San Fermin Torneoaren edizio arrakastatsuaren ondoren, Emakume Master Cup zirkuituak ez du atsedenik hartuko, eta igande honetan bertan, Barakaldon, emakumezkoen pilotaririk azpimarragarrienak bilduko dituen txapelketa hasiko da, asteazken honetan jakitera eman dutenez.
Aurkezpena Euskal Herriko eta munduko osoko gastronomiaren tenpluetako batean egin da; Eneko Atxak Larrabetzun duen jatetxean alegia. Bertan, pilotariek hiru Michelin izar dituen sukaldariarekin piloteatu ahal izan dute bere jatetxeko kristalezko frontisean.
Txapelketari dagokionez, irailaren 29an Hondarribiko Jostaldi pilotalekuan jokatuko den finalaren aurretik, torneoak Euskal Herriko kantxarik garrantzitsuenetako batzuk bisitatuko ditu: Barakaldo, Gasteiz zita bikoitzarekin –uztailaren 25a eta abuztuaren 6a–, Zarautz (abuztuaren 18a), Donostia (abuztuaren 19a), Bakio (abuztuaren 30a), Lezo (irailaren 4a) eta finalerdiak hartuko dituen Galdakao (irailaren 13an).
Iaz Amaia Aldaik eta Andrea Capellanek txapelak jantzi zituzten eta txapelketa honetako aurtengo edizioan bost bikote arituko dira lehian: Arraiza-Mendizabal, Aldai-Oses, Etxegarai-Gaminde, Arrizabalaga-Leire Galeano eta Garai-Capellan. Lehen fasean bikote guztiak elkarren aurka jokatuko dute ligaxka eran eta ligaxka horretatik irtengo dira Galdakaoko finalerdiak jokatuko dituzten bikoteen izenak.
Aurkezpenean izan diren pilotariek ilusioa agertu dute txapelketa honetan ahalik eta aurreratuen iristeko, besteak beste, Amaia Aldai. «Emakume Master Cup Zirkuitua emakumezkoen esku pilotako lehiaketarik onena da, bertan daude pilotaririk onenak eta gero eta gehiago kostatzen da irabaztea», adierazi du.
Udako Laboral Kutxa Master honetara sasoi bete-betean iristen dena Enara Gaminde da eta bere uzta bikaina handitu nahi du. «Oso urte ona izaten ari da niretzat. Parte hartu dudan hiru txapelketetako hiru txapelak lortu ahal izan ditut: Binakakoa, Nafarroako Foru Erkidegoa torneoa eta San Fermin Torneoa», azpimarratu du.