Ion Salgado

PSEk, EH Bilduk, PPk eta EAJk diputatu bana lortu dute Araban

PSE lehen indarra izan da Araban igande honetan izandako hauteskundeetan. Dena den PSEk, EAJk, EH Bilduk eta PPk diputatu bana izango dute Kongresuan. Sumar alderdiak ez du eserlekurik lortu. [Arabako emaitzak hemen]

Daniel Senderos PSEko hautagaia, botoa ematen.
Daniel Senderos PSEko hautagaia, botoa ematen. (PSE)

PSEk, EH Bilduk, PPk eta EAJk diputatu bana lortu dute Araban. Inkestek egindako aurreikuspenek zioten bezala, Sumarrek ez du eserlekurik izango Kongresuan hasiko den legealdian.

Lehen indarra PSE izan da, eta Daniel Senderos Madrilgo Kongresuan izango da berriro. PSEk Gasteizen, Iruña Okan, Dulantzin, Zanbranan eta Oionen irabazi du, beste hainbat udalerrien artean. Eta lehen indarra izan da Arabako Errioxan dagoen Bastidan ere.

Iñaki Ruiz de Pinedo EH Bilduko zerrendaburua ere Madrilgo Kongresuan izango da ere. Subiranistek hobetu egin dituzte duela lau urte lortutako emaitzak, eta bigarren indarra bilakatu dira Araban.

Gainera, lehen indarra izan dira Laudion, Zuian, Zigoitian, Kanpezun, Urizaharran, Bernedon, Añanan, Kuartangon, Aramaion, Legution eta Lautadako udalerri gehienetan. Aipatzekoak dira Amurrion, Arabako hirugarren udalerri handienean, lortutako emaitzak, lehen indar politikoa bilakatuz.

PP izan da boto gehien lortu dituen hirugarren alderdia. 2019ko hauteskundeetan PPk ez zuen diputaturik eskuratu Araban. Baina Javier Maroto Gasteizko alkate ohiak galdutako eserlekua Javier de Andres Arabako ahaldun nagusi ohiak berreskuratu du igande honetan.

Alderdi eskuindarrak irabazi du Guardian, Lantaronen, Ekoran, Mañuetan, Armiñonen eta Erriberabeitian, Arabako hegoaldean.

Aipagarria da EAJren jaitsiera. Duela lau urte garaipen argia lortu zuen Araban, 40.000 boto eskuratuz. Oraingoan ia 28.000 boto lortu ditu. Gasteizen, adibidez, 10.000 boto inguru galdu dituzte jeltzaleek, 2019ko datuekin alderatuz.

Irabazi dute Aiaran, Okondon, Gaubean, Erriberagoitian, Berantevillan, Arraia-Maeztun, Haranan, Burgelun, Lagranen eta Araba Errioxako zenbait herrietan, haien artean Eskuernagan, Lantziegon eta Kripanen.

Nabarmena da halaber Yolanda Diaz buru duen koalizioaren porrota, izan ere 2016an eta 2015ean egindako hauteskundeetan Ahal Dugu lehen indarra izan zen Araban. Oraingoan Sumar bosgarren indarra izan da.  

Duela lau urte Ahal Dugu lehen indarra izan zen Trebiñun eta Argantzonen, baina Sumarrek ez du garaipena lortu. PSOEk irabazi du Arabaren erdian dauden bi udalerri hauetan, gaur egun Burgosen menpe daudenak.   

Senatari subiranista

Senatuari dagokionez, EH Bilduk ezarritako helburua lortu du eta Arabak lehen aldiz izango du senatari subiranista bat: Josu Estarrona.  

PSEk hiru senatari lortu ditu, eta EAJk, berriz, galdu ditu zituenak.