Frantziako Tourrean euskal txirrindulari batek azken garaipena lortu zuenetik bost urte igaro ondoren, Pello Bilbaok eta Ion Izagirrek ahalik eta gehien aprobetxatu dituzte lasterketak eman dizkien aukera berriak, eta etapa bana irabazi dute dagoeneko.
Hori ospatzeko, eta bere taldekideak motibatzeko, gaurko etapa baino lehen, Ion Izagirreren taldeak, Cofidisek, ETSren ‘Aukera berriak’ abestia jarri du autobusean. Une hori grabatu eta bere sare sozialetan jarri du. «Zuk amestu zenuen, berak egin zuen», jarri du taldeak frantsesez. Bideoan Ion Izagirre dantzan ikus daiteke.
Vous en rêviez, il l'a (re)fait. Aukera Berriak, version #TDF2023 ️
— Team Cofidis (@TeamCOFIDIS) July 14, 2023
@MathildeLAzou pic.twitter.com/5oj1svqtID
Izan ere, abesti honek historia gehiago du euskal txirrindularientzat. Bizikleta gainean bakarrik ez, kantuan ere lehian aritu ziren EITBko ‘Gabon Kantatzera Gatoz’ saioan 2020ko abenduan Pello Bilbao, Ion Izagirre eta Gorka Izagirre txirrindulariak eta Joseba Beloki txirrindulari ohia. Gau artan 'Aukera berriak' kanta abestu zuten laurek.
Zeinen ondo zahartu den bideo hau
— Igor Goikolea (@goikoleaigor) July 13, 2023
Ion Izagirre feat. Pello Bilbao pic.twitter.com/ZmL8P4ueW7
Bi urte eta erdi geroago, Pello Bilbao eta Ion Izagirrek aukerak aprobetxatu dituzte eta etapa bana irabazi dute Tourrean. Biek Euskaltel-Euskadi taldearen eskutik egin zuten profesionaletarako jauzia 2011n, eta 2013ra arte egon ziren bertan, taldea desagertu arte. Ondoren, 2019an, Astana taldean ere kointziditu zuten.