NAIZ

Greta Thunbergek isuna jaso du erregai fosilen kontrako protesta batean parte hartzeagatik

Greta Thunbergek, klimaren aldeko aktibistak, kartzela zigorra saihestu du baina isuna ordaindu beharko du, protesta batean atxilotua izateari uko egiteagatik. Suedian erregai fosilen kontrako protesta batean parte hartu zuen eta ez zituen poliziaren aginduak bete, hauen esanetan.

Thunberg, epai-aretora sartzeko zain.
Thunberg, epai-aretora sartzeko zain. (Andreas Hillengren | AFP)

Greta Thunbergek isuna jaso du astelehen honetan Malmö hirian (Suedian), uda hasieran erregai fosilen kontra egindako protesta dela eta. ‘Take back the Future’ izeneko taldeak Malmö hiriko petrolio porturako sarbidea itxi zuten eta poliziaren arabera, ez zituzten bete hauen aginduak. Hori dela eta, Thunbergeri desobedientzia leporatu zioten.

«Egia da han egon nintzela eta emandako agindua ez nuela entzun», azaldu du klimaren aldeko aktibistak. Akusazioak adierazi du «uko egin ziola errepidetik joateari». Thunbergek bere kargu utzitako «delitu guztiak» ezeztatu ditu.

Lehenengo epaiketan Thunbergek kartzela zigorra saihestea lortu du, baina isuna ordaindu behar duela jakinarazi du tribunalak. 30 egunetan 50 koroetako (4,3 euroko) isuna ordaindu beharko duela jakinarazi du. Horretaz gain, Suediako komunikabideen arabera, beste 1.000 koroa (86 euro) ordaindu beharko ditu, krimenen biktimen fondo batera bideratuko direnak.

Thunbergek adierazi du ekintza «krisi klimatikoaren larrialdia dela eta» burutu zutela. «Krisialdi klimatikoak bizitza, osasuna eta jabetza arriskuan jartzen du», azaldu du Thunbergek. Hori dela eta, aktibistak jakinarazi du ekintza «beharrezkoa» izan zela.

Froga moduan, fiskaltzak bideo bat aurkeztu du, non ‘Take back the Future’ taldeko zenbait kidek –horien artean, Greta Thunbergek– errepidea mozten duten. Horren bitartez, petrolio portura zihoazen kamioak bertatik igarotzea saihestu zuten. Bideoan ere azaltzen da nola polizia batek kentzeko agintzen dien.

«Ikusleak ez izatea eta gure kabuz erregai fosilen azpiegitura gelditzea erabaki genuen. Gure etorkizunagatik borrokatzen dugu», adierazi du Thunbergek sare sozialen bitartez. Ikerketen arabera, galdeketan zehar ez du inolako deklaraziorik egin.