Ion Salgado

Otegi: «Gure herriak oso argi utzi du ez dituela Vox eta PP nahi, eta bere hitza beteko dugu»

Otegik azpimarratu ditu EH Bilduk igande honetan lortutako emaitzak. Izan ere, 55.000 boto gehiago lortu ditu 2019rekin alderatuz. Dioenez, herritarrek «sentitzen dute EH Bilduren aldeko botoa baliagarria dela beraien bizitzak hobetzeko eta eskubide nazionalak eta sozialak konkistatzeko».

EH Bilduren agerraldia Donostian.
EH Bilduren agerraldia Donostian. (Jon URBE | FOKU)

«Gero eta jende gehiagok konektatzen eta sentitzen du EH Bilduren aldeko botoa, bere proiektu politikoaren aldeko botoa, baliagarria dela beraien bizitzak hobetzeko eta eskubide nazionalak eta sozialak konkistatzeko». Hala adierazi du Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak astelehen honetan Donostian egindako agerraldian. Bertan gogoratu duenez, espainiar Estatuan bakarrik hiru alderdik egin dute gora boz kopuruan: PPk, PSOEk eta EH Bilduk.

Amaiurrek 2011eko azaroan lortutako emaitzak gainditu ditu igande honetako hauteskundeetan EH Bilduk, eta duela lau urteetako emaitzekin alderatuz 55.000 boto gehiago jaso ditu. Otegiren esanetan, horrek agerian utzi du Hego Euskal Herriko herritarrek saritu izan dutela subiranistak egindako lana. «Baloratu egin dute gure koherentzia eta lan politiko egiteko era», adierazi du.

Nabarmendu duenez, maiatzaren 28an EH Bilduk «urrats inportantea» eman zuen  ta oraingoan «berriz ere ezker independentista indartu baten aurrean gaude».

«Bloke erreakzionarioaren porrota»

Halaber, Otegik ohartarazi du euskal herritarrek argi utzi dutela «espainiar Estatuan gobernu faxistarik ez dutela nahi». «PP eta Voxen aukera uxatu nahi duen herri bati buruz hitz egiten ari gara», gaineratu du, eta ideia hori alderdiek kontutan izan behar dutela azpimarratu du.

Zentzu honetan, nabarmendu du «bloke erreakzionarioaren porrot baten aurrean gaudela», eta «oraindik ere aukera leiho bat irekia dagoela espainiar Estatuan beste motatako alternatiba eraikitzeko».

«Egia da zailtasun handiak daudela, baina gure herriak oso argi utzi du ez duela nahi inondik inora ere PP eta Voxeko gobernu bat espainiar Estatuan; eta guk gure herriari emandako hitza beteko dugu», esan du.

«Aukera leihoen» aldeko apustua

Gogoratu duenez, kanpainan EH Bilduk iragarri du «balantza antifaxismora, burujabetzara eta ezkerrerantz» mugituko zuela, eta errepikatu du «gure esku izanez gero eskuina eta eskuin muturrak» ez duela gobernatuko. 

«Gurean ez dago espekulaziorik ezta distantziakidetasunik. Aukera baldin badago, guk aukera leihoen aldeko apustua egingo dugu eta bloke erreakzionarioa aldenduko dugu boteretik espainiar Estatuan, Euskal Herrian egiten dugun bezala», ohartarazi du.