NAIZ

Indarkeria matxistaren inguruan kontzientziatzeko kanpaina abiaraziko dute Gasteizko jaietan

Santiago egunean eta Andre Mari Zuriaren jaietan indarkeria matxistaren kontrako kanpaina abiaraziko dute Gasteizen. Jaiegunetan izango diren «gune moreetan» ‘tatooak, mugikorrak eramatekoak eta jaietako zapiak banatuko dituztela jakinarazi du Ana Lopez de Uralde Gasteizko berdintasun zinegotziak.

Santiago egunean eta Andre Mari Zuriaren jaietan indarkeria matxistaren kontrako kanpaina abiaraziko dute Gasteizen.
Santiago egunean eta Andre Mari Zuriaren jaietan indarkeria matxistaren kontrako kanpaina abiaraziko dute Gasteizen. (Gasteizko Udala)

Indarkeria matxista ekiditeko egitasmo zehatzak zehaztu ditu Gasteizko Udalak Santiago eguna eta Gasteizko jaietarako. Jaiegunetan gaiaren inguruko kontzientzia hartzeko «hainbat baliabide» banatuko dituztela jakinarazi du Ana Lopez de Uralde Gasteizko berdintasun zinegotziak.

«‘Tatooak’, mugikorrak eramatekoak, Andre Maria Zuriaren jaietako zapiak eta txartel-zorro (flyer) bat banatuko dira», zehaztu du Lopez de Uraldek. Baliabide hauek «gune moreak» deiturikoetan egongo direla azaldu du.

Zinegotziaren arabera, Santiago eguneko bezperan Aiztogile eta San Frantzisko kaleetako bidegurutzean izango da gunea, arratsaldeko 20.00etatik gauerdira arte. Bestalde, Andre Mari Zuriaren jaietan «gune morea» Posta eta Independentzia kaleen artean kokatuko dela adierazi du Lopez de Uraldek. Abuztuaren 4an 17.00etatik 23.00etara, eta abuztuaren 5etik 9ra 18.00etatik 22.00etara egongo dela jakinarazi du.

«Jarduera hauen bidez, Gasteizek indarkeria matxistaren prebentzioarekin eta horren inguruko esku-hartzearekin bere gain hartutako konpromisoan beste aurrerapauso bat eman dugu», azaldu du zinegotziak. Gainera, gune hauetaz gain, jaiegunetan gerta daitezkeen eraso matxisten aurrean «jarduera plan espezifikoa» ezarri dutela jakinarazi du Lopez de Uraldek. Hori dela eta «24 orduz arreta zerbitzuak» eskuragai izango dira edozein erasoren aurrean.

«Indarkeria matxista ez da soilik eraso fisikoa edo sexuala. Ukituak, baimenik gabeko muxuak, hitz edo begirada iraingarriak ere indarkeria matxista dira. Sexu-harremanak lortzeko larderia edo xantaia, irainak edo keinu LGTBIfobikoak… horiek ere indarkeria matxista dira», azpimarratu du Lopez de Uraldek.

Ana Lopez de Uraldek aurkeztutako kanpaina udan zehar indarkeria matxistaren kontra martxan jarri den kanpainaren barnean kokatu du zinegotziak. Ekainean hiriko igerilekuetan indarkeria matxista prebenitzeko abiarazi zen kanpaina amaitu berri dela gogoratu du.

Horretaz gain, hainbat auzotako jaietan «gune moreak» ezarri direla adierazi du: «Judimendiko eta Zabalganako jaietan informazio puntua egon da, eta gauza bera gertatuko da irailean ospatuko diren Zaramagako jaietan ere», zehaztu du zinegotziak.