Nerea Lauzirika
Bilbo

Osakidetzako garbitzaileek aurreakordioa itxi dute, enpresak «ez sinatzen tematu» badira ere

LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek Osakidetzako garbiketako langileen hitzarmena berritzeko aurreakordioa sinatu dute, 100 egunez greba eta mobilizazioak egin ondoren. Bilera hiru orduz luzatu da, LABeko ordezkariaren arabera, «enpresak ez sinatzen tematuta» zeudelako.

Osakidetzako garbitzaileak, aurreakordioa sinatu dutela jakin duten unean.
Osakidetzako garbitzaileak, aurreakordioa sinatu dutela jakin duten unean. (N.L.)

Aurreakordioa sinatuta, 100 egunez luzatu diren mobilizazioei bukaera eman diete Osakidetzako garbitzaileek. «Enpresak oso tematuta egon dira ez sinatzeko jarreran, baina azkenean lortu dugu borroka eredugarri honi esker», esan du LABeko Amaia Barraganek. Txalo, oihu eta besarkada artean hartu dituzte ordezkari sindikalak langileek, hiru orduz Lakuako Gobernuak Bilbon duen egoitzaren aurrean zain egon ondoren.

UGTko Javi Luengok ere garbitzaileen borroka goraipatu du eta azaldu du gehienez bi hilabete dituztela Lan Harremanen Kontseiluan hitzarmena sinatzeko.

Akordio berriak izango duen kostu ekonomikoa «Osakidetzak eta enpresek adostu beharreko zerbait da, ez da gure kontua», argitu du, bestalde, CCOOko Juan Luis Españak. Gaineratu du negoziazioa «oso konplikatua» izan dela, inplikatutako hiru alderdietako bi baino ez direlako batu.

Era berean, Barraganek sektore feminizatuek borrokarako daukaten indarra eta adorea nabarmendu nahi izan du eta «bizitzak erdigunean» jartzeko beharra azpimarratu du, «baita borrokak ere».

11.30etarako bukatuta behar zuen bilerak hiru ordu iraun ditu, enpresek aurreakordioa sinatu beharrean bileraren akta sinatu nahi zutelako. «Antza, gaur oniritziren bat falta zitzaien eta, azkenean, deiak egiten ibili ondoren, lortu dugu aurreakordio hori ematea», azaldu du Barraganek.

Homologazioa, blindatuta

«Homologazioa berretsi da, baita ibilbide profesionala ere. 2021 eta 2022 urteetako atzerapenak ordainduko zaizkie langileei», azaldu du Luengok. Barraganek zehaztu du batzuek 9.000 euro ere kobratuko dituztela atzerapenetan.

Españak azaldu duenez, txikikeriaren bat edo beste aldatu behar izan badute ere, funtsean aurreakordioa bere horretan mantentzea lortu dute LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek.

ELAk ez du sinatu

ELA sindikatuak ez du aurreakordioa sinatu, «murrizketak» dituela iritzita. Izan ere, sindikatuaren arabera «karrera profesionalaren 3 urteko ordainketa adostu dute, 2021, 2022 eta 2023 urtekoak, ordaintzeko dauden beste hiru urteak, 2012, 2019 eta 2020, hain zuzen ere, kanpoan utzita eta karreraren etorkizuna Osakidetzako langileentzako hurrengo deialdiekin lotuz». Era berean, azpimarratu du langileen borroka «eredugarria» izan dela.