NAIZ

Kargu politikodun emakume sahararrak Euskal Herrian dira, ahalduntzeaz prestakuntza jasotzeko

Emakundek eta Lakuako Berdintasun Sailak harrera egin diote kargu politiko eta sozialak dituzten emakume sahararren ordezkaritza bati; ahalduntze politikoari buruzko programa baten baitan prestakuntza jasotzeko etorri dira Euskal Herrira.

Emakundeko zuzendari Miren Elgarrestak harrera egin die Gateizen Saharako emakumeen delegazioari.
Emakundeko zuzendari Miren Elgarrestak harrera egin die Gateizen Saharako emakumeen delegazioari. (Jaizki Fontaneda | Foku)

Kargu politiko eta sozialak dituzten emakume saharar talde bat Gasteizera heldu da Emakunde eta Lakuako Gobernuko Berdintasun Sailarekin batera ahalduntze politikoko programa baten baitan prestakuntza jasotzeko. Hiru eguneko iraupena izango du prestakuntzak eta Gasteizen, Donostian eta Bilbon egongo dira hainbat hitzaldi jasotzeko. Astelehen honetan antolatutako harreran hurrengo egunetan egingo den programari buruzko nondik norakoak azaldu dituzte.

Topaketa honetan Saharako politikako «kargu garrantzitsuak» betetzen dituzten emakumeek parte hartuko dute; horien artean, Fatma Mehdi, Lankidetza ministroa; Chabba Sini, Saharako Emakumeen Batasuneko (UNMS) idazkari nagusia; Siniya Ahmed Elkhalile, Afrikako Parlamentuko kidea; eta Abida Hadia Ali, Saharako Parlamentuko diputatua.

2022ko Abenduan Miren Elgarresta Emakundeko zuzendaria eta Monica Hernando Lakuako Giza Eskubideen, Biktimen eta Aniztasunaren zuzendaria Tindufeko saharar errefuxiatuen kanpamentuetan egon ziren gai horren inguruko tailerretan parte hartzeko, Sahararako emakumeekin lankidetza bultzatzeko asmoz. Oraingoan bigarren topaketa egingo dute, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian.

«Saharako erakundeek duten emakumeen ordezkaritzari dagokionez ehuneko onenetako batzuk dituzte gaur egun; emakumeen %42 Legebiltzarrean, eta wilaiatarren gobernadoreetatik, 5etik 3 dira emakume», adierazi du Miren Elgarrestak.

«Gure herrialdean urrats garrantzitsuak ematen ari dira emakumeen parte-hartze politikoan, emakumeak zerrendaburu izanik eta inoiz emakume bat heldu ez den zenbait karguetara iritsiz», adierazi du Emakundeko zuzendariak. Hala ere, oraindik emakumeek «oztopo nabariak» dituztela nabarmendu nahi izan du Elgarrestak.

Harreran azaldutakoaren arabera, astelehenean Saharako emakumeen delegazioa Basqueskolako ordezkariekin bildu da, Emakundek eta Eudelek bultzatutako emakumezko alkateen eta zinegotzien euskal sareko ordezkariekin, eta eguerdian Bakartxo Tejeria Gasteizko Legebiltzarreko presidenteak egin die harrera. Bestalde, Miren Elgarrestak azaldu du asteartean Emakunde bisitatuko dutela eta asteazkenean ‘El derecho a resistir’ txostenaren aurkezpenera bertaratuko direla Donostiako San Telmo Museora.

Zehaztutako plangintzaren arabera, uztailaren 13an, behin prestakuntza amaituta, Saharako emakumeen ordezkaritza Bilbon egongo da eta Sahararen aldeko elkartasun mugimenduko elkarteekin bilduko dira. Ostiraletik aurrera Emakundeko zuzendariak adierazi du Saharako ordezkaritzak programari buruzko «iritziak botatzeko eta balorazioak egiteko» aukera izango duela eLankidetzan, Garapenerako Lankidetzaren EAEko Agentzian.

Elgarrestak programak duen garrantzia nabarmendu nahi izan du. «Emakumeen ahalduntzea funtsezko pieza da, zalantzarik gabe, berdintasuna eta gizarte justuagoa eta demokratikoagoa, garatuagoa eta bizigarriagoa eraikitzeko», azaldu du Emakundeko zuzendariak.