NAIZ

U14: Ekimenak Ipar Euskal Herrian «besta egun arrotz eta inposatua» salatzeko

Xuti Gaztek, goizean, eta U14 kolektiboak, arratsaldean, frantziar «besta egun inposatua» salatzeko ekimenak burutu dituzte ostiral honetan. Xutik ikurrinak jarri ditu frantziar erakundeen egoitzetan; U14k manifestazioa egin du eta hainbat ekintza.

Xuti Gazteko kideek ikurrinak jarri dituzte frantziar administrazioaren egoitzetan uztailaren 14a besta «arrotza eta inposatua» dela salatzeko.
Xuti Gazteko kideek ikurrinak jarri dituzte frantziar administrazioaren egoitzetan uztailaren 14a besta «arrotza eta inposatua» dela salatzeko. (Xuti Gazte)

Uztailaren 14 honetan ospatzen den frantziar egun nazionalaren karira, hainbat mobilizazio eta ekimen izan dira Ipar Euskal Herrian, besta egun hori «inposatua» eta «arrotza» dela salatzeko. 

Hala, Xuti Gazteko kideek ikurrinak jarri dituzte frantziar Administrazioak Ipar Euskal Herrian dituen hainbat erakunderen egoitzetan, frantziar Estatuaren eredua «gazteeen zapalkuntzan» oinarritzen dela salatzeko. «Gaur, uztailaren 14 honetan, Xuti Gazteko kideok besta egun inposatu honi uko egin eta gazteok burujabetza behar dugula aldarrikatu dugu», adierazi dute.

Uztailaren 14a, frantziar egun nazionala, Ipar Euskal Herriko gazteen «nahiaren aurka inposatzen» zaien «besta egun arrotza» dela adierazi dute kolektibo horretatik. Hala, gaurko ekimenaren bitartez Ipar Euskal Herriko gazteek jasandako zapalkuntza salatu nahi izan dute.

«Frantziar proiektuaren inposaketa gauzatzen duten hainbat administraziotara etorri gara, Suprefetura, Kontseilu Departamentala, epaitegi eta Hezkuntza Ikuskaritzara hain zuzen ere, eredu honi aurre egin eta Euskal Herriaren burujabetza aldarrikatzera», jakinarazi dute.

«Gazteok sistematikoki bortizkeria pairatzera kondenatu gaituzte», salatu dute. Horren ildotik, ohartarazi dute gazteek «lanik gabe edo la prekarioekin biziraun» behar dutela, ikasteko atzerrira joan behar dutela, ez dutela «etxebizitza duinik» topatzen edota beren orientazio edo identitate sexuala gorde behar dutela «erasotuak ez izateko».

Gainera, «euskaraz ezin dugu bizi». «Erran dezakegu gure beharren arabera bizitzea ezinezkoa egin digutela», adierazi dute Xuti Gazteko kideek. Horretaz gain, azkenaldian frantziar Estatutik «heldutako olatu atzerakoia» nabarmendu nahi izan dute; horien artean, erretreten erreforma, «Nahel eta beste hainbeste gazteren aurkako polizia indarkeria» edo eskuin muturreko ideien zabalpena. «Garai ilunak biziko ditugu hau aldatu ezean», ohartarazi dute.

«Horregatik, gazte abertzale eta ezkertiarrok uko egiten diogu besta egun arrotz eta zapaltzaile hau ospatzeari», nabarmendu dute Xuti Gaztetik. Horren haritik, «egungo sistemarekin hautsi eta eraldaketa Euskal Herritik bultzatu» behar dela azpimarratu nahi izan dute. «Gazteok burujabetza behar dugu», aldarrikatu dute.

Xuti Gazteko kideen arabera, «sistema honekiko menpekotasuna» gainditu eta «balore aurrerakoietan oinarrituz gazteon herria» eraiki behar dute. «Guzti horrek eramanen baikaitu lan baldintza duinak ukatzera, etxebizitza eskuragarriak izatera, etorkin gazteen harrera bermatzera edota gaztetatik euskalduntzera», adierazi dute.

Hala, helburu horiengatik borrokatzen jarraituko dutela nabarmendu dute eta gazteak elkartzeko deia egin dute ostiralean egindako ekimenaren bitartez. «Ez dugu bide hau bakarrik egin nahi, lurralde, sentsibilitate eta mota guztietako gazteekin batera egin nahi dugu, gazte guztiona izanen den proiektu baten alde», azpimarratu dute.

U14, manifestazioa Donibane Lohizunen

U14 kolektiboak, berriz, manifestazioa egin du Donibane Lohizunen «frantziar Estatuak egunerokoan eragiten digun zapalkuntza salatzeko».

«Elkartu gara frantziar besta nazionalaren aurka, eta batez ere honek irudikatzen duenaren aurka. Egun honek Frantziar iraultza irudikatzen duen heinean, ezin dugu ahantzi iraultza horrek miseria eta suntsipena baizik ez zituela ekarri gure lurretara», adierazi dute.

Azaldu dutenez, azken bi urteetan, kolektiboa sortu zenetik, «gauzak ez dira hobera joan, alderantziz baizik, etsaiaren zapalkuntzak eta asimilazioak aurrera segitzen du eta horren emaitzak argiak dira: euskararen aurkako erasoak, turistifikazio masiboa, ondarearen folklorizazioa, etxebizitzen arazoa eta gazte militanteen aurkako errepresioaren gorakada».

Egoera horri erantzuteko, U14 kolektiboko kideak «asimilazio prozesua oztopatzeko baldintzak sortzen ari gara, eremu ezberdinetan formatuz, antolatuz eta frantziar Estatua zein honen instituzioekin talka sortzen duten ekimenak bultzatuz».

Hiru geldiune

Horregatik, uztailaren 14a «erresistentziaren« adibide bilakatu nahi izan dute eta, «bide horretan, hainbat arazo» agerian uzten saiatu dira Ziburuko frotoian amaitu den mobilizazioarekin.

Adam gozotegiaren aurrean geratu da U14 kolektiboaren manifestazioa, espekulazioa salatzeko. (Patxi BELTZAIZ)

Adam gozotegia izan da ibilbideko lehen geldiunea. Kolektiboak salatu duenez, «Senperen erosketa espekulatibo baten aktore nagusia izan da azken asteetan. Horregatik argi utzi nahi izan diogu: Senpere ez da salgai! Euskal Herria ez da salgai!».

Bigarren geldiunea Donibane Lohizunen eraikitzen ari diren polizia etxean izan da. «Erran gabe doa: Polizia etsaiaren indar okupatzailea da, baita Estatu inperialista eta kapitalistaren xedea aplikatzea rol duen entitatea ere».

Azkenik, mundu gerretan hildakoen oroitarrietako bandera frantsesak kendu dituzte, «ez gerran hil direnen izenak zikintzeko xedez, baizik eta, lehen aipatu bezala, gaur egun Ipar Euskal Herriaren asimilazioarako tresna gisa erabiliak direlako».