Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Humanitateak, Kultura, Arteak eta Gizarte Zientzien Saria Curriculum nabarmenari jaso du ostegun honetan Kirmen Uribek, Bilbon egindako ekitaldi batean.
Uribe euskararen eta euskal kulturaren enbaxadore nagusietako bat dela adierazi zuen Eusko Ikaskuntzak saria nori emango zion jakinarazi zuenean. ‘Bilbao-New York-Bilbao’ da idazlearen eleberri ospetsuena, baina ez da izan hori egin duen lan esanguratsu bakarra, tartean baitaude hastapenetako ‘Bitartean heldu eskutik’ poema liburua edo ‘Izurdeen aurreko bizitza’ azken nobela.
Epaimahaiak aipatu zuenez, «gure hizkuntza, balioak eta bizimoduak gure mugetatik haratago zabaltzea lortzen duen diplomaziaren adierazgarri dira haren lana eta nortasuna. Eta umiltasunetik, naturaltasunetik eta sortzeko independentziatik abiatuta, idazlea gai da dimentsiorik intimoena eta kultura komunitate gisa munduaren aurrean dugun presentziaren inguruko hausnarketa existentzialista uztartzeko».
Uriberen lanak hogeiren bat hizkuntzatara itzuli dituzte. Bere ospea Txina edo Japoniaraino iritsi da, eta plazaratu dituen eleberriak urteko onenen artean daude herrialde horietan. Unibertsitateko 500 bat ikasketek bere obraz hitz egiten dute. Beste genero batzuk ere landu ditu, hala nola poesia, saiakera, haur eta gazte literatura, musika baita arte plastikoak ere.
Gazte Saria
Bestalde, 35 urtetik beherako ikertzaile eta sortzaileei zuzenduta dagoen Gazte Saria Beñat Garaio Mendizabal gasteiztarrak jaso du, euskara biziberritzeko prozesuen eta Zeelanda Berriko hizkuntza indigenaren arteko azterketa konparatiboagatik.