Jon Ormazabal

Larrazabali bidesaria ordainarazita eskuratu du Altunak faltan zuen sanferminetako torneoa

Mariezkurrenak atzean asko agindu badu ere, amurrioar gazteak lehen final handiko urduritasun eta presioak jota, behar baino kale gehiago egin ditu. 22-11 izan da azken emaitza, Altuna eta Rezustaren alde.

Altuna eta Rezusta, pozarren, irabazitako trofeoekin.
Altuna eta Rezusta, pozarren, irabazitako trofeoekin. (Iñigo URIZ/FOKU)

Izango ditu, Iruñean bertan, baldintza egokiagotan eta distira handiagoarekin jokatutako partida eta torneoak, baina bizkarrak ondo gorde dizkion Beñat Rezustak lagunduta, Jokin Altunak lortu du orain arte falta zuen txapelketa bakarra, sanferminetakoa, finalean Larrazabal-Mariezkurrenari 22-11 gailenduta. Bizkarraldean dituen arazoekin gorputza gehiegi behartu gabe baina ofizio handiarekin, amezketarrak hamaika tranpa jarri dizkio bere lehen mailako lehen finala jokatu duen amurrioar gazteari eta arabarra ia denetan erori da.

Apustu handia egin du Baikok Larrazabalekin udako lehen feria handi guztietan titular gisa sartuta eta amurrioarrak potentzial handia duela erakutsi du gaur ere, baina onenen artean egonkortzeko bidesari garesti bat ordaindu behar izaten da eta gaur amezketarra arduratu da hori kobratzeaz, nahiz eta Mariezkurrena handi batekin, haizea alde zuela jokatu duen. Baina atzelariari jokatzen utzi beharrean, ausart, ausartegi aritu da Larrazabal eta Jokin Altunak ez du barkatzen, iaz ihes egin zien torneoa etxeratzeko. Zalantzak zalantza, zakua beteta itzuliko da amezketarra Iruñetik, lau eta erdiko eta binakako torneoaz harago, pilotaririk onenaren saria ere eraman duelako. Orain gainera, astebete izango du atseden hartzeko eta ziur eskertuko duela.

Ideiak oso argi

Rezustaren hasierako zalantzei etekina aterata Baikokoak aurretik hasi badira ere, azkar hartu dute markagailuaren kontrola gipuzkoarrek. Besterik izan da, ordea, jokoarena. Izan ere, torneo osoan zehar egin duen bezala, Jon Mariezkurrena erraz nagusitu da piloteoan, nahiz eta bergararrak gora egin eta dezente eutsi dion.

Kontua da Iker Larrazabal ez dela gai izan bere atzelariak ireki dituen zuloei behar besteko etekina ateratzen. Erasoan aritzeko erraztasunik batere topatu ez duen arren, Jokin Altuna erabat saiatu da amurrioarra ezker-eskuin mugitzen eta bere mugak agerrarazten. Kantxan horizontalki mugitu behar izan duenetan, aurrelari gazteari behar baino pilota gehiagok ihes egin diote, batez ere zabalera, eta hortik ireki dute zuloa faboritoek.

Pilotek ere izan dute euren zeresana, Baikokoek euren material bizia kantxan jarri dutenean, Beñat Rezusta deseroso aritu da jartzeko denbora ematen ez zioten pilotekin eta Jon Mariezkurrenaren nagusitasuna are handiagoa izan da. Halere, aldeko haizearekin min handiagoa egiteko sendotasuna falta izan dute urdinek.

 

FITXA TEKNIKOA:

Altuna III.a-Rezusta: 22

Larrazabal-Mariezkurrena: 11

Pilotakadak: 370. Iraupena: 51,15 minutu. Markagailua: 0-2, 2-2, 2-3, 8-3, 8-6, 9-6, 9-7, 11-7, 11-8, 14-8, 14-10, 21-10, 21-11, 22-11. Sakeak: 3 Altuna III.ak eta 2 Larrazabalek. Egindakoak: 8 Altuna III.ak, 0 Rezustak, 5 Larrazabalek eta 2 Mariezkurrenak. Galdutakoak: 0 Altuna III.ak, 2 Rezustak, 9 Larrazabalek eta 2 Mariezkurrenak. Gorabeherak: Zortzigarrenez Labrit goraino bete da, sarrera guztiak agortu direlarik. Bero handia kantxan.