NAIZ

Aaron eta Lopezek bizirik jarraitzen dute Grand Slamean Erkiaga eta Del Riori irabazita

Kitarakoan eta tanto bakarreko aldeaz bada ere, lehiaketan aukerekin jarraitzen dute. aldiz, Erkiagak eta Del Riok nahitaez irabazi beharko dute Olharan eta Lekerikaren aurka. Bestalde, Iñaki Osa Goikoetxeak eta Manzik hankapean erabili dituzte Urko eta Basque.

Aaron eta Lopez, gustora garaipena lortu berritan.
Aaron eta Lopez, gustora garaipena lortu berritan. (JAI ALAI NEWS)

Emozio itzela bizi izan da Gernikako Grand Slameko bigarren jardunaldian. Aaron eta Lopezek garaipena behar zuten txapelketan aurrera jarraitzeko, edo gutxienez aukerak izateko. Kitarako setean eta azken tantuan lortu dute jarritako helburua: Aaron gasteiztarra Erkiagaren sakera sartu da eta amaitzen asmatu du arabarrak, sahietseko posturan tantoa sartuta. Ez daude finalerditara sailkatuta baina estuasun handia pasa ostean, bizirik atera dira Katedraletik. Datorren astean erabakiko da guztia. Olharan-Lekerika eta Erkiaga-Del Rioren arteko hil ala biziko neurkaren ondotik.

Partidan hiru tanto aurretik jarri dira Erkiaga eta Del Rio baina era berean, nabarmen geratu da elkarrekin jokatzen lehen aldia zutela. Gorriak ez dira erabat koordinatu eta egoera hori baliatu dute urdinek. Hala 15-13 eraman dute lehenengo seta Aaron eta Lopezek.

Bigarrenak aldiz, ez du izan kolorerik. Erkiagak erremate festa eskaini du. Arnasa hartzen ere ez die utzi aurkariei. Isparterko aurrelariaren ekimenari esker, 15-5 nagusitu dira Erkiaga eta Del Rio. Baina kitarakoan hasieran azken orduan galdurako lehengo set hori garesti ordaindu dute gorriek. Bost tantura erabaki da partida, eta urdinak aurretik hasi dute kitarakoa. Erkiagak eta Del Riok berdinketa lortu dute (4-4), Aritzek azken sakea ere atera du, baina han topatu du Aaron, pilota saskian sartu, errematatu eta partida irabazteko (4-5).

Goikoetxea eta Manzi, nagusi

Bestalde, jaialdiko lehen partidan Goikoetxea eta Manzi nagusi izan dira, nahiz eta 8-3 jarri diren aurretik urdinak, Urko eta Basque. Hasierako tantoetan Basquek errebesez menpean izan du Manzi mutrikuarra eta Urko ere oso seguru aritu da, aurrean ere pare bat hormabiko eginez. Baina pilota bizitu denean bukatu dira urdinen aukerak. Goikoetxeari errebotean sartzen utzi dio Manzik eta zumaiarrak kantxatik kanpora atera ditu urdinak, lehenen go seta 15-11 erabakiz gorrientzat.

Bigarren setean haizea alde topatu dute hasiera hasieratik Iñaki Osa Goiekoetxeak eta Manzik. Mutrikuarra oso seguru aritu da eta Goikoetxea ere ondo, piloteoan bezala errematean ere, eta 15-4 egurra emanda nagusitu dira.

Beraz, datorren larunbatean A multzoko lehen eta bigarren postuak erabakiko dira: Barandika eta Zabala, Goikoetxea eta manziren aurka.

B multzoan, berriz, hiru bikoteak daude bizirik baina Aaronek eta Lopezek besteek zer egin zain egon beharko dute: Olharan eta Lekerikak Erkiaga eta Del Rio izango dituzte aurrez aurre. Kasu honetan, Ispasterko aurrelariari eta Gasteizko atzelariari garaipenak soilik balio die.