NAIZ

Bost pertsona salatu dituzte sanferminetan baimendu gabeko droneak erabiltzeagatik

Dronen bost gidari salatu dituzte aurtengo sanferminetan baimenik gabe hauek hegan egiteagatik. Su artifizialetan edo entzierroan harrapatu dituzte ibilgailuak, Polizia espainiarraren arabera.

Dronen bost gidari salatu dituzte aurtengo Sanferminetan baimenik gabe hauek hegan egiteagatik.
Dronen bost gidari salatu dituzte aurtengo Sanferminetan baimenik gabe hauek hegan egiteagatik. (Iaigo Uriz | Foku)

Bost pertsona zehatu dituzte Iruñeko sanferminetan droneak baimenik gabe erabiltzeagatik. Polizia espainiarraren arabera, horietako bi su artifizialen bitartean antzeman zituzten. Horretaz gain, beste bat entzierroaren ibilbidearen gainean hegan egiten saiatu zela jakinarazi dute.

Ekintza jendetsuen gainean baimenik gabeko hegaldiak ekiditeko helburuarekin martxan jarri zuten polizia-dispositiboen bitartez antzeman zituzten airezko ibilgailu hauek. Zehatutako drone baten gidariak edari alkoholdunen eragina zuela jakinarazi dute; hain zuzen ere 0,59mg/l-ko alkohol-tasa zuen, momentuan egindako probaren arabera. Poliziak jakinarazi du «guztiz debekatuta» dagoela alkohola kontsumitzean droneak gidatzea.

Hala ere, aurten drone gutxiago hauteman dituztela jakinarazi du Poliziak. Horretaz gain, zehaztu dute 14 aire baliabideetako espezialista arduratu direla jaietan zehar baimendu gabeko droneak antzemateaz. Gehien bat jende asko pilatu behar zen ekintzetan martxan jarri dute dispositiboa; horien artean, txupinazoa, entzierroa, prozesioa edo su artifizialak.

Hori dela eta, gehien bat entzierroetan eta su artifizialetan poliziak hainbat drone eta helikopteroen bitartez kontrolatu dute horrelako ibilgailuak ez ibiltzea. Erabilitako teknologien bitartez, zuzenean airean zeuden ibilgailuak hautemateko eta gidaria identifikatzeko gaitasuna izan zutela zehaztu dute.