Katedratikoz beteta, Markinako Uni-an jokatutako partida guztiek izaten dute eskakizun berezi bat, zer esanik ez Karmen egunean frontoia mukuru beteta dela eta baldintza berezi horietan sendoagoak izanda lortu dute Barandika-Basquek bertako Grand Slamean gailentzea, final lehiatu eta gogor batean Erkiaga eta Ibarluzea herriko semeari hiru setetan gailenduta (15-11, 9-15, 5-2). Bezperan etxeko Master Seriesetako finalerdietarako bidea ondo bideratuta eta Markina-Xemeingo txapela jantzita, Gernikako aurrelaria sasoi ederrean heldu da lanak pilatzen ari zaizkion udako sasoi honetara.
Lehen seta hotz xamar hasi da, aukeran huts gehiegirekin, baina hasieratik nabaritu da gorriak gehiago izan direla piloteoan. Pilota motelarekin, Barandika eta Basqueren eskuinean beste abiadura bat zegoen eta Erkiagari kosta egin zaio aukerako pilotak izatea erasora pasatzeko. Hala, lehen atsedenaldira eroso xamar heldu dira gernikarra eta lapurtarra, 8-4, baina etenak ez die batere mesederik egin. Handik bueltan, falta bat egin du Barandikak, bi saketan pasa eginda, eta garesti ordaindu dute.
Aitaren batean Erkiaga-Ibarluzeak partida zortzina berdintzea lortu dute, baina euren kalterako, lehen jokoak ia abiadura berean egin die ihes. Konturatzerako, ezer berezirik egiteke, Barandika-Basquek lehen jokoa ixtea lortu dute 11-15.
Gidoi aldaketa
Bigarren jokoa oso desberdina izan da lehen pilotakadatik. Pilota biziagoarekin, Ion Ibarluzea askoz erosoago aritu da, akats kopurua asko gutxitu du eta, azpitik jokatuta, baita piloteoan nagusitu ere. Gauzak horrela, hasieratik hartu dute markagailuaren kontrola. 1-4 aurreratu dira eta Barandika-Basque 7-6 gerturatu badira ere, ondo kudeatu dute set hasieratik hartutako alde hori. Gainera, 6-8koan Barandikak bere bosgarren pasa egin du eta horrek ez dio batere lagundu hortik aurrerakoan (9-15).
Final gogorra hirugarren jokoan erabaki da eta inertziak berriro ere aldatu dira zati erabakigarrian. Zestan sakeak ez du beste modalitateetan besteko abantailarik ematen, are gutxiago pasa kopurua agortuta izanda, baina honek ez ditu Barandika-Basque geldiarazi. Falta bat ere egin du gernikarrak 1-1ekoan baina orokorrean askoz bikote sendoagoa osatu dute azken txanpan eta merezita lortu dute bizkaitarrak eta lapurtarrak (5-2).