Jon Ormazabal

Azken olatuari etekina aterata, Barrenetxea-Juaneneak irabazi dute atzelarien arteko finala

Oso zail jarri zaizkien bi set oso estu iraulita, hernaniarrak eta saldiastarrak (13-15 eta 14-15) irabazi diete euren lan ona borobiltzerik izan ez duten Azpiroz-Larrañagari.

Jarraian lortutako hirugarren txapela izan du gaurkoa Juaneneak.
Jarraian lortutako hirugarren txapela izan du gaurkoa Juaneneak. (Maialen ANDRES/ORIAMENDI)

Erakargarritasuna irabazi nahian Oriamendi egiten ari den etengabeko proben artean, urteko zitarik garrantzitsuenaren atarian, Jai Alai Summer Seasson txapelketa antolatu du enpresak, non pilotari batzuk bere konfort zonatik atera eta postuz aldatu dituen, setetara jokatutako txapelketan. Azkenerako lau atzelarik, Azpiroz-Larrañagak eta Barrenetxea IV.a-Juaneneak, lortu zituzten finalerako txartelak eta, lehia ezin estuago batean, hernaniarrak eta saldiastarrak jantzi dituzte txapelak, joko bakoitzeko azken olatuak hartu eta markagailua iraulita. Garaipen honekin, lesiotik erabat osatuta, Juaneneak buruz burukoaren aurretik sasoi ederrean dela berretsi du, Sagardoaren Txapelketa, Herriz Herri eta Jai Alai Summer Seasson torneoak eskuratu baititu hiru bikotekide desberdinekin. Endika Barrenetxeari ere ez zioten batere kalterik egingo aurrean jokatutako partida hauek bere txapelik preziatuena defendatu aurretik. Gaur azkenerako 15 tanto amaitu ditu, batez ere bigarren setean aritu da eraginkor, eta edozein lekutan ondo molda daitekeela berretsi du.

Lau erremontistek hotz xamar ekin diote partidari eta lehen jokoa gorabehera handikoa izan da bai batzuei eta bai besteei kosta egin zaie markagailuan zuloa irekitzea. Lehen set horren hasieran Barrenetxea-Juanenea joan dira aurretik baina erditik aurrera gorriak nagusitu dira, Azpiroz oso bizi aritu delako aurreko koadroetan eta Larrañagak saketik ere min egin duelako. Lau tantotako abantaila ere lortu dute 5-0 eko partzial batekin (13-9), baina ez dute lana borobiltzerik izan, hernaniarrak eta saldiastarrak sei tanto egin baitituzte jarraian lehen partziala eskuratzeko.

Bigarren seteko madarikazioa

Orain arteko lau partidetatik hirutan, lehen seta irabazi ostean bigarrena galtzea egokitu zitzaien Barrenetxea eta Juaneneari eta finalean halakorik ez errepikatzeko intentzioarekin kantxaratu dira. Hernaniarra ausart eta eraginkor aritu da aurreko koadroetan eta helburua beteko zutela zirudien 3-7 aurreratu direnean. Lehen jokoan bezala, ordea, gorriek erreakzio bikaina izan dute, Larrañagaren sakean oinarrituta eta seta orekatzeaz harago, aurretik jartzea ere lortu dute azkoitiarrak jarraian ateratako hiru sake bikainei esker. Hirugarren jokoa gertu izan dute, lehen jokoan baino are gertuago, 14-10 aurreratuta, baina, beste behin, amaitzea falta izan zaie. Geratzen zitzaien atsedenaldia eskatuta, aurkarien erritmoa hautsi du Juaneneak, Azpirozek sarean kateatuta hatz batean min hartzeak ere ez die batere mesederik egin gorriei eta Saldiasekoak sakearekin ere asmatuta, ezinezkoa zirudien partzial batekin, txapela eskuratu dute.

FITXA TEKNIKOA

Azpiroz-Larrañaga: 0

Barrenetxea IV.a-Juanenea: 2

Pilotakadak: 316. Iraupena: 53,43 minutu. Markagailua: 13-15 eta 14-15. Egindakoak: 13 Azpirozek, 8 Larrañagak, 15 Barrenetxea IV.ak eta 11 Juaneneak. Galdutakoak: 13 Azpirozek, 8 Larrañagak, 15 Barrenetxea IV.ak eta 11 Juaneneak. Gorabeherak: Sarrera polita Galarretan, betekadatik urrun, gauez jokatutako jailadian.