NAIZ

Asiloa nabarmen murrizten duen immigrazioaren aurkako lege bat onartu du Erresuma Batuak

Rishi Sunak buru duen Gobernuaren ekimenez, asilorako eskubidea nabarmen murrizten duen immigrazioaren aurkako lege polemikoa onartu du Parlamentu britainiarrak. Nazio Batuen Erakundeak ohartarazi du testua errefuxiatuen inguruko nazioarteko zuzenbidearen aurka doala.

Rishi Sunak lehen ministroa, Erresuma Batuko mugetako agentziaren ontzi batean.
Rishi Sunak lehen ministroa, Erresuma Batuko mugetako agentziaren ontzi batean. (Yui Mok | PA WIRE | DPA)

Britainiar Parlamentuak onartu berri duen immigrazioaren aurkako legea Rishi Sunak lehen ministro kontserbadorearen politiken oinarrietako bat da, migrazio irregularraren aurka borrokatzea lehentasunezkoa zela esan baitzuen boterera iritsi zenean, eta Mantxako kanaletik iristen diren migratzaileei bidea itxiko ziela agindu baitzuen.

Britainiar lurraldera legez kanpo iristen diren migratzaileek ezingo dute herrialdean asilorik eskatu, testuan esaten denez.

Gainera, pertsona horiek berehala atxilotu eta kanporatu nahi ditu Gobernuak, izan beren jatorrizko herrialdera edo Ruanda bezalako beste batzuetara, datozen lekutik datozela.

Lege-proiektuak asteak eman zituen blokeatuta Legebiltzarrean, Lorden Ganberak zuzenketa ugari eskatu baitzituen adingabeen atxiloketak murriztu eta esklabotza modernoa dakarten jardunak saihesteko asmoz. Azkenik, astearte goizaldean onartu dute legea eta orain Karlos III.a erregeak berretsi beharko du.

NBEren kritikak

Nolanahi ere, kritika ugari jaso ditu legeak, tartean Nazio Batuen Erakundearen aldetik. Izan ere, NBEk uste du kontraesana dagoela onartutako testuaren eta giza eskubideen eta errefuxiatuen inguruan nazioarteko zuzenbideari dagokionez Erresuma Batuak dituen betebeharrekin.

Testuak «ondorio sakonak» izango ditu «nazioarteko babesa behar duten pertsonengan», Volker Türk Giza Eskubideetarako Goi Komisarioak eta Filippo Grandi Errefuxiatuentzako Goi Mandatariak ohar bateratu batean salatu dutenez.

Nabarmendu dute, era berean, migratzaileek ez dutela, «inolako bermerik izango herrialdean babesa jaso ahal izateko».

2022an, 45.000 migratzaile baino gehiagok Mantxako kanala zeharkatu zuten, batez ere Estatu frantsesetik, ontzi txikietan. Aurten, 13.000tik gora izan dira. Lehen hiruhilekoan, gehienak afganiarrak ziren.

Asiloa eskatzeko «itxarote-zerrenda» ez errespetatzea leporatu die Gobernuak migratzaile irregularrei, herrialdera «bide seguruetatik» edo legezkoetatik iristen direnen kaltetan. Hala ere, «gerratik edo jazarpenetik ihes egiten duten pertsona gehienek ez dute pasaporteak edo bisak bezalako dokumentuetarako sarbiderik», erantzun du NBEk: «Bide seguru edo legezkoak oso gutxitan daude eskuragarri pertsona horientzat».

Iaz, Erresuma Batuak akordio bat lortu zuen Ruandarekin paperik gabeko migratzaileak hara bidaltzeko, baina oraingoz ez dute inor kanporatu. Itun horren esparruko aurreneko «lotsaren hegaldia» 2022ko ekainean egitekoa zen, baina bertan behera utzi zuten, Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren (GEEA) erabaki baten ondorioz.

Ekainaren amaieran, justiziak proiektu hori legez kanpokotzat jo zuen, baina Gobernuak epaia errekurritu zuen. Eliza anglikanoko buru espiritualak, Canterburyko artzapezpiku Justin Welbyk, Lorden Ganberako kide ere badenak, adierazi zuenez, «ez du ikusten nola amaitu ahal izango duen lege horrek migratzaileen ontzien etorrerarekin». «Ez dut entzun konbentzitu nauen ezer», esan zuen eztabaidan.

Bestalde, 500 asilo-eskatzaile inguru pontoi batean jarriko dituzte, portu ingeles batean lotuta, hoteletako ostatu-kostuak murrizteko.

Ontzia, ‘Bibby Stockholm’ izenekoa, asteartean iritsi zen Portlandeko portura, Ingalaterrako hegoaldean. Gobernuz kanpoko erakundeek gogor kritikatu dute urrats hau, «espetxe» gisa definitu baitute pontoia.