dizkietela atxilotzeko garaian. Horrez gain, galdeketak leku ezezagunetan egiten dizkiete, gurasoak edo legezko tutoreak bertan egon gabe, eta janaria eta ura kentzen dizkiete askotan, loa galarazten diete edo abokatuaren laguntza ere ukatzen diete. Gehienei leporatzen dieten ustezko delitua harriak jaurtitzea da, eta delitu horrek 20 urteko espetxe zigorra ekar diezaieke adingabe palestinarrei.

Ikerketa berri hau Save the Childrenek 2020an egindako ‘Babesgabeak’ ikerlanaren jarraipena da, eta egiaztatu du izugarri handitu dela atxiloketan gertatzen diren abusu fisiko eta emozionalen eragina, eta abusu horiek ondorio sakonak dituztela haurren oneratzeko gaitasunean.

Testigantzak

Txostenean hainbat testigantza jaso dituzte. Tartean, 13 urte zituela atxilotutako mutiko batena: «Bigarren aldiz atxilotu ninduenean, soldaduak hil egingo ninduela esanez mehatxu egin zidan. Galdetu zidan ea bere lehengusuaren zorte bera izan nahi zuen, hura hil egin baitzuten. Niri gauza bera gertatuko zitzaidala eta hil egingo nintzela esan zidan, baina aurretik kartzelara bidaliko ninduela. Nire bila itzuliko zela esan zidan, eta egun hori noiz iritsiko zain egoten naiz egunero».

Haur batzuek kontatutakoaren arabera, abusuen helburua egiazkoak ez ziren jazoerak onartzera behartzea zen, horrela, beste pertsona batzuei, baita haien senideei ere, hainbat gertaera leporatzeko.

14 urterekin atxilotu zuten beste palestinar baten amak azaldu du semeari egindako galdeketan anaia salatzera behartu zutela, aske uztearen truke: «Ez zuen ulertzen zer gertatzen ari zen. Haiek agindutakoa esan zuen, eta, egun batzuk geroago, etxera etorri eta beste semea atxilotu zuten».

Epe luzera ondorio latzak izaten ditu atxiloaldian pairatutakoak, beste ama batek azaldutakoaren arabera «Ez du etxetik irten nahi. Erronka handia izan da guretzat; traumatizatuta dagoela uste dut. Astearte gau batean atxilotu zuten, eta orain asteartero bere bila etorriko direla uste du».