Athleticen lehen taldeak Mexikon jarraitzen du eta denboraldiaurreko bigarren partida jokatuko du ostegun goizaldean. Gaueko 21.00etan abiatuko da norgehiagoka Aguascalientes herrian, goizaldeko 5.00ak izango dira Euskal Herrian, eta talde zuri-gorriaren youtube kanalaren bidez emango dute zuzenean. Necaxa taldearen ehun urteak ospatzeko antolatu da lagunartekoa eta Victoria estadioan jokatuko da.
Athleticek eta Chivasek bezala, kolore zuri-gorriak eramaten ditu soinean Necaxak. Bigarren kamiseta estreinatzeko aproposa izan daiteke partida. Klub bilbotarrak gaur aurkeztu ditu erropa berriak eta urdin argiak izango dira. Castore marka ingelesaren diseinu berria da eta atezainek more koloreko jantzia izango dute. Kamiseta zuri-gorriak bezala, 70 euro baliko ditu umeen kamisetak, 85 euro gizon eta emakume nagusientzat egindakoak eta 90 euro mahuka luzeak dituztenak.
Bira berezia izaten ari da Athleticentzat, Mexikoren eta Euskal Herriaren artean harreman handia baitago aspalditik eta hiriburuko euskal etxetik ere igaro da Jon Uriarte presidentea. Aldi berean, Alex Padilla atezain gazteak familiarekin bizitzeko aukera izan du, bere ama mexikarra baita, eta klubak zabaldutako elkarrizketa batean beren emozioak azaldu dituzte.
😊 Istorio hunkigarriak.
— Athletic Club (@athletic_eus) July 18, 2023
Alex Padilla eta bere familia, Mexikon bizi dena, pozik ari dira gozatzen atezainaren presentziaz bira honetan.
🇲🇽 Lehoiak bere lehen zazpi urteak eman zituen bertan. Orain, bere familiarekin batera, ametsa zena egia bilakatzen ari da.#AthleticClub 🦁 pic.twitter.com/4qqzBdX5sA
Bestalde, Ernesto Valverdek proba ezberdinak egiteko erabili zuen Chivasen aurkako partida eta laugarren erdiko atzelariaren bila dabilela onartu zuen. 24 jokalarirekin geratu nahi du, gehienez, entrenatzaile zuri-gorriak eta irteerak egongo direla aurreikusi daiteke. Unai Vencedor erdilariak, Javier Marton aurrelariak edo defentsaren ezker hegaletik jokatu zuen Jon Morcillok oso zaila izango dute toki bat egitea.
Baita Alex Petxarroman donostiarrak ere. Chivasen kontra bigarren zatian zelairatu zen eskuin lateral bezala. Andorran utzita egon zen joan den denboraldian eta, lesioek baldintzaturik, ezin izan zuen asko jokatu. Hala ere, bertako kirol zuzendariak argi utzi zuen hurrengo denboraldian ere Andorran nahi dutela. Komunikabideen aurrean aurreratu zuenez, Athleticekin negoziatzen ari dira. 2021eko udan iritsi zen talde zuri-gorrira Petxarroman eta hiru urtetarako kontratua sinatu zuen. 26 urte ditu, Marcelinorekin 19 partida jokatu zituen talde zuri-gorriarekin eta iaz 13 Andorrarekin.