NAIZ

Frantziar besta nazionala salatzeko deia eginez seinaleak ezabatu ditu U14 kolektiboak

Ipar Euskal Herriko hainbat herriren frantsesezko izendapena ezabatuta agertu da aste honetan. Frantziar besta nazionala salatzeko deia eginez U14 kolektiboak sare sozialetan hedaturiko bideo baten bidez jakinarazi du bera dela protesta ekimen horren egilea.

U14 kolektiboak etzi manifestatzeko deia zabaldu du afixak ezarriz, hala nola Hendaian.
U14 kolektiboak etzi manifestatzeko deia zabaldu du afixak ezarriz, hala nola Hendaian. (Naiz)

U14 Kolektiboak heldu den ostiralean, frantziar besta nazionala kari, Donibane Lohizunen deituriko manifestazioa iragarriz afixak ezarri ditu azken egunetan.

Zehazki, uztailaren 14an, arratsaldeko 18.00etan hitzordua eman du Didier Lafitte plazan (Louis XIV).

Era berean, hainbat herriren izendapen frantsesa ezabatu dituela jakitera eman du sare sozialen bidez taldeak zabaldu duen bideoa baliatuz.

Hain zuzen, «asimilazioaren aitzinean antolatzeko» deia hauspotzeko xedez Arrangoitze, Hendaia, Hazparne, Arbona, Aiherra, Senpere, Ezpeleta, Lekuine, Donibane Lohizune, Luhuso eta beste hainbat herritako sarreretan ezarritako seinaleetan euskarazko izendapena baizik ez dute atxiki ekintza horren ondotik, Kazeta.eus atariak jakitera eman duenez

Besteak beste Arrangoitzeko izendapen frantsesa ezabatu dute.
(U14-pantaila irudia)

Uztailaren 13an, bestalde, 'Sud Ouest' egunkariak beste ekintza baten berri eman du.

Hendaiako tren tipian margoketa egin zutela asteartean plazaratu du aipaturiko egunkariak. 'Turistak kanpora' margotu zuten bi bagoietan ondoren U14 kolektiboaren sinadura emanez hirugarrenean.

Hendaiako udalak ekintza salatu du eta bisitariak hirian zehar eramaten duen tren tipiaren gidariak bere kexa azaldu du, baitaere.

Hirugarren mobilizazioa

«Frantziar zein espainiar Estatu zapaltzaileen aitzinean, borrokaz aska dezagun herria», dei hori luzatu dute frantziar besta nazionalaren egunean antolatu duten protestari begira U14 kolektiboko kideek.

Hirugarren urtea da aipaturiko kolektiboak uztailak 14 besta eguna baino «Euskal Herrian borroka eguna» dela agerian jartzeko mobilizazioa antolatzen duela data esanguratsu horretan.

Ziburun, Donibane Lohizunen, Angelun, Hendaian, Kanbon, Angelu edo Baionan bezala Ipar Euskal Herriko beste hainbat hiritan ere uztailaren 14 kari ekimenak antolatzen dituzte herriko etxeek, berdin dantzaldi zein su artifizialekin data hori markatuz.

U14k «asimilazioari aurre egiteko» lehenengo martxa 2021ean antolatu zuen Donibane Lohizunen.

Euskal Herriaren independentziaren aldeko martxaren amaieran manifestariek ‘Hau ez da Frantzia, ezta Espainia ere’ zioen pankarta jarri zuten Herriko Etxearen atarian.

Orduan, Jean-François Irigoyen auzapez kontserbadorea bertaratu eta pankarta kendu zuen. Ondoren udaletxera sartzeko bidea hartu zuen, eta atean zegoela eskuko erdiko hatza altxatuz keinua egin zien manifestariei.

Azkenik, lehenagotik bertaratua zen Poliziaren begiradapean manifestariek banderola jarri zuten berriz.

Ika-mika horren ostean lau gazte atzeman zituen Poliziak irailaren 15ean Urruñan eta Hendaian.