NAIZ

Faborito argirik ez da ikusten udako txapelketa nagusia izango den Gernikako Grand Slam-ean

Denera sei bikotek jokatuko dute torneoa, bi multzotan banatuta; Barandika-Zabala, Goikoetxea-Manzi eta Urko-Basque A taldean eta Erkiaga-Del Rio, Olharan-Lekerika eta Aaron-Lopez B multzoan. 

Gernikako Jai Alaiean aurkeztu dute aurtengo Grand Slam-a.
Gernikako Jai Alaiean aurkeztu dute aurtengo Grand Slam-a. (ERAMAN JAI ALAI)

Udan zehar Euskal Herriko zenbait kantxetan lehiatu ostean, Gernikako Grand Slam-a, denboraldiko torneorik garrantzitsuena ate joka dugu eta astearte honetan aurkeztu dute bertako Jai Alaiean datorren hilabetean zesta puntaren begirada guztiak bereganatuko dituen torneoaren bide-orria. Grand Slam formatuak seigarren edizioa du aurtengoa eta urtez urte markak hausten ari da. Aurtengo honetan ere itzelezko pilota-giroa biziko da frontoian, larunbatero, abuztuaren 12ra arte. Dagoeneko eskuragarri dago txapelketa osorako balio duen bonoa eta sekula baino jende gehiago ari da aukera horren alde egiten, ikusmina handia denaren seinale argia.

Kirol alorrari dagokionean, Olharan eta Lopez iazko txapeldunek ez dute titulua errepikatuko. Elkarrekin bi aldiz irabazi dute Gernikako Grand Slama baina aurten bakoitza bere aldetik arituko dira. Imanolen kasuan, Gernikako azken bi txapelketak irabazi ditu zumaiarrak –udako Grand Slama eta neguko Winter Seriesa– eta oraingo honetan Aaron Gonzalez de Matauko gasteiztarrarekin jokatuko du (23 urte).

Aurrelari arabarra afizionatu mailako onentsuena da eta goi-mailako txapelketa batean jokatzeko aukera izango du Gernikan. Ez da bakarra izango. Urko Lekerikabeaskoa gazteak (ostegun honetan 23 urte), Unairen anaiak, herritarren aurrean jokatuko du Thibault Basque iazko azpi-txapeldunarekin. Winter Seriesean ordezko moduan jokatu zuen Urkok.

Manzi, Euskal Herrira bueltan

Mikel Manzisidor mutrikuarrak Goikoetxearekin jokatuko du, baina gaztea izan arren (23 urte), bere kasua ezberdina da, maila horretan jokatzen ohituago baitago. Lekeitioko Mastersa irabazi du aurten Goikoetxearekin, Zumaiakoan bigarren geratu da eta pandemiaren urte hartan, publikorik gabe jokatutako edizioan, Grand Slama irabazi zuen Beaskoetxea lagun hartuta. Urte hartan pilotari gehienak Estatu Batuetan geratu ziren eta afizionatuekin osatu zen txapelketa. Une honetan Mexikon ari da jokatzen Manzi eta egun gutxi barru iritsiko da Euskal Herrira.

Jean Olharan iazko txapeldunak Unai Lekerika izango du bikote. Bien artean lau Grand Slam dituzte baina horrek ez ditu faborito argi egiten, beste pilotari batzuk hobeto egokitu daitezkeelako Gernikako frontoiaren ezaugarrietara. Barandika-Zabala, adibidez, bikote sendoa eta indartsua da. Barandika bera aurrelarien gorengo mailan kokatu da eta sasoi oso onean dago. Erkiaga-Del Rio berriz, bikoterik arriskutsuena da eta pilota biziarekin ikaragarrizko mina egin dezakete.

Sei bikoteak bi multzotan banatuta daude; Barandika-Zabala, Goikoetxea-Manzi eta Urko-Basque A taldean eta Erkiaga-Del Rio, Olharan-Lekerika eta Aaron-Lopez B multzoan.
Txapelketak bost jardunaldi izango ditu. Lehenbizi, ligaxkako hirurak. Multzo bakoitzeko bi onenak finalerdira pasako dira eta final handia abuztuaren 12an jokatuko da. Frontoira joan ezin dutenek Euskal Telebistan ikusi ahal izango dute partida.