NAIZ

Sebas Etxaniz preso ohia hil da, 79 urterekin utzi zuten libre baldintzapean

Sebas Etxaniz preso ohia hil egin da. Elgoibartarrak 79 urte beteak zituenean lortu zuen baldintzapeko askatasuna joan den apirilean. Espetxealdiko azken urteetan epaileen zentzugabeko erabakien kontrako borrokaren sinbolo bilakatu zen Etxaniz.

Sebas Etxaniz preso ohia hil da.
Sebas Etxaniz preso ohia hil da. (NAIZ)

Sebas Etxaniz preso ohia hil egin da. Hogei urte eta erdi espetxean eman ondoren, 79 urte beteak zituelarik, baldintzapean aske utzi zuten elgoibartarra joan den apirilean.

Une horietan Euskal Preso Politikoen Kolektiboko kiderik zaharrena zen Etxaniz. 2020ko uztailetik hirugarren graduan zegoen, 2019an zigorraren hiru laurdenak bete zituelarik.

Kartzelan eman zituen azken urteak borroka judizial luze batek markatu zituen, epaileen ebazpen zentzugabeen kontrako jardueraren sinbolo bihurtu zelarik.

Behin baino gehiagotan ukatu zitzaion hirugarren gradua, aurrez tarteka ateratzeko baimenik izan ez zuelako. Eta baimenak, aldiz, hirugarren graduan ez zegoelako ukatzen zizkioten.

2020an eskuratu zuen hirugarren gradua, baina 2019an eskakizuna egin eta ukatu ostean. Izan ere, oztopoak izan ditu parez pare Etxaniz urteetan. Izan ere, 1995eko Zigor Kodea ere urratu zuen epaileak. Zigor Kode horrek 70 urtetik gorako presoak hirugarren gradura igarotzera jasotzen zuen, «haien arriskugarritasun eskasarengatik».

Espetxe Zaintzako Epaiteko Zentralaren erabaki batek argi eta garbi uzten du Etxaniz eta beste presoen kontrako epaileek nola tematu ziren. ETAren disoluzioa ez zuten nahikotzat ikusi erakunde bateko kidea izateari uzteko.